Pete Seeger, klasiko bat betierekoa
Conciertos / Lou Topet & Harkaitz Cano

Pete Seeger, klasiko bat betierekoa

8 / 10
Myriam Garzia — 28-03-2017
Empresa — Loraldia
Fecha — 26 marzo, 2017
Sala — Teatro Arriaga Antzokia / Bilbao
Fotografía — David Mars

Aurreko igandean Arriaga antzokia lepo bete zen, Lou Topet taldeak Pete Seeger folk kantariaren omenez sortutako "Eutsiko diogu, Pete! The Seeger Basque Sessions" kontzertuaz gozatzeko. Horretarako euskal musikan ezagunak diren hainbat kolaboratzaileen laguntza izan zuen musika taldeak, tartean: Aiora Renteria (Zea Mays), Izaro, King Konsul (Revolutionary Brothers), Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Anje Duhalde eta Joseba Irazoki.

Kontzertu berezi hau, egunotan ospatzen ari den Loraldia Jaialdiaren produkzio propioa dugu eta, "Abesti bat gutxiago" (autoekoizpena, 2015), aurreko diskoaren epilogotzat jo daiteke. Disko-liburu hartan "Seegerren Loreak non dira?" egokitu zuen taldeak eta, kontzertu honetarako egindako lana nolabait erregistratzeko "Pete Seeger gogoan" EP berria (autoekoizpena, 2017) grabatu du, orduan erakutsitako sonoritateari eta bideari jarraiki.

Lou Topetek lan itzela egin du Seegerren abestiak moldatzerakoan. Harkaitz Cano idazleak euskarara ekarri ditu eta taldeak musikalki moldatu baina, ez edonola. Seegerrek berak askotan abestien bertsioak egiten zituen, bere garaiko musikari eta lagun zituen Woody Guthrie edota Willy Braggen kantak moldatuz. Oier Arazabal Lou Topeten abeslariak kontzertuan esan zuen bezala “bertsioaren bertsioa” entzun ahal izan genuen igandean.

Baina bertsioetaz baino moldaketetaz hitz egin beharko genuke. Alde batetik, euskarara ekarriak izan direlako kantari amerikarraren ereserkiak, euskara eta ingelesaren arteko zubia eraikiz, Canoren eskutik; bestetik, Rafa Rueda musikariak sortu dituen akordeak taldera ekarriz; eta azkenik, kontzertu honetan parte hartu duten lagunen moduetara egokitu dituzte abestiok.

Lou Topetek Seegerren 14 abesti moldatu ditu kontzertu berezi honetarako. Emanaldia zabaltzeko gospel kutsuko "Mikel, ibai ertza harrapatu" (Michael, row the boat ashore) eta, "Ardoa baino hobe zenbait muxu daude" (Kisses sweeter tha wine) abestiak jo zituzten. Bereziki aipatu beharra dago Joserra Senperenak Hammondarekin egindako lana, folk abesti hauei blues kutsu beltza erantsiz. Rafa Ruedaren gitarra elektrikoa ere, ezin baino hobeto egokitu zen, folketik rock elektrikora dagoen bide luzea (ala laburra) erakutsiz. "Abesti bat Gutxiago" diskotik berreskuratutako Ingrid Bergman abestiaren atzetik, "Buztan urdindun eulia" (Blue tailed fly) abestia etorri zen. Aranzabalek girotuta (askotan abestien bertsoak aurreratuz), publikoa abesten jarri zuen.

Segidan, Aiora Renteria (Zea Mays -goiko argazkia-) atera zen oholtzara txalo artean "Gaur, gaur, gaur" (Turn, turn, turn) abestia kantatzera. Ez zuen huts egin kantariak eta bere ahotsaren ahalmenarekin liluratu gintuen, nahiz eta soinu aldetik esan beharra dago, mikroak ez zuela beharrezko bolumena izan.

Joseba Irazokik slide gitarrarekin lagundu zuen "Kutxa Txikiak" (Little Boxes) abestia. Arazabalek azaldu bezala, Victor Jararena da abesti honen bertsio ezagunena (Las casitas del barrio alto) baina, igandeko kontzertuko bertsioa azkarragoa eta hitzen aldetik, gurera ekarria izan zen. “Udalekuak dituzte,/kamera digital Nikon:/“Deustun ondo lizentziatu/deretxo-eko-no-mi-kon...” bertsoak entzun ahal izan genituen (Canoren umore sotilari esker).

King Konsul abeslariak (Revolutionary Brohers) "Loreak non dira?" (Where have all the flowers gone?) abestiari kutsu afro-reggae erantsi zion eta, horrela beregatu zuen abestia eta publikoa. Honen ostean Izaro (goiko argazkia) abeslariaren txanda heldu zen Bob Dylanen "Ez pentsatu horretan" (Don´t think twice it´s all right) abesteko. Kantari gazteak harritu gintuen bere ahots pertsonalarekin eta, Aiorak egin bezala, emakume ahotsari esker, erabat gaurkotu zuen Dylanen abestia.

Eñaut Elorrietak (Ken Zazpi - beheko argazkia) duela hiru urte Seeger hil zenean sortutako abestia jo eta abestu zuen. “Nork esango zidan orduan sortutako abesti hau zuekin partekatuko nuela gaur” esan zuen abeslari gernikarrak, hunkituta. "Norekin hago?" (Which side are you on) iraultzailea Joseba Irazokik lagundu zuen banjoarekin eta, honen ostean, kontzertuaren une gorena heldu zen, Anje Duhalderekin, "Lur hau zurea" (This lans is your land) ezagunarekin. Duhalde gitarrarekin aritu zen, taldeari laugarren gitarra erantsiz (Ruedaren elektrikoa, Aranzabalen akustikoa eta Irazokiren slide gitarra). Publikoak gogotsu jarraitu zuen abestia, ahoz gora abestuz AEBetako ereserki ezkertiar eta alternatibotzat jo daitekeena.

Kontzertua bukatzeko "Gabon Ailin" (Good night, Irene) pieza bitxia jo zuten, halako soinu eztada bat sortuz (Irazokiren banjoak ez du zerikusirik Seegerrenarekin!). Publikoak bisak eskatu zituen eta, "Mailu bat banu" (If I had a hammer) eta publikoak ahoz gora jarraitutako "Izan bagara" (We shall overcome) abestiarekin, musikari guztiak aholtza gainean zeudela (11 musikari guztira), bukatu zen kontzertua.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.