“Abesti bakoitzak bere denbora, azalpena eta aurkezpena behar dituela uste dut”
Entrevistas / Benizze

“Abesti bakoitzak bere denbora, azalpena eta aurkezpena behar dituela uste dut”

Iñigo Basaguren-Duarte — 13-12-2022
Fotografía — Kauldi Iriondo

Benizze Beñat Goitiaren azken proiektua da. Denbora batez Montauk taldean ibili ondoren, bakarkako proiektu honi ekin dio espazio intimoak arakatzeko eta koordenatu berrietan mugitzeko. Urte honen hasieran hasi zen abestiak kaleratzen, banan-banan eta bideoklip batekin lagunduta. Orain guztiak batu eta lan oso bat bezala aurkeztu ditu.

Zure lehen lan luzea kaleratu berri duzu, aspaldi grabatutakoa den arren.
Abestiak 2021eko ekainean grabatu, nahastu eta masterizatu nituen. Hala ere, badira batzuk orain bi urtekoak direnak, proiektu honekin hasi nintzenekoak. Aspalditik daude erdi bideratuta edo erdi bukatuta. Hainbeste denbora igaro izana grabatu eta argitaratu bitartean bere alde onak eta txarrak ditu, musika pilatuta izatea ez baita oso sanoa.

Zer dela eta erabaki duzu horrela lan egitea?
Helburua abesti bakoitzari bere espazioa ematea da. Erabaki hau, single moduan kaleratzen joatearena, gaur egungo kontsumitzeko moduek bultzatuta izan da. Kantu bakoitzak, niretzako behintzat, bere mundua du, bere historia eta bere erreferenteak. Bakoitzak bere denbora, bere azalpena eta bere aurkezpena behar zuela uste dut. Estetikoki ere, bakoitzak bere nortasuna eta tematika ditu.

Erabaki honek abestiak zahartzea eta argitaratzeko orduan freskotasuna galtzea ekar dezake.
Bai, hori zen nire beldurretako bat. Baina pandemiaren kontuarekin izan dugun erritmo aldaketarekin, kontua lasai hartu dut. Ordu asko sartu ditut abestiak sortzen. Grabatu ostean, baina, lasaitasuna eta patxadaz hartzea eskatzen zidan buruak. Tarte honetan ez dut ezer berririk egin. Lan izugarria hartu nuen etxealdi garaian eta horren ondoren lasaitasuna behar nuen. Lan egiteko modu honek egindakoaz gozatzeko aukera eman dit.

Zein da orain duzun perspektiba?
Ona, oso pozik nago. Behin baino gehiagotan nire bizitzako diskoa dela esan dut. Zerbait borobila egin nahi nuen. Oso lan pertsonala da, hemendik aurrerako bidea markatuko duena, horregatik zerbait sendoa egin nahi nuen. Erreferenteak ondo xurgatu ditut eta uste dut hori oso ondo isladatzea lortu dudala. Nire lehen aldia da bakarka lan egin dudana, gerora ekoizpenean laguntza izan badut ere.

The Blaze izan daiteke erreferente agerikoena, baina ziur beste asko izan dituzula prozesu honetan zehar.
Europa iparraldeko taldeak izan dira gehien entzun ditudanak: HVOB, Monolink, Agar Agar, etab. Elektronika munduko erreferenteak izan dira gehienbat, baina ikutu organiko bat dutenak. Engantxe handia izan nuen Estatu Batuetako traparekin, baita ere. Agian ez du zerikusi handirik egiten dudanarekin, baina ekoizpenaren aldetik gauza batzuk oso interesgarriak iruditu zaizkit eta ahotsa integratzerako orduan oso presente izan dut estilo hau.

Beste koordenada batzuetatik zatoz. Zaila izan zaizu sintoniaz aldatzea?
Bai, asko. Orain arte kitarraren laguntzarekin egin ditut abestiak. Orain tresneria berria da, erreferenteak berriak dira eta hor zure burua kokatu behar duzu. Hori da gehien kostatu zaidana.

Zurea «Dantza egin nahi duen belaunaldi batentzako musika» dela esan duzu. Hainbeste aldatu dira garaiak?
Baietz uste dut. Belaunaldi berriak, bereziki ni baino gazteagoak diren horiek, hainbat aurreiritzi gainditu dituztela, bai estilo aldetik, bai kalitate aldetik ere. Aurreritzi asko kendu dira eta horrek izugarrizko ekarpena egin dio musika herrikoiari. Dena den, abesti guztiak ez dira hain dantzagarriak, eremu intimoagoetan ere mugitu naiz. Ben Howard erreferente handi izan dut luzaroan eta ambience estilo hori asko entzun dut. Hori motxilan daramat. Hitzen aldetik zein musikaren aldetik, dentsitatea eta sakontasuna bilatu ditut. Ez nuen azaleko ezer egin nahi, lelo kantagarri batera mugatu. Sakontasuna bilatu dut.

“Nik neuk bakarrik defendatuko ditut abestiak zuzenean, baina zuzeneko eta pintxada arteko nahasketa bat izango da. Ideia zirkuluerdi bat osatzea da eta proposamen sonikoa irudiekin laguntzea. Nahasketak era aurkeztuko ditut, club ikutu dantzagarri bat emateko.”

