Etxepe Kids
Discos / Etxepe

Etxepe Kids

6 / 10
Mikel Izarra — 21-03-2023
Género — Varios estilos

Pandemia garaian, eta berrogeialdian batez ere, arte eta musika proiektu asko egonkortu ziren. Hala, azken urteotan uzta postpandemiko hori jasotzen ari gara. Ezaugarri komunak bilatu litezke pandemia garaian eratutako artean, baina argiena nolabaoiteko paradigma edo belaunaldi aldaketa da. Kolektibo gisa eratu zen ordurantxe Etxepe, Eli, Axeri eta Fane abeslari eta An2an DJ lanetan dituelarik, oraingoz. Izan ere, kolektiboa irekita dago eta taldekideak proiektua aberastuko duen edonor gain hartzeko prest daude.

Proiektuaren lehen agerpena “Alboka” singlea izan zen, Gozategiren sample baten gainean herriko jaiei buruzko lerroak botaz, argitaratu eta bi hilabetetara ia 200.000 ikustaldi dituena Youtuben. “Dale don dale” eta _Subversion X abesti berrian sartzeak badu miresmena, eta jabetzen dira belaunaldi aldaketaz, baina tradizioaren erroa bistaz galdu gabe: ”zuk zortziko txikia nik 20 barra dauzkot”. Gai bertsuan jorratzen jarraituko dute 15 korte luze xamarren bitartez, euskal kulturari etengabeko erreferentziak bestelako kulturakoekin uztartuz (“Shukran, “Bulshita”…) eta zenbaitetan cringecorera hurbintzen diren euskal kantuetako sampleak erabiltzen (“Zazpi jauzi” original bezain irensteko zaila izan daiteke, adibidez). Azkenengo bi urtetako abestiak biltzen ditu mixtape honek, kolektiboak berak diseinatutako Etxepe gordelekuko idazki klasikodun portadaz jantzia.

Soinuari azken ukituak emateko orduan Denso ekoizlearen laguntza izan dute. Egungo euskal ekoizlerik finetakoa, forma eta soinu estetikaren bidetik apustu ziurra da Tattarekin lan egiten duen gaztea. Dirty south pilla bat, dancehalla, trapa, hi hatak dantzaka, baina baita baxu organiko punkrockeroak, gitarra distortsionatuak, sinte ilunak… Agian itsaskorragoak beharko lukete, kalitatea soberan darien abestiok gogoangarriago egiteko. Taldeak agindu duenez, hau aurten argitaratuko duten lan mordoen hasiera besterik ez da, eta aurkezpen moduan ondo baino hobeto funtzionatzen du. Itxaropena badago euskal musika garaikiderako, Etxepe eta bere crewa gogotsu dagoen bitartean behintzat.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.