“Komedia zaleak gara baina drama besarkatzen dugun momentuak ere badaude”
Entrevistas / Kristonak

“Komedia zaleak gara baina drama besarkatzen dugun momentuak ere badaude”

Izkander Fernández — 11-02-2023

Urtarrileko larunbat goiz epel honetan Lemoatik Dimara noa Pello Artabe eta Peio Artetxe Santuru parean elkarrizketatzeko. Kristonakeko ahotsa eta baxu-jotzailea lokalaren atarian daude. Artabe Arantzazukoa da. Artetxe, Areatzakoa. Biek, Alex Harillo eta beste bi kiderekin batera, Eskean Kristo sortu zuten joan den hamarkadaren hasieran. Eskean Kristö Arratiako gizarteak mendeetan zehar bere buruari ezarri dion kontrol sozialari ezarritako lehen erronka eraginkorra izan zen. Kontrol sozial madarikatu eta gogor hori isolamendu geografikoaren eta katolizismo sustraituaren ondoriotzat uler daiteke.

Eskean Kristok haize freskoa eta arratiar kultura zaharkituaren aurkako beharrezko eraso zuzena ekarri zituen. Riffak eta bateriak aplikatu zizkioten tradizioan itota zegoen ehun kultural bati, non lotsaren beldurrez inor edo ia inor ez zen mugitzera ausartzen. Kapitulu hori alde batera geratu zen taldearen lehen bi diskoen kaleratze ikusgarrien ondoren. "Eskean Kristö"-k (2012) eta "Azote Kaldüz"-ek (2014) ipurdian ostiko zehatz bat eman ondoren lotsa guztiak amildegitik behera bidali zituzten. Ausardia eta lotsagabekeria izan ziren motorra, eta gitarra klasikoz betetako rocka, ibilgailua. Nahasketa perfektua arratiar monotonia sekular, gris eta metodikoa hausteko.

"Beste belaze batzuetan gozoan" (2018) diskoarekin amaitutako goranzko aldi baten ondoren, 2020an, boskoteak asmo handiko plan bati ekin zion, baina zoritxarrez pandemiak ekarritako erabaki kontraesankorren eta debekuen itsaso horretan itota hil zen. Eskean Kristö aparkatuta geratu zen, izan ere, kide bakoitza Euskal Herriko punta batean bizi zen. Ahal izan zuen moduan biziraun zuen zorigaitzaren atzean ezkutatzeko gai izan gabe.

Iazko abenduaren hasieran, taldeak bere lehen diskoa kaleratu zuen Kristonak izenarekin: "Ahobetehortz". Konposizioan izugarri aberatsa eta arriskuan ausarta den diskoa honek taldearen aurrerapauso berri bat suposatzen du gitarren kontzeptuaren barruan. Estetikak ez diezazula ikusmena lausotu. Komedia absurdoaren azal horren azpian Kristonak abesti bikainak eta letra zehatzak idazteko makina aparta da. Beraiek zalantzan jarri zuten arren Eskean Kristok, orain Kristonak, bizirik diraute.

Zergaitik taldearen izen aldaketa?
Eskean Kristoren izena behin-behinekoa izaten hasi zen eta behin betiko geratu zen. Gero, pandemiarekin oso momentu gogorrak bizi izan ditugu taldearen barruan. Kataklismo asko bizi izan ditugu. Baina prozesutik asko ikasita irten garela esan genezake; eta horren ondorio berpizte bat eta adrenalina-txute bat behar genuen eta, hortik dator izen aldaketa.

Bizirik gaude? Danok? Zuek? Gu?
Gu behintzat bai, gu bizirik gaude. Asmoen adierazpen bat da eta jendeari ozen esan nahi diogun gauza bat da, baina baita gure buruari ere. Ez genuen pandemiari aurre egiten jakin eta talde bezala indarra galdu genuen. Musika, lokala eta taldea alde batera uzte horrek burumakur utzi gintuen.

Beraz, momentu gogorra izan zenuten.
Gainera gure etena, pandemiagatik izandako etena, taldearen momenturik onenean etorri zen. Hurrengo diskoarekin salto handi bat emango genuela aurreikusten genuen, Beste Belaze Batzuen Gozoan diskoarekin gauzak oso ondo joan zirelako: kontzertu asko eman genituen leku garrantzitsuetan eta Euskal Herritik kanpora irteten hasi ginen. Beraz energia asko eta sentsazio onak genituen proiektu berri baten aurrean. Ekipoa egin genuen… managerra, argazkilaria, txoferra eta teknikaria lotu genituen. Harago eramango gintuen beste buelta bat eskura genuela uste genuen pandemia etorri zenean.

