Kalima
Discos / Glaukoma

Kalima

8 / 10
Urko Ansa — 30-11-2017
Empresa — Bonberenea Ekintzak
Género — Rap

Glaukomarena pasada bat da. Aurtengo diskorik onenetarikoa kaleratu dute, “Kalima”, inoiz egin duten lanik borobilena. Dena da hemen bizia eta naturala, sustrai sakonekoa eta zitala: gure eszenan ikusi den musikarik beroenetakoa. Bonbereneak beraien etxea izaten jarraitzen du, beti bezala, eta disko hau noraino iritsi daitekeen amesten hasia gaude asko, argitaratu zen egun beretik. Reggaea, Hip-Hopa, Raggamuffina, Dubstepa, Dance Halla, Rocka… Euskaraz (batez ere), gazteleraz eta ingelesez. Orgia martxan da.

Musikaltasun handia erakutsi dute lana osatzen duten 14 abestietan, eta kanta konkretu batzuetan lortutako atmosfera instrumentalak txapela kentzeko modukoak dira. “Intro” instrumentalarekin hasi eta “Outro” arte jazotzen dena, bakarrik entzuleak eta Glaukomak daki; bakoitzak bere erara biziko du, baina gaztetxe batean entzunda sor daitekeen katarsi kolektiboa irudika daiteke pieza guztietan… Hitzak aldarrikatzaileak izaki, ironia ez dute falta, ez eta errimarako trebetasuna ere.

“Pixkanaka” entzun eta dena daukazu eskuragarri, doinu hauen zale amorratua izateko beharrik gabe: arima eta gorputza biziberritzen duten Dance Hall erritmo mozkorgarria (Dance Halla! Esan iezadazue zenbat taldek lantzen duten estilo hau!), Juantxoren ahotsaren lotsagabekeria, atabal kolpe etenak, pianoa ukitu batzuk han eta hemen, koruak… “Irakasleik hobenak zeuzkeau: Bad Sound System” diote. Hala bada, Juantxok berak aitortu zidanez: “Gure anaiak, eta noski, erreferenteak dira. Ez bakarrik musikalki, baita ere musika bera ulertzeko duten moduagatik. Eredu bat dira guretzako”. “Kalima”n erritmo astunagoa erabili dute, eta efektua aski eraginkorra da. “Semen de tinta”-n teklatuak gehiago erabili dituzte, betiere erritmo ero, sustraidun eta mozkorgarri horrekin jantzia: Dubstepa, reggaea, rapa…

Honezkero, hitzen ausardia eta taburik eza begi bistan gelditu da aspalditik. “Fire (They’re commin)”-en “BBVA kriminala” diote, gero “Herencia”-n PSOE, IBEX, Opus Dei, Gonzalez, Aznar, Zapatero edota “One, two”-n EITB, Kutxa Kultureta, Iberdrola eta abar lotsarik gabe aipatzen dituzten moduan. Hori da jarrera. Political incorrectness eta modan dauden antzeko espresioetan erreparatu ere egiten ez dutela esango nuke: Glaukomak mezu bat dauka eta mezu eta ideia horiek lau haizetara zabaltzen ditu. Era ausartean, hori bai, baina show business-arekin hain ondo bat egiten duten artistilen antipodetan. “Euskarak behar du reggae, euskarak behar du hip-hop””-diote aipatu kantaren zati batean-. “Fire (They’re commin)” mundiala da, bere baitan baitauzka erritmoa, melodia, mezua, eta dantzaren bidez trantzea eragiteko moduko garapen instrumentalak. Kantaren azken bi minutu eta pikoak flotatzen jarriko zaituzte.

“Gure kaiola” beste pieza borobil bat da, teklatuaren presentzia bereziki nabaritzeaz gain crescendo oso eraginkorra baitauka, eta errepika oso itsaskorra da. “Pass the weed”en rapeatzeko estilo zuzena (“2zio bat da euskaraz rapeatzea”!), bukaera aldeko “Pass the wine”ren komertzialtasuna (gitarra nagusi) edota “One, two” (“One two, one two, my name is Juantxo!) totala, zuzenekoetarako sugarra eta gasolina dira, gazteentzako erregaia eta guztiontzako bizitzeko indarra. Horiek guztiak “pajeo instrumentalak” (haiek dioten bezala) inoiz ahaztu gabe, eta horretan datza tipo hauen arrakasta artistikoak. “Herencia” ere, zer esanik ez, ildo horretan doa; baina “Recreation” (9 minutura iristetik gertu dagoen ia pieza instrumentala) entzute hutsa orgasmikoa da eta askoren eskemak apurtuko ditu.

Azken errematea bi kanta oso berezirekin egiten dute: “D.Q.E.M. (Saudade)”, balada antzeko bat iruditu zitzaidan, naiz eta Juantxo Arakamarentzat fado bat den (“nahiz eta haren forma ez izan”). Oso abesti ederra, inondik ere. Eta amaierako “Outro”a, koru oso onak eta arrunt bereziak dauzkana, melodia polita eta goxotasun sentsazio handi bat. Finean, disko oso osatua eta erabatekoa, musikalki oso jantzia eta arima beltzez bustitakoa. Gailurrean behar luke.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.