Nire bizitzaren diskoak: Lide Hernando (Liher)
Especiales / Liher

Nire bizitzaren diskoak: Lide Hernando (Liher)

Zarata — 27-06-2022
Fotografía — Urko Ansa

Lide Hernando musikari donostiarrak, Liher taldeko abeslaria, bere bizitzan garrantzitsuak izan diren diska sortak eskeintzen dizkigu.

1. Cristina Aguilera “Stripped” (2002)
Gogoan dut garai hartan, disko honetan hartu zuen izaera berriarengatik, mundu guztia haserretu zela Xtinarekin. Niretzako super-heroi bilakatu zen, ordea; gerora gazteagoentzat Miley Cyrus izan den bezala. Stripped-en dozenaka produktorek parte hartu bazuten ere, eta duda dudan arren ea Xtinak berak abestiren bat idatzi zuen ala ez, kontua da niri disko honek, nerabezaroaren hasieran, bizitza aldatu zidala. Ze melodia, ze estribillo, ze flow. Ze ahots, ze indar. Oraindik ere noizean behin bisita bat egiten diot disko honi, eta harro sentitzen naiz nire barneko nerabe horretaz.

2. Berri Txarrak “Libre” (2003)
Talde honek agertu behar zuen nonbait, eta oso zaila egin zait euren diskorik kuttunena hautatzea. Baina nire buruarekin zintzo izanda, egia da disko honekin sartu nintzela ni Berri Txarrak-en munduan, eta honekin egin dut negar gehien (negar egitea musikarekiko maitasuna neurtzeko modua balitz bezala). Gero nire ustez hobeak izan diren diskoak etorri dira: Jaio.Musika.Hil; DDPB... baina Libre, Libre izango da beti niretzako.

3. Nirvana “Nevermind” (1991)
Nola ez sartu Nirvanaren totema den lan hau. Nik uste garaian 15-20 urte artean genituen pertsona orok genuela cd hau gure logelan bueltaka. Niri, zehazki, rockaren mundua beste prisma batetik ikusarazi zidan: ez zela soilik indar kontua, baizik eta zaurgarritasunetik ere abestu zitekeela. Tripetatik. Abesti orori eskalarekin bat ez datorren akorde disonanteak ezartzearen beharra ere hortik etorriko zait, akaso. Musikak ez duelako soilik plazera eragin behar.

4. Red Hot Chili Peppers “Californication” (1999)
Around the world amaitzen ari zenerako banekien Parallel Universe zetorrela, eta horren ostean Scar Tissue. Hainbeste alditan entzun nuen nik disko hau, ezen makinaria guztia nire buruan era perfektuan kokatuta baitzegoen; eta norbaitek bere mp3-an egindako playlist randoma uzten zidan bazidan eta hor, era sueltoan, disko honetako abestiren bat baldin bazegoen, ostera disko honekin zerikusia ez zuen beste edozein abesti sartzeak erabateko frustrazioa eragiten zion nire burmuinari. Rocka pop doinuekin nola uztartu eta, batez ere, eszenatokian izan behar den jarreraren inguruko masterclass handiena Chilli Peppersek eman zidan.

5. Marea “Besos de perro” (2002)
Ezagutzen dudan ororen ahotan Marea Extremoduroren kopia merkea dela entzun izan dut beti. Ba zer egingo diogu, nik Marearekin egin nuen topo Robe eta bere lagunen aurretik; eta Berriozarrekoei esker biziarun nuen batxilergoa. Sentitzen nuen emozio-zurrunbilo eroari hitzak jartzeko gai zen Kutxi Romero, eta beti egongo naiz berari eskertuta horregatik. Disko honetako letra guztiak ikastera iritsi nintzela, erdiaren esanahia ulertzen ez banuen ere? Orain ez ditudala apenas gogoratzen? Bai, onartzen dut.

6. Alicia Keys “Songs in A Minor” (2001)
Eta iritsi zen Alicia eta RnB-aren flowa zer zen erakutsi zidan. Kontua ez dela soilik ahotsarekin giro politak egitea; kontua zen zerk eramaten zintuen ahotsa horrela dantzaraztea. Komunitate afro-amerikarrak beti edukiko du sen hori bere baitan, euren bizitzan eta harremantzeko moduan dagoelako, ADN-an. Zenbat alditan imitatuko ote nuen New Yorkarra ispiluaren aurrean...

7. Janis Joplin “Pearl” (1970)
Joplin beti izan da nire klasiko kuttunenetariko bat. Tekniko jarrita, badakit soularen beste ahots batzuk askoz ere perfektuagoak direla, interpretazioan matiz gehiago dituztela, eskala gehiago abarkatzen dituztela... baina Janis Joplinek du, nire ustez, modurik sakonenean soula edo ARIMA bere ahotsera itsatsita. Pearl entzuten dudan bakoitzean nire alderik primitiboenarekin konektatzen dut.

8. Foo Fighters “Echoes, Silence, Patience and Grace” (2007)
Nerabezaroan rockarekiko zaletasuna piztu zitzaidan. Ostera, Soulak eta RnB-ak kendu zioten postu hori. Foo Fightersi zor diot gehien bat helduaroan rockari berkonektatzea. Dave Grohl eta lagunak saihetsi izan nituen hainbat urtez, eta azkenik, musikan hasia nintzela, taldekideek esan zidaten ea zertan ari nintzen rocka egiten eta Foo Fighters entzun gabe. Euren diskografia osoa entzun nuen eta, dudarik gabe, Echoes izan zen nirekin momentu hartan gehien konektatu zuena. Ez bakarrik The Pretender edota Let it die bezalako temazoengatik; disko honek duen rockaren eta akustikaren arteko sinbiosia benetan ederra iruditzen zait.

9. Where the light is: John Mayer live in Los Angeles (2007)
Buf. Zer esan John Mayerri buruz. Heldua nintzela deskubritu nuen, eta benetako pena sentitzen dut ezin izango dudalako jada hori baino lehenago ezagutu. Nik John mayer zuzenean abesten entzun nuen lehenbizi; ez kontzertu batean, bideo batean baizik. Orduztik, bere estudioko diskoak onak iruditzen zaizkidan arren, ezin izan ditut inoiz zuzenekoak bezala baloratu. John Mayer beti izango da hobea zuzenean. Hau da niretzako munduko zuzeneko diskorik onena, eta punto. Mayerrek bakarlari gisa hasten du kontzertua, bere gitarra eta bere ahotsarekin, ez besterik; ostera set berezi bat egiten du bere John Mayer Trio blues hirukotearekin, estilo honetako hainbat abesti propio eta bertsio joz; eta, amaitzeko, banda osoarekin beste abesti batzuk jotzen ditu, haize instrumentu, korista eta guzti. Zerrenda honetako diskoren bat entzutera bazoazte, izan dadila hau, mesedez. Ez zarete damutuko.

10. Queens of the Stone Age “...Like Clockwork” (2013)
Queens of the Stone Age-rengan dudan zaletasuna eskuratzea musika entzule gisa heldutasun batera iritsi izanarekin lotzen dut. Musika mota hau ez luke nire ni nerabe horrek entzungo sekula; baina belarria trebatzearekin batera gauza berriak gustatzen hasten zaizkigu denoi, eta niretzako hau da horietako bat. Rock-a prisma berri batetik jorratzen dute, freskoa, berezia, propioa, etiketarik gabe. Momentu honetan nire disko-jogailuan nahitaezko diskoa bilakatu da hau; sekulako harribitxiak ditu, If I had a tail, Smooth sailing, My god is the sun... Eskerrak musika-zaletasunari!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.