Tunelaren amaierako argia ikusten ari zarete?
Horretan ari gara. Egoerari pultsua hartu nahian gaude. Orain arte, 2022an zehar emandako kontzertuak, gaur egun non gauden jakiteko eta gure buruak kokatzeko erabili ditugu. Orain, ikusi behar dugu ea oraindik gure publikoa dugun eta gure proiektua berreskuratzeko aukerarik dugun.

Ahobetehortz ez da disko erraza. Ez konposatzeko, ezta entzuteko, nahiz eta bigarren hau errazagoa izan. Talde moduan zuen lanik osatuena, landuena dela uste duzue?
Aipatu dugun guztiarengatik oso era arraroan eta kaotikoan landu dugu. Lan asko eduki du. Kantek buelta asko eman dituzte eta mila forma ezberdin izan dituzte. Abestiak agertu, desagertu eta agertu egin dira berriro. Disko berri bat egiten duzunean, beti zure onena ematen saiatzen zara eta disko honekin berdin. Baina beste disko batzuetan singleak era argiago batean ikusten ziren bezala, Ahobetehortz diskoan kanta guztiak mailakoak dira eta ez dago betegarririk.

Pozik zaudete diskoarekin?
Pozik gaude. Baina gure hurrengo lanak ez du honekin zerikusirik edukiko, eta nahiko bideratuta daukagu hurrengo disko hori.

Orduan, oso pozik ez zaudetela ematen du.
Hasiera batean beste plan batzuk genituelako. Baina pandemiarekin, diskoetxe batekin hastearekin eta izen aldaketarekin, ez dugu esango behartuta izan garela ezer egitera, baina esan genezake geure burua disko anitzago bat osatzera behartu dugula.

“Gure hitzetan politikarik ez dagoela pentsatuko du baten batek. Baina politika badago nahiz eta era zuzen batetan ez jorratu”

Gogorra da hitzak idaztea eta kantetan enkaxatzea?
Uste dugu hitzak Rock radikalaren garaiko tonu berean idazteak ez duela ezer aportatzen gaur egun. Guk hitzak beste era batera lantzen ditugu. Poesiaz lantzen ditugu. Gure hitzetan politikarik ez dagoela pentsatuko du baten batek. Baina politika badago nahiz eta era zuzen batetan ez jorratu. Enkaxatzearena… ba ez dakigu baina gu ez gara raperoak. Ez dugu horrenbeste espazio gure burua adierazteko. Askotan, esaldi potente batek hamazazpi mila estrofa baino gehiago balio du. Eta gainera melodiarekin ondo josten baduzu potentzia handiko zerbait sor dezakezu. Fonetikari ere garrantzi handia ematen diogu eta esanahiren bat sakrifikatu behar badugu, egiten dugu politago gelditzen bada.

Komediazaleak zarete?
Komediazaleak gara baina drama besarkatzen dugun momentuak ere badaude. Oso emozionalak gara eta emozio hori gure hitzetan islatu nahi dugu. Baina guk esango genuke komedia baino ironia dela ondoen erabiltzen dugun errekurtsoa.

Erretratu edo kontakizun kostunbrista moduko bat eskaini nahi duzue oraindik?
Bai. Bizkaia ta Arratiako kostunbrismoaren zaleak batez ere. Lehenengo diskotik Arratiarekin dugun konpromiso bat da. Arratiarrak izateaz oso harro gaude eta hemendik kanpo gaudenean beti gogoratzen den gauza bat da. Nahiz eta gitarrista santurtziarra eta bateria galdakaotarra eduki, taldea Arratiakoa da.

Hitz hermetikoegiak idazteari beldurra diozue?
Eta zer egingo dugu? Letra erraz bat? Sinplea? Klitxeak erabili? Egin dezakegu. Familian ere ez zaigula ulertzen esaten digute.

Euskalkiekin eta hitzekin jolasten duzu.
Asko. Kantaren baten hiru lau euskalki agertuko dira. Iparraldeko sonoritateaz maiteminduta gaude. Oso poetikoa da.

Pello, inoiz baino hobeto kantatzen duzu. Esfortzua nabaritzen da.
Errepikatzen didaten gauza bat da. Ez dakit zenbat urte txarto kantatzen igaro ditudala sentitzen dut. Ez dakit. Ez dut horrenbeste irteten. Nire burua gehiago zaindu behar dudala ulertu dut eta nahiz eta iraganean beste era erasokorrago batean jokatu, gaur egun kontzertuetan zentratzen gara.