Abesti bakoitzari bideo bat ere dedikatu diozu eta horietan folklorea oso presente dago. Hautu estetiko bat da?
Ez, hor aldarrikapen bat dago. Nik musika irudiekin ikusten dut. Hortaz aparte, estetika, espazioak etab., oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit proiektuaren diskurtsoa sortzeko. Arantzazu, frontoi bat edo trikuharri bat aukeratu izana ez da edozergatik. Badakigu zer garen eta nondik gatozen, baina aldi berean, guzti hori berritu beharra dago.

Zer da, ustez, garen hori?
Herri bezala badugu iragan bat oso mitologizatua dagoena. 80 hamarkada ere oso idealizatuta dugu. Belaunaldi gazteentzat hori ikono bat izatea larria irudizten zait. Garai biziagoak miresten ditugu gureak, agian, hain bizirik ez daudelakoan. Bizitasun hori berreskuratu beharra dagoela uste dut, gure erara egitea. Ez da iraganaren idealizazio bat. Identitate propio bat dugu eta bizirik mantendu behar dugu, baina hori bizirik mantentzeko berritu beharra dago, ezin gara betiko parametroetan mugitu. Badirudi azken urteetan euskal mundutik modu berriak sortzen ari direla. Guzti hori oso beharrezkoa zen eta modu sendo batean eraiki behar dugula uste dut.

Bideoetan Legaire agertzen da, karga espiritual handia duen gune liminal bat, muga bat. Irudikatu duzun beste leku bat Arantzazu da, euskal tradizioa eta modernitatearen arteko beste mugarri bat izan zena. Zure musika ere inguru ez definitu horretan mugitzen da?
Nik horrela ikusten dut. Askotan eszena edo zirkulu baten parte izatea faltan dut. Kolektibo bat izatea, babes bat eukitea, hori dut faltan. Euskal Herrian nirea bezalako soinuak egiten dituzten oso talde gutxi daude. Orain sortzen ari dela dirudi, baina asko dago egiteko.

Nortzuk osatuko zuten eszena hori? Nortzuk dira zuretzat etxekoak?
Nik hor J Martina, Merina Gris, Mirua, Alai, etab., kokatzen ditut. Musika elektronikoaren oinarria hor dago, hori izan liteke abiapuntu bat. Guztiok lotzen gaituen hari bat dagoela uste dut.

Tradizioa eta modernitatearen arteko oreka horretan kolaborazioek ere bere garrantzia dute. Unibertso berdineko bi mundu desberdinetatik datozen artistak aukeratu dituzu: Ruper Ordorika, Gari eta J Martina.
Ruperren kasuan oso modu naturalean izan da, hurbilekoa dudalako. Beste biak oso meditatuak izan dira, bi mutur aukeratu nahi nituelako. C Tanganak El Madrileño diskoan egin bezala, tradizioa eta modernitatea uztartu nahi nituen. Belaunaldi desberdinak batu nahi nituen, baina zerbait amankomunean izan behar zuten. Ez dute zer ikusirik baina bai, bai eta ez. J Martinakoekin bi kanturen artean erabaki behar izan nuela aitortu behar dut. Ez nuen tematikagatik aukeratu, baizik eta abestiarekin hoberen ematen zuen kolaborazioa zelako. Beraiekin lan egitea, hirurekin, oso erreza eta interesgarria izan da. Oso freskoa den taldea da. Gari eta Ruperrekin ere, noski. Lehenengoa estudiora hurbildu zen eta Ruper etxera etorri zen. Biekin oso erraza izan zen, biek argi zeukaten beraien ahotsa non sartu behar zuten.

Ruperren kolaborazioa duen abestia agian nostalgikoena da.
Ruper txikitatik izan dut inguruan eta horrek iraganera narama nahi ta ez. Abesti hori ikutu zikin eta poperoena duena da. Erreferenteak desberdinak izan ziren, Angus & Julis Stone kasu. Letra aldetik ere galeraren sentimendu hori transmititu nahi nuen. 30 urteren bueltan zaudenean konturatzen zara bizitza nondik nora doan, beti hor egon direnak zure alboan jada ez daudela.

Euskara hutsean abesteko hautua egin duzu.
Oso argi dut euskañola ez dela gure hizkuntza bizirik mantentzeko bidea. Nik uste gaur egun euskaraz abesteari ez zaiola merezi duen balioa ematen. Noski, aztertu beharko litzateke zergatik bakoitzak egiten duen bi edo hiru hizkuntzatan abesteko hautua. Batzuk erdaraz abestea naturaltasunaren mesedean egiten dutela diote. Ados, niretzat naturala euskaraz abestea da. Hori da niretzat zintzoa izatea.

Abestiak etxean grabatu dituzu, orain, nola eramango duzu hau zuzenekora?
Momentuz ez dut zuzenekorik eman, EITB-rentzako grabatu dudan gauza bat izan da lehenengo esperientzia. Nik neuk bakarrik defendatuko ditut abestiak zuzenean, baina zuzeneko eta pintxada arteko nahasketa bat izango da. Ideia zirkuluerdi bat osatzea da eta proposamen sonikoa irudiekin laguntzea. Nahasketak era aurkeztuko ditut, club ikutu dantzagarri bat emateko.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.