Begixek
Discos / Maren

Begixek

8 / 10
Iñigo Basaguren-Duarte — 26-04-2022
Empresa — Hook
Género — Pop

Munduari begiratzeko eta berau ulertzeko, hizkuntza begiak bezain garrantzitsua da. Maren etxera itzuli da bere azken proposamena sortzeko. Etxera, etxeko hizkuntzan, euskaraz, abestu dituelako “Begixek” (Hook, 2021) lana osatzen duten bost abestiak. Etxera, hori baita sekretuak gordetzen diren tokia eta lan honek hainbat sekreturi buruz hitz egiten du. Etxera, bizkaitar abeslaria inoiz baino intimoago agertzen delako. Aurreko lan luzean, “Margaritas y Lavanda” (Hook, 2021), ekin zion bideari jarraitzen dio honetan ere, melodia atseginak ahots epelekin bikain lotuz.

Jeanette gogora dakarren abesti batekin irekitzen du Marenek bere lan labur hau. “Aurpegixek” abestiak iraganeko kontuak dakartza gogora, bizitasun eta lotsagabekeriaz betea. Intimotasunera jotzen du bigarrenean, lanari izena ematen dion “Begixek” abestian. Ahots etereoak ametsen eremuetara garamatza, begiak itxi eta sortzen ditugun munduekin ederki gozatzeko prest. Antzeko parametroetan mugitzen da “Bittartien”, gau luze eta ilunetan beharrezkoa den babesa transmititzen. “Etxien” abestian Marenek bere ahots erregistro desberdinak mahai gainean jartzen ditu. Lana “Katalintxu” abestiarekin itxi egiten da. Haur kanta, seaska kanta baten elementuak dituena, diskoa ixteko modu bero, atsegin eta poztasunez betekoa.

Oro har, Marenek disko eder eta intimo bat osatu du. Hasiera batean bere aurreko diskoan lekurik izan ez zuten abestiak diren arren, batzen dituen ildo bat dute, ez soilik euskaraz abestu dituelako, baizik eta transmititzen duenagatik, haurtzaroko lekuetara garamatzaten bost abesti eder dira eta.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.