Kuriosoa da baina hemen zaudete Pello eta Peio, biak, galderak erantzuten pertsona bakarra bazina bezala. Musika talde batez aparte, talde bat zarete ere?
Guztiz. Lokal honek batzuetan lokala baino ring bat ematen du. Oso ezberdinak gara gure artean. Pellok idazten du. Oso era poetikoan eta sekulako lana egiten du hitzekin melodiak eta kantak hitzarekin batera josteko. Berak askotan musikoa ez dela esaten du baina ez da egia. Agian musika era instintiboago batetan lantzen du baina bada musikoa. Eta gero bakoitzak bere papera du. Harillo arreglista fina da eta kantak hobetzeko eta apaintzeko hainbat ideia ekartzen ditu lokalera. Aritzek erraztasuna dauka ekoizpen gailuekin ibiltzeko eta baita kantak antolatzeko.

Hori guztia bideratu behar da.
Bai, gu demokratikoak izaten saiatzen gara. Horregatik ringaren aipamen hori; askotan, desadostasunak ez direlako izaten pertsona biren artekoak. Desadostasunak denon artekoak izaten dira. Desadostasun artistikoak, hori bai. Denborarekin ikasi egin dugu eta gaur egun gure artean gure puntu indarguneak hobeto enkaxatzen ditugula uste dugu.

Eraginen aldetik ere, zuen disko potoloena da hau? Leku ezberdin askotatik mugitzen zarete.
Oso disko anitza da, bai. Eklektikoa. Aldaketa asko daude. Gure burua rockerotzat jo dugu, jarreragatik batez ere. Musikalki hainbat estilo ezberdin jorratzen ditugu arazo gabe betiko jarrera galdu gabe.

Estetikak mezuaren eta proposamen musikalaren sakontasuna nolabait ezkuta dezakeela uste duzue?
Jendea deskolokatzen dugu. Baita kritika ere. Estetika neurtu egiten dugu eta era adimentsuan erabiltzen dugu. Gurata bilatzen dugu.

“Musikalki hainbat estilo ezberdin jorratzen ditugu arazo gabe betiko jarrera galdu gabe”

Disko honetarako estetika oso markatuta dago.
Bai, gure historiako garai bateko irudia berreskuratu nahi izan dugu. 60ko hamarkadaren diskoen portadak, kontzertuen kartelak, hauteskunde propaganda… Urretxindorrak, Zoroak, Pantxoa eta Peio, Gontzal Mendibil…. Baita 70eko hamarkadakoak ere: Niko Etxarten lehenengo diskoa, Errobi…. Tipografiak, irudia… hortik joatea aukeratu genuen.

Nola daramazue rock n’ rollaren burrunbada basamortutik paseatzeko misioa?
Bizardunakeko Jose Marik esan zigun: “¿Sois los últimos mohicanos?”. Zaila da eta pandemia ondoren, zailagoa. Oso denbora gutxian aldaketa handia eman dela sumatzen dugu. Hiru urtean unibertso paralelo batera pasatu garela ematen du. Gure lehenengo diskoa argitaratu genuenean rock n’ rollak oraindik tartetxo bat zeukan Baita publiko gazte bat. Rockaren desagerpenaren limitean mugitzen ginen. Hori guztia galduz joan da eta azkenengo etapa honetan aldaketa izugarria izan da. Gaur egun aniztasun itzela dago. Lehen rock taldeak iparorratza ziren eta gaur egun erreferentzia beste leku batean dago.

Rock n’ rolla patriarkatutik kanpo idatzi ahal izango da inoiz? Zuek saiatzen zarete?
Rock eta pop izarraren perfila, orain arte, gizonezkoa izan da. Baina gaur egun emakumezkoa dela esan genezake. Gizonak amodioari buruz edo sexuari buruz beraien ikuspegitik kantatu dute. Eta hori guztia aldatu behar da eta horretan denok sakondu behar dugu.

Akarrusin horren inguruko ariketa bat da?
Bai, gizon artaburuei egindako kritika bat da.

Rock n’ rollari barre, rock n’ rolla eginda…
Diskoaren prentsaurrekoan ia lur zingiratsuetatik mugitzen ez garen galdetu ziguten. Jendeak agian serioan hartuko ez digulako. Eta gure erantzuna izan zen ia Mojinos Escozíos bihurtuko ginen. Ez dakigu. Gure erreferenterik handiena beti izan da Niko Etxart. Berak rock n’ rolla eta umorea zelan uztartzen duen gustatzen zaigu. Hori zein modu ederrean egiten duen. Lehen aipatu ditugun Bizardunak ere. Agian horiek zirikatzaileagoak ziren. Itoizek bazituen kanta batzuk ere. Gure musikan sakontzen baduzu, arin ikusiko duzu ez garela Mojinos Escozíos.

HURRENGO KONTZERTUAK:

- Otsailak 16 > Arrasateko Gaztetxea
- Otsailak 25 > Muelle, Bilbao + Txopet
- Martxoak 3 > Doka Kafe Antzokia, Donostia + Nevadah
- Martxoak 16 > Jimmy Jazz, Gasteiz + Nevadah

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.