Hilak
Discos / Kerobia

Hilak

7 / 10
Jaione Dagdrømmer — 27-01-2022
Empresa — Y Las Ardillas Mágicas
Género — Rock

20 urteak ospatzearen aitzakian taldeak kontzertuak iragarri zituenean, inork gutxi espero genuen, euren zuzeneko indartsuez gain, taldearen disko berriaz ere gozatu ahal izango genuenik. “Hilak” entzutean, ordea, ezingo duzu sinetsi 2014tik geldirik egon direnik, sekulako joan ez balira bezala da!

Xabi Bandini eta Alberto Isabarekin batera boskotea osatzen dutenak aurpegi berriak badira ere, taldearen soinua %100 Kerobia da. Alabaina, nafarrak ez dira nostalgiaren erosotasunarekin konformatu eta, lan berria, “Supernova” diskoaren jarraipen duina da. Diskoak jorratzen duen gaia kontuan hartuta ere, euren unibertso propioaren hedapen naturala da “Hilak”. Zortzi abestitan zehar globo espazial batzuetan sartuta Lurra betirako abandonatzen duten pertsona talde batzuen istorioak kantatzen dituzte. Horietan, ohikoa denez biolentzia, samurtasuna eta maitasuna egongo dira, beste hainbat sentimendu kontrajarrirekin batera; gizatasuna jarriz, beste behin, erdigunean. Lehendik euren unibertsoan sartuta zaudenetako bazara, lan hau zazpi diskotan zehar kontatu dizuten istorioaren jarraipena irudituko zaizu, denbora luzez itxaroten egon zaren telesailaren denboraldi berria bailitzan. Alta, taldearengana lehengo aldiz disko honekin hurbiltzen zarenetakoa bazara, nafarren elementu identifikagarri guztiak topatuko dituzu bertan.

Izan ere, euren diskorik orekatuena dela esan liteke. Guztia modu neurritsuan azaltzen da. Euren egoak alde batera utziz, urteetan eskuratutako esperientzia eta abileziak lehenetsi dituzte eta kontatu nahi duten istorioaren mesedetara jarri. Honela Kerobiak, hastapenetatik, eurek irekitako bide atipikoan jarraitzen dute. Oraingoan ere, brit pop eta indie doinuekin melodia ederrak eraiki dituzte, beste lan kontzeptual hunkigarri bat eskainiz. Beharbada ez dute berrikuntza gehiegirik ekarri oraingo honetan, baina zintzotasuna eta musikarekiko dute pasioa nabaria da. Nik honekin nahikoa dut, azken batean, abesti on eskukada bat baino zerbait hoberik ba al dago?

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.