Hau dena
Discos / V V. A A.

Hau dena

7 / 10
Mikel Izarra — 18-01-2024
Empresa — Katakrak
Género — Varios estilos

“Hau dena” Katakraken grabatu da. Argazkiak, testuak, audioak, abestiak, artista mordoa... hau dena da hau dena. Hau dena dira Katakraken lehen hamabost urteak. Iruñean argitaletxea sortu zutenetik, liburu paregabeak argitaratu eta itzultzeaz gain, liburutegia, sukaldea, mota guztietako ekimenak eta, azken finean bizi kulturala eman diote hiriari. Katakrak liburutegi bat baino askoz gehiago delako, altxor moduko artefaktu paregabean bildu dute hau dena.

Diskoa (bikoitza, binilo formatuan) hainbat audio adierazgarriz tartekatutako hamabost abestik osatzen dute, hainbat den denak Katakraken grabatuta, familiarteko giro hurbil, kreatibo eta erosoan. Gainera, edizio ezin landuagoa dakar. Efemerideen bidezko testuak erabilita partaideak aurkezten dituen argazkiz beteriko liburuxka dakar, hitzak; noski eta zein testuetan oinarritu diren konposaketak. Altxor hutsa. Musikalki, Iruñeak (eta inguruak) duen potentzial garaikidearen erakusle da lana, eta letrek barne txantxak baina baita egia borobilak dakartzate.

Broken Sistersekin lagundutako Broken Brothers batzuk, Ibil bedi betiko moduan ileak puntan jartzen Rosa Luxemburgek inspiratuta, Raimundo el Canasteroren ACAB rumba, Pirritx Porrotx eta Marimototsen ariketa teatral zein unkigarria... Denon artean jorratutako "Etengabe" ereserkiak markatzen du disko erdia, "Sin nombrarla" gaztelerazkoarenari jarraiki. Fermin Muguruzak Angela Davidsen hitzen bidezko spoken word itzelarekin hasten du bigarren erdi izugarria "Artea fronteko lehen lerroan" harri bitxiaren bidez, Los Chikos del Maizen kolaborazio ikusgarria segiki, hurrengoan DJ Reimyk zinatzen duen (lehen?) ekoizpenak "altavoces en un bicipiquete" usaina dariolarik. Bukatzeko, euskal musikan iraungo duten hiru hitazo. Nakarren post punk dantzagarriaren kontzientzia: "terapia bai, greba ere bai!". Chill Mafiatarrek Trigger eta Mursegorekin egindako (batere) ironiazko ariketak "leer me da lache, Katakrak hazte Tik Tok" bezalako paradigmak azaleratzen ditu, eta bukatzeko; J Martinaren ekoizpen abangoardistaz jantzitako tekno balada edo ereserki pesimista, PC Musicatik edaten duena. Bai, birritan edo hirutan jarraian entzutekoa eta abesti guztiak "gustukoenetan" sartzekoa, edo playlist ezberdinetan, "moodaren" arabera.

Hau dena dakarren artefaktua esku artean edukita oinarrizko burutazio ahaztuak datoz: hau dena burutatzeko hausnartu beharra dago. Hau dena sortzeko irakurri behar da. Hau dena konposatzeko entzun behar da. Hau dena egiteko elkartu beharra dago. Hau dena lortzeko kulturgintza sare eta kontsumo osasuntsua sustatu behar da. Eta bai, hau dena aldatu nahiko genuke. Katakrakekoak duela hamabost urte hasi ziren.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.