“Guk beti gure erritmo propioa izan dugu eta horretan jarraitzen dugu, gure buruei inongo presiorik ipini gabe”
Entrevistas / Kokein

“Guk beti gure erritmo propioa izan dugu eta horretan jarraitzen dugu, gure buruei inongo presiorik ipini gabe”

Jaione Dagdrømmer — 05-12-2022
Fotografía — Eva Franco

Eraberriturik datoz Kokein taldekoak. Ez dirudi “Atomika”, jada, euren zazpigarren lana denik. Errepikapenean erori beharrean, freskotasuna dario. Garai berrietara egokitu dira musikarekiko duten pasioa bere horretan mantenduz, baina esperientziak eskaintzen diena profitatuz. Euren diskorik dantzagarrienarekin gorputzak eta garunak astintzea dute helburu.

Zazpigarren diskoa duzue honakoa. Hasi zinetenetik zenbat aldatu da zuen musika?
Gu beste esango nuke. Prozesu guzti honetan gure musika gurekin batera aldatzen joan da, beti ere gure esentzia mantenduz. Barnetik irteten zaigun musika egiten dugu; eta gure barneak islatzen duen musika egiten dugun heinean aldaketak ere batera doaz.

Zuen musika ulertzeko modua ere aldatu al da?
Funtsean ez, azken batean sentitzen duguna egiten dugulako. Gure egunerokoa eta bizitzaren erritmoa da aldatu dena, horrenbeste urte honetan aritzeak ematen dizun esperientziarekin batera. Talde bat aurrera eramateko gauzak nola egin nahi dituzun eta nola egin daitezkeen ikasi dugu, garai ezberdinetara egokituz, baina beti ere sentitzen duguna eginez, bestela ez du zentzurik.

Zuen diskorik dantzagarriena dela esan liteke honako hau?
Zalantzarik gabe, halaxe sentitzen dugu. Disko berriari ekin aurretik, egin nahiko genukeen disko motari buruz hitz egin ohi dugu. Oraingoan gorputza mugitzeko abestiak nahi genituen. Abesti zeharo ezberdinak daude diskoan. Dantza dezagun!

Beraz, dantzagarritasuna bilatua izan da. Lera kantua kaleratu genuen Itzalak abestiaren ildoa jarraitu nahi genuelako. Eroso sentitu ginen harekin eta gure alde hori gehiago sakondu nahi genuen. Benetan harro eta pozik gaude egindako lanarekin.

Zein beharri erantzuteko sortu duzue?
Disko bat egiten dugun bakoitzean, sorkuntza prozesu horretan, bai hitzekin, bai musikarekin barruak askatzeko beharra dago. Guk beti gure erritmo propioa izan dugu eta horretan jarraitzen dugu, gure buruei inongo presiorik ipini gabe.

Nolakoa izan zen sorkuntza prozesua?
Disko honetan desberdina izan da. Orain artean sorkuntza prozesua lokalean pasatzen genuen tartera mugatzen zen. Oraingoan aldiz, abestien hasierako ideiak bakarka landu ditugu eta taldearekin elkarbanatzeko momentua heldu zenerako bazuten esentzia edo oinarri bat. Gero, noski, taldean elkarbanatzean, taldeak bere egin ditu.

Chill Mafiako Kiliki Frexkorekin kolaboratu duzue Ispiluari Begiratzean aurrerapen kantuan. Miren Narbaiza  (MICE) eta Juanjo Berasain (Ezpalak) ere entzun litezke diskoan. Nortasun handiko artistak dira, euren artean oso ezberdinak. Nolatan sortu zen eurekin kolaboratzeko ideia?
Diskoa prestatzen ari ginela abeslari ezberdinekin kolaboratzeko ideia sortu zen eta segituan ikusi genuen argi zein abesti ziren egokiak abeslari bakoitzarentzat. Halaxe izan da, behintzat, Miren Narbaiza (MICE) eta Juanjoren (Ezpalak) kasuan.

Juanjoren tonua, nortasuna eta abesteko modua oso gogoko ditugu eta benetan pozik gaude berak gure gonbita onartu izanaz eta baita emaitzaz ere.

