Demo
Discos / Borla

Demo

7 / 10
Iker Gurrutxaga Zubimendi — 22-02-2024
Empresa — Autoekoizpena
Género — Rock

Iaz Tatxersek diskoa atera eta gutxira jakin genuen Martin Ziriza taldekideak Borla proiektua martxan jarri zuela Timeo Dedieu eta Ander Redinekin batera. Badu unibertso horretatik dezente, 80-90etako rocketik alegia, baina beste modu batean landutako abestiak dira 'Demo' deitu duten maketan kaleratutako bostak, euskaraz zein gazteleraz idatziak. Maketa bat denez, hala ulertu behar da soinua, baina intentzioa argia da eta zuzenekoetan erakutsi dutenaren kritikak ere oso onak izan dira. Beñat Malakias izan da grabaketaren arduraduna eta lokalean zuzenean egin dute guztia.

‘Berandu egin da’ kantuak ematen dio hasiera lanari, eta nahi gabe ere Tatxers etortzen zaigu burura lehen konpasetan. Baina bestelako soinu bat du honek, baxuaren jotzeko estiloak markatzen du desberdintasun nabariena. Moztuta entzuten da hainbat zatitan eta mozketa horiek bateriak ere egiten ditu kantuan aurrera goazen heinean. Rock kantu klasikoa, bi ahotsetara, eguneroko errutinaren inguruan hizketan. Demoaren zikintasuna eskertzen da, inperfekzio horrek freskotasuna ematen diolako guztiari.

Gazteleraz jarraitzen dute, ‘100 cañonazos’ abestiarekin. Gitarra riff luze baten eta baxuaren arteko elkarrizketarekin hasten da, harik eta amorrazioz «agusto ahí sentadico y una, dos y tres matarías a tu madre por la atención de él» esaten duen arte. Zarata besterik ez direla kanoikadak eta zarata horretara ohituta daudela esaten digute segidan. Gustura geratuko zen Ziriza hau grabatzen zuten bitartean, edo hori da behintzat transmititzen duena, deskarga potente bat bezala ulertzen baita abestia.

Egunerokotasunari heltzen dion abestia da berriz ere ‘Astearteko jazza’, «gustu txarreko fikzio bat» kontatzen diguten kantua. Doinu garbi eta zikinen arteko pasarteak ongi nahasten dituen kantua, gerrarentzat distortsioa eta pasadazioentzat garbitasuna. Garbitasuna, zerbait esatearren, maketa soinu horrek ez baitu ihes egiten une batean ere.

Bigarren gaztelerazko kantu bat da ‘Días bien’ abestia. Abiadura gehien duen kantua, harmonikoki soinu bereziak dituena. Ahotsak ere melodia modu berezian erabiltzen du hitzak entonatzerako garaian, ezohikoa. Egun batzuk onak direla eta beste batzuk ez, denok dakigun zerbaiti abestu diete, frenetikoki. Egunerokoa ere horrela baita guretzat. Klaketarik gabe grabatua dela esatera ere ausartuko nintzateke, abiaduran gorabehera txiki batzuk badirelako. Zuzenekoari begira errealismoa ematen dion kantua, beraz.

‘Berorik ez’ kantuarekin ixten dute diskoa Ziriza, Dedieu eta Redinek. Jendarte arrotzean bakardadea sentitzeari uko egin nahi dion kantua, laguntasunak berotasuna ematea eskatzen duena. Bada, lortzen dute musikalki efektu hori eta, ziur, zuzenekoetan ere horrela izango dela. Bost abesti, lagin bat, baina gehiagoren zain geratzen gara. Lehendabiziko borla soil baten ostean, txapelak bigarren bat ere eskertuko du.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.