Gau giro bakartian murgiltzen gaituen "Hiri Ilunen Umeak", Sara Azurzaren lanik itzaltsuena da. Soinu dotore eta etereoarekin, abestiek norberaren barneko hiriaren txoko ahaztuetan paseatzeko gonbita luzatzen dute.
Lanari izena ematen dion kantuarekin hasiera interesgarria du. Tempo lasaia duen abesti honek melankolia helarazten du, haurtzaroko oroitzapenak eta inozentzia ikusi litezke Donostiarrak eraiki duen hiriaren asfalto bustietan.
"Heriotzean" abestian taupadak apur bat azkartzen dira, xuxurlatuz garrasi egiten du Azurzak. "Begitetan" kantuan Olaia Inziarte batzen zaio, bi ahotsen arteko konplizitatea argi erakutsiz. Diskoa hiri gris bateko topaketa ilaun bat bezala sentitzen da, non bestearekin konektatzeko dugun barne desira ia ukitu egin litekeen. "Non gaude" kantuan Azurzaren ahotsa nostalgiaz janzten da berriz ere, dudetan galtzea aldarrikatuz, jakinik galdera garrantzitsuenek ez dutela erantzunik. Norbere buruarekin dantzatzeko kantua da.
"Todas las cosas" aitorpen moduko bat da, euri tanten moduan, gure pentsamenduak bustitzen ditu, burua astintzen jarriko zaituen erritmoak lagundurik. Entzulea harrapatzen duen abesti horietakoa da. "Zure behatz artean" eta "Bi Muxu" diskoko kanturik itxaropentsuenak dira. Lehenengoa Janus Lester proiektuko Jokin entzun liteke Azurzarekin batera. Hiriko kale itogarrietatik babeslekua dira. Diskoari amaiera, lo egin ezin duen horrentzako haur kantak jartzen dio. "Egin lo"k helarazten duen leuntasunak lasaitu beharrean ezinegona sortzen du, gurekin oheratzen diren itzalak ekartzen dizkigu gogora. Amaiera bikaina da hiriko paseo gautar honentzat.
"Hiri Ilunen Umeak" itzal eta distiren arteko bidaia ederra da. Dotorezia iluna dario. Bakarka, argiak itzalita eta bihotza pizturik entzuteko diskoa da.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.