Miren etxekoa da eta bidean, urte guzti hauetan, gauza ugari egin ditugu elkarrekin. Guretzat oso berezia eta ederra izan da berak Kokeinekin batera abestu izana. Momentu izugarri batean dago Miren, artista handia da eta aspalditik miresten dugu. Itzel geratu da abestia, plazer hutsa izan da!

“Barnetik irteten zaigun musika egiten dugu; eta gure barneak islatzen duen musika egiten dugun heinean aldaketak ere batera doaz”

Kilikiren kasuan, zoriak batu gaitu. Egia da Chill Mafiaren musika hasieratik jarraitu dugula eta grabaketa estudiora Juanjorekin batera zetorrela jakin genuenean garbi izan genuen berari kolaboratzeko gonbita zabaldu nahi geniola. Gainera, patuaren gauzak balira legez, bageneukan Ispiluari begiratzean abestian berarentzat aproposa izan zitekeen zati bat. Estudioan sartu zenean bere musikarekiko maitasun eta abileziak agerian geratu ziren eta plazera izan zen bere sorkuntzaren ikus-entzuleak izatea. Emaitza hor duzue! Ez du hitzik behar.

Nola hautematen duzue egungo euskal musika eszena?
Sorkuntzari dagokionez, beti bezain zabala eta aberasgarria. Azken bi urte hauetan bizi izan dugunak, tamalez, egoera latzak pasatzera eraman ditu musikariak, zein zuzeneko eta grabaketetan, hain ezinbestekoak diren langile ugari. Horren ostean kontzertu txikiek bere lekua izango zutelakoan geunden, baina azken aldian kontzertu handiak besterik ez daude gure inguruan eta horrek kezka pizten digu.

Argi dago talde batean egoteak sakrifizioak egin beharra dakarrela. Zerk motibatzen zaituztete musika egiten jarraitzeko?
Musikak berak! Gure pasioa musika eta sorkuntza da. Gure bizitzaren ardatza eta ezinbestekoa.

Musikaz gain, irudia ere landu duzue, bideoklip zaindu batekin eta azal deigarriarekin. Egungo entzuleen arreta bereganatzeko ezinbestekoa al da irudia zaintzea?
Beti izan dugu irudia kontutan, baita oraingoan ere. Diskoaren diseinurako Ritxi Ostarizi deitu genion, diseinatzaile berezia iruditu zitzaigun eta egin duen lana izugarri gustatu zaigu. Bideoklipekin ere beste hainbeste. Hannot Mintegiaren ikuspegi berezi eta elegante hori ederki islatu da Ispiluari Begiratzean kantuaren bideoan eta TAOMeko Aitor Guerrerorekin egin dugu gure azkena, Argirik Gabe Dantzan. Biekin lan egin izan dugu aurretik, beti emaitza oso onarekin. Eta azkenik, Eva Franco argazkilariak ere Atomikaren unibertsoa ondo baino hobeto islatu du argazkian. Maiteminduta gaude guztiek egin duten lanarekin.

Joera ohikoa bilakatzen ari da disko baten barruan hizkuntza ezberdinetan abestea, izan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, adibidez. Etorkizunean planteatu duzue euskara ez den beste hizkuntza batean, berriz ere, konposatzea?
Egia da Kokein hasiera batean ingelesez hasi zela, baina euskarara pasa ginen gure hizkuntza delako. Ez diogu ezeri mugarik jartzen, baina oraingoz gure hizkuntza ez den batean sortzea ez dugu planteatu. Etorkizunean nork daki…

Zuen kontzertuetan berritasunik egongo al da? Zer aurkituko du bertara hurbiltzen denak?
Gure abesti berrien indarra, elektrizitatea eta dinamika ikuslegoari transmititzen saiatuko gara gure errepertorio zaharragoko kantuekin uztartuz eta moldatuz. Jendea dantzan eta mugimenduan jarri nahi dugu.

Zein helburu betetzea gustatuko litzaizueke disko honekin?
Batez ere entzuten gaituen jendearen barnean nolabaiteko eragina sortzea eta zerbait sentiaraztea; gure musika, ahal den neurrian hedatzea eta zuzenean ahalik eta toki gehienetan aritzea.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.