Bihotza garaile
Conciertos / Viva Belgrado ...

Bihotza garaile

8 / 10
Reuben Weedianaut — 15-09-2022
Fecha — 17 septiembre, 2022
Fotografía — Sanagustin Kulturgunea

Viva Belgrado-ren aztarna estatu mailan eta Europako eszenan edonon topatu dezakegu oro har, baina gure mugen barnean, kordobarren eragina nabarmentzen duten taldeak ez dira hainbeste, are gutxiago Yaw banandu zirenetik. Gaur egun gar hori berpizten doala dirudi (Azkar Zintak zigiluko Ezinegon edo DENA ondarrutarrak, kasu), baina Bananas dira, ziurrenik, aipagarrienak sugarren artean; bai “Malda” mitikoa sortu zutenen errautsetatik jaiotako taldea direlako, edo ta beraien lehen “Garun Ta Eztarri” LPa hardcoreak azken hamarkadan entzun duen diskarik frexkoenetarikoa delako.

Donostiarrak ez dira zuzeneko proiektua sormenez, eta hauxe da beraien bigarren emanaldia diskaren estreinaldia ospatzeko Dabadaba-n emandakoaren ostean. Horrek eta gure musikaren familiak izandako galera (Kordobakoak hurrengo egunean Iparragirre-n eskeini beharreko kontzertua bertan behera gelditu zelarik) bitarteko, Sanagustin Kulturgunea-ren ateetan data berezi baten aurrean geundela somatu zitekeen.

Ordutik hamabost minutura, donostialdeko boskotea taularatzen da, Madeleine-n hotsa duen intro xume baten ostean lehen hirukoari ekiteko. Hasieratik nabaria da ezeroso dabiltzala barruan entzuten dutenarekin, agian eskenatoki txikiagoetara bideratuta dagoela beraien proposamena ala eraikinaren berezitasunak (Bilborock-en antzerako eliza, baina zabalagoa) teknikariaren lana ez duelako errezten; baina “Beste Behin”, ahal den neurrian iratzarri eta Gartxot den eroa aurkituta, aurrera egiten dute gupidarik gabe. Oinutsik, oholtzarekin bat egin nahi balu bezala, “Zenbaterainor” egurraren energiaz baliatuz, garun, eztarri eta gorputza bat egiteko zauriari bere izena ezarriz. Denok izanen gara “Zaldi Beltz Bat”. Beraien arteko konplizitatea goraka doa hirugarren abestiarekin, eta lehen etenaldia ta gero, prest daude bideorriarekin jarraitzeko, “Bideharri” guztiak saiesten beraien trebeziarekin: Iri eta Xabi tinko atzean, Ander eta Itzalek kolorez margozteko Gartxotek erraiekin kantatzen duena. “Azal Bat, Urdina” beraien EPa osorik etorriko da segidan, agian arrisku gehiegi telonero gisa ibiltzeko, baina Touché Amoré kutsu ukaezin horrek eroso sentiarazten gaitu ezezagunagoak diren doinuekin. Jeremy Bolm-en bakardadez askatasunez lotzen gaituzte, “Bizia” ta “Zoriari” abestuz amaiera begiz, “Mundua” guduzelai. Batzen gaitun bakarra distantzia da, eta Viva Belgrado-ren eragina eta senitartekotasuna aldarrikatu eta gero, Cándido bera lehen aldiz euskera zuzenean jorratzen ikusteko aukera dugu, amorruz betetako “Zama” handinahirik gabe garraxiz aberasteko azken txanparen aurretik. Gernikako jendeari doluminak eskeinita, ilusioen erresuma mina alde batera utzirik argiztatzen dute, eta “Kontra Edo Alde” dikotomiaren aurrean, beti aldera izango gaituztelaren froga garbia da “Ulia” bukatzeko. “Jada ez dut lekurik azalean, zoriona ez den ezer barneratzeko”.

Viva Belgrado sarritan ikusi ditugu Euskal Herrian pandemian zehar, baina azken bi urteotan ezberdintasun nabariekin. Jaime (Catorce / DLCALT) Pedroren ordezkotzat ikustera ohituta bageunden, Azpeitian beste Jaime batekin topo egin genuen, Altair eta Aiko El Grupo taldeetan dabilen musikari aparta hau ere. Beraz, ohitura duten setlista ez dute pitzik ere mugiarazten, ta “Una Soga”-k eskenatokira igotzen ditu, tentsioa ezarriz hasiera hasieratik Gartxot geldiezin baten poderioz, lehengo ohiuak laukoteari bueltatuz. Nabarmena da sentimenduak azalean daudela, bai taula gainean ta bai azpian biltzen garen 200 pertsona ingururen artean, DENA-ko taldekideak barne, izan zitekeena atzean utzita. “Al futuro que le jodan, yo qué coño sé”. Nola izan ur ta egarri, pozoi ta antidoto? Horrelaxe. Bihotzak elikatuz gure ezpainetan taupada bihurtzen diren hitzak medio, gure bizitzaren zainak diren abestietan. “Annapurnas” etengabe porrotean bizitzeaz harro sentiarazten gaitu, eta zirrara gure begietan agertzen hasia da. Honek merezi du, bai. “Un Collar” eta “Vicios” bikote galanta bihurtu dira zuzenekoetan, “Báltica”, “De Carne y Flor” eta “Madreselva” hirukotearen parekoa esango nuke, larunbatean ikusitakoaren arabera. Buruz jotzen dute beraien borobilaren barnean guk buruz dakiguna, guk geuk bizi izan bagenu bezala. “El único relato es que no hay ningún relato”, baina hauxe da geure eta beraien kontakizuna. Topa egin dezagun akats berdinak egiten jarraitzeko, plazer handiz ordainduko dugu abesti hauen prezioa hauxe baldin bada etekina. Haragia eta loreak. Ez genuen zauria janztea aukeratu, nabari zaigu ezlekuen partaide garela, baina nola edo hala jaikiko gara. Beti horrela egin dugulako. Zaharrak berri. “Desde mis pulmones hasta algún lugar de mis entrañas masticaré mi dolor”. “Por la mañana, temprano” intentsitatea uzkurtzeko beharra dakar, hedatu eta berriz ere aurkitu gaitezen, baina sekula ere amore eman gabe. Bide luzea egin du taldeak honaino ailegatu arte, asko izan dira bihurguneak errepidean, baina bide hori bat izanik jorratu dugula sentiarazteko trebezia dute beraien kantak. “Hegan joan ziren beldurrak, nire kanturik onenak”. Oroiminik gabe atzera begirada botatzen dute, eta “El Gran Danés” ahutzak irekitzen dituenean amaieratik hurbil gaudelaren seinale da. “Nadie muere bajo el sol”. Eskerrak emateko unea, ez daudenak eta gaudenok gogoan bat. Eta bukatzeko, “Ravenala”, garen guztiari beraiek egindako eskeintza. “A las buenas vistas. A los reencuentros. Y la vida, que es movimiento”. Ez gaitezen gelditu bizi egin nahi baldin badugu.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.