“Argia, ezkutuan bada ere, beti dago hor”
EntrevistasSua

“Argia, ezkutuan bada ere, beti dago hor”

Jaione Dagdrømmer — 04-12-2025

SUA taldeak, euren hirugarren lanarekin (“Bide Ilunek Argitzen Zuten Dena”), ziklo bat itxi dute txingar berriak piztuz. Ane Barrenetxeak kontatu digunez diskoak taldearen eboluzio pertsonala erakusten du, ilunean bilatutako argiaren indarrarekin rock freskoa dakarte. Intentsitatea, samurtasