“Elkartzen ginen bakoitzean indar hori guztia Etxeperen mesedetan jartzen genuen”
EntrevistasEtxepe

“Elkartzen ginen bakoitzean indar hori guztia Etxeperen mesedetan jartzen genuen”

Iker Gurrutxaga — 30-05-2026

Urte hasieran jakinarazi du Etxepe kolektiboak gisa horretan musikatik agur esango digutela. Berak elkartzen ziren lokalaren izena eman zioten proiektuari eta egin duten bidea ez zuten inondik inora espero.

“Etxepeian” diskoa ere plazaratu dute agur esateko eta dagoeneko eman dituzte lehen despedida kontzertuak. Galdera batzuk luzatu dizkiegu horren guztiaren harira.

Lokal batean hasi zen guztia, jolas moduan, eta bidea egitea lortu duzue. Espero zenuten halakorik?
Ezta pentsatu ere, egia esan. Etxepe berez gazte lokal arrunt bat zen, eta musika zaletasuna bagenuen arren, ez genekien ezer. Mikrofono merke batekin eta interneten topatzen genuen informazioarekin hasi ginen musika egiten. Jolas bat bezala hartzen genuen, esperimentatzeko txoko bat balitz bezala, eta gutxinaka-gutxinaka joan ginen gure soinua eta gaitasunak fintzen. Guretzat hasieran lagun arteko zerbait besterik ez zen; egiten genituen abestiak guri gustatzea eta ingurukoekin disfrutatzen genituen lagujen arteko zerbait zen. Letrak dioen bezala, "hau ez dou sortu broma batetik, bai ondo pasetako asmuakin", eta jolas horretatik etorri da gero etorri den bide guztia.

Zerk bultzatu zaituztete Etxeperi bukaera ematera?
Azken urtean, nahiz eta guk geuk ere ez genekien ziur zein izango zen gure ibilbidea, ez genuen ezer berririk egin. Sentitzen genuen gure sormen prozesua galtzen zihoala, eta bukaera emateko motibo nagusietako bat sormen horretara berriro bueltatzea izan da. Taldekide guztiok oso argi ikusten genuen eta ados geunden etapa hau bukatu behar zela; ezer hautsi baino lehen, taldea goian uzteko gogoa genuen. Azken disko hau prestatzen oso ondo pasatu dugu, taldearen ibilbideari egin nahi genion omenaldi bat izan baita. Gure asmoa beti izan da betiko gazte sentitzea (Forever Young), eta proiektu hau modu hilezkor batean ixtea. Guretzat hau Etxepen jaio eta Etxepen hil izatea da. Orain bakoitzak bere ibilbidea jarraituko du, baina baliteke gure artean fusionatzea eta proiektuak batera ere egitea, Etxepe izan baita denok batu gaituena. Hurrengo urratsak zeintzuk izango diren oraindik ez dakigu, baina ziur egongo garela.

Bakarkako proiektuak abiatuta dituzue zuetako askok, baina esan daiteke hasieratik bakarka asko sortzen zenutela nahiz eta gero taldearen mesedetan aritu?
Bai, guztiz. Hasieratik izan gara bakoitzak bere kabuz asko sortzen zuena, bakoitzak bere ideiak eta unibertso propioa zituelako, baina lokalean elkartzen ginen bakoitzean indar hori guztia Etxeperen mesedetan jartzen genuen denon artean zerbait eraikitzeko. Orain, taldea amaituta, taldekideok beste proiektu batzuk egingo ditugu bakarlari bezala, baina gure artean fusionatzea ere gertatuko da ziur. Azken finean, lagunak gara, denbora asko pasatzen dugu elkarrekin eta hori ez da aldatuko. Ez dakigu ziur nora, baina beste bide batzuk hartuko ditugu sormenari lotuta jarraitzeko.

“Orain bakoitzak bere ibilbidea jarraituko du, baina baliteke gure artean fusionatzea eta proiektuak batera ere egitea, Etxepe izan baita denok batu gaituena”

Euskara eta gaztelera erabat nahastuz jarraitzen duzue, horren inguruan zer diote Debagoienan?
Hasiera batean gure hautua euskara ardatz hartzea izan zen, baina poliki-poliki gaztelaniak presentzia handia hartu du gure abestietan. Egia esan, taldean asko gara eta bakoitzak era batera edo bestera ikus dezake gai hau; baina azken finean talde bat gara eta abestiak horrela ateratzen zaizkigu, modu naturalean, gai honi buelta gehiegi eman gabe. Herrian eta eskualdean denetarik egon da, batzuek kritikatu egin gaituzte hizkuntzak nahasteagatik, baina ez da zerbait orokorra izan.

Oro har, gure ibilbidea eta musika asko baloratu dira Debagoienan, hizkuntzaren gainetik gure esentzia eta egindako bidea babestu baitute.

Ezinbestekoa da zuen ibilbidea eta Chill Mafiarena alderatzea proiektuek izan duten bilakaerari begiratuz, bakoitza bere neurrian bada ere. Erreferente izan dira hasieran eta bukaera ematerakoan?
Hasierari dagokionez, erreferente ez zirela izan esatea gezurra esatea izango litzateke. Euskal Herri mailako taldeetan eduki duten eragina eta ireki zituzten ateak erabat argiak dakar, eta gurean ere eragina izan zuten, dudarik gabe. Baina bukaeragatik, aldiz, ez genuke esango erreferente izan direnik. Gure amaiera oso gauza organikoa izan da, talde barruan eta gure artean hartutako erabaki bat, kanpoko formuletan pentsatu gabe etorri dena.

Hamazazpi kantuko album bat da azkena. Gordeta zenuten guztia plazaratu duzue?
Ez dugu guztia plazaratu, ez da gordeta genuen guztia bota dugun disko bat. Sormen prozesu landu bat egon da atzetik, nahiz eta egia den bizpahiru abesti errekamaratik berreskuratuak direla, lehendik generamatzanak. 17 abestiko mixtape bat atera dugu gure estiloa eta egiteko modua horixe delako, eta azken emaitzarekin oso gustura geratu gara, gure ustez borobila geratu baita agur esateko.

Azken bira honetaz zer espero duzue?
Guk ez dugu espero beste munduko bira super landu edo estrategiko bat izatea, gure estiloko zerbait izatea nahi dugu. Momentuz ateak zabalik ditugu eta urte bukaera aldera azken kontzerturen bat egiteko asmoa daukagu, baina dena modu naturalean joaten utziko dugu, bideaz gozatzen.

Eta publikoak, zer espero behar du?
Publikoak gure betiko ildotik joango den zuzeneko bat espero dezake. Asko lantzen ari gara eta uste dugu oso ondo prestatuta daukagula; gainera, saxoa ere sartu dugu gure zuzenekoetan oraingoan.
Oso emanaldi politak izango dira, baina era berean gure puntu punki hori mantenduko dute, gure esentziari fidel jarraituz.

BatBateanen, esaterako, jende asko eta asko zegoen zuen kontzertua noiz iritsiko zain. Nolako harremana izan duzue zaleekin?
BatBateanen asko, asko disfrutatu genuen. Ikaragarria izan zen oholtzara igotzea eta horrenbeste jenderen harrera eta berotasuna sentitzea; egia esan, etxean bezala sentitu ginen. Zaleekin izan dugun harremana oso ona izan da beti, oso eskertuta gaude jaso dugun babes guztiagatik eta orain espero dugu denokin tarte bat izatea amaiera hau eta azken txanpa hau elkarrekin gozatzeko.

Zer esango zeniokete hasiberria den taldeari, gaur egun dena hain azkar doanean?
Ez da erraza galdera honi erantzutea, gaur egun musika panorama oso zabala baita eta dena oso azkar baitoa. Bakoitzak bere bidea egitea eta prozesuaz asko disfrutatzea esango nuke dela gako nagusia, kanpoko presioei edo abiadurari gehiegi begiratu gabe.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.