Giante taldearen hirugarren proposamena zaurgarritasun eta deserosotasunaren aldeko aldarria dela esan liteke. Lehen konpasetatik, diskoak neurtutako tentsioa helarazten du, nota bakoitza apurtzear balego bezala, baina azken istantean, berariaz, zutik jarraitzea erabakiko balute legez.
Euren lehen lanei zerien post-hardcore jarrera hemen ere aurkitu liteke, baina paleta emozional zabalago batean diluitzen da. Gitarrak, oraindik zorrotzak badira ere, ez dute kanpora soilik mozten, baita barrura ere. Melodia dotore eta itsaskorrak dira abesti bakoitza sostengatzen dutenak, ezinegona nagusi den letretan.
Alta, ahotsak dira, agian, gasteiztarren lan berrian, elementurik aipagarriena. Garrasiak baztertu ez badituzte ere, jada ez da euren adierazpen modu bakarra; erregistroa zabaldu egin da. Zenbaitetan shoegaze kutsua dute, eta honek distantzia emozional modukoa eragiten du entzulearengan, letren gordinekin kontrastatzen dena. Dualtasun hori diskoaren ardatz interesgarrienetakoa da.
Baina ez bakarra: lanak duen dimentsio intimoa ere ezin aipatu gabe utzi. "Beste Norbait Izan", izenburutik hasita, gordina da eta guztia ezbaian jartzen du. Hala nola, depresioa, iruzurtiaren sindromea edo norbere buruari diogun beldurra bezalako gaiak lantzen dira.
Abesti batzuk nabarmendu beharko banitu Ostegun bat amildegian aditiboa eta Urte berria barnerakoia aipatuko nituzke. Biak taldearen eboluzioa ederki islatzen dute: aurreko lanetan berehalakotasuna zegoen tokian, orain detaileek hartzen dute nagusitasuna, isiltasuna agertzen da eztandaren aurretik.
Horregatik, ez da harritzekoa lanaren zati bisuala ere mimoz zaindu izana. Rodrigo Almanegra eta Jorge Gonzalezen diseinuek diskoaren izaera ederki laburbiltzen dute: ez dute mina edertzen, baizik eta berau behatzeko gonbita luzatzen dute, begirada aldendu gabe.
Giantek, transformazio betean dagoen taldea dela frogatu du disko honekin, euren pitzadurak sortze material bilakatuz. Erantzunak nahi badituzu, ez da zuretzako; baina zalantzen zurrunbiloan lagun bat nahi baduzu, ez galdu.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.