Helmuga
Discos / Habi

Helmuga

8 / 10
Iker Gurrutxaga — 23-06-2022
Empresa — Elkar
Género — Rock

Lau kantu nahikoak dira askotan talde baten musikaz gozatzeko. Nahiz eta gozatzen baduzu, motz geratuko zaizun gerora kaleratutako lagin hori.

“Kondenatu”. Oso gozo hasten den abestia da, «erraietaraino sartu zara» abesten du Yerai Gasconek, eta gitarra eta ahotsaren hasiera hori halaxe sartzen zaigu guri ere, erraietaraino. Kantu progresiboa, behetik gora datorrena, akorde irekietatik arpegioetara pasa eta bateria sartzen den unean abestia gorpuztuz doa. Musikarekin duten loturari idatzitako abestia da eta lotura horretan beste asko ere identifikatuta sentituko dira. Maiz esan izan baitugu musika zainetan daramagun gaitza dela. Bada hori bera da kantutik atera dezakegun ondorioa eta kantuak berak diona. Une batean txarlesa eta kaxa jotzen ditu batera Artolak eta efektu berezi eta atsegina lortzen du eklosio bati sarrera ematen ari diren bitartean. abestia lehertu egiten da hor, in crescendo bat da.

“Berriro”. Erritmoekin jolasten dute abesti honetan eta Yerairen belusezko ahots horrek besarkatzen gaitu. Energia gehiago duen kantua da, distortsioak ez du gitarra pisutsu bihurtzen eta bateriaren soinuak ere ez dira batere saturatuak, horrek guztiak kantaera malenkoniatsua nahikoa kantu argia izatea ekartzen du. Musikan izandako bizipenen nostalgiaz ari dira. Izan ere perspektiban jartzen ditugunean ohartzen gara askotan bidean pasatako gauzez. Horiek guztiak berriz bizi nahiko lituzkete Habikoek, baina oroitzapenekin gozatzea ere ez da aukerarik txarrena izaten.

“Gardena”. Singleak hit kutsu nabarmena du. Kantu dantzagarria da benetan, kantuaren barruan dagoen zubiren batean burua astintzeko aukera ere ematen duena. Stonerraren eragina disco estiloko kantu batean. Muse eta Franz Ferdinand taldeak koktelera batean sartu, Habiren tonu iluna gehitu eta hori da ateratzen dena. Berriz ere iluntasuna argitu dute. Beren ingurukoei omenaldi txiki bat egin nahi izan diete Gasconek eta Artolak, musikaren inguruan dauden militante guztiei. Berek ere badakite militantzia zer den eta musikarien arteko elkarlan horrek eta musikarien inguruan laguntzeko prest dauden guztiak izan dituzte gogoan. Keinu polita inondik ere.

“Helmuga”. Habiko biek bideari ematen diotela garrantzia argi utzi dute, helmugarik ez dutela zehaztuta eta jarraitzeko bidea dutela aurretik. Gartxot Unsain izan dute kolaboratzen, ahotsa gehitu dio donostiarrak, musikak eman dien lagun horietako bat diskoan abeslari, beraz. Erritmo markatu batekin hasten da eta melodia erritmo horrekin akonpasatuta doa hasieran, horrek sortzen duen jolasarekin. Distortsio dosi bat estribilloan eta berriz gozora pasatzen gara Gartxoten ahots erregistro guztiaz gozatzeko aukera izan dezagun. Gartxoten screamoa eta Yerairen belusa elkarrekin nahastuta, zeinen ongi sartzen diren.

Lau kantu aski izan dira gozatu bat hartzeko, baina gehiagoren zain geratzen gara. Ea laster datorren lan luzea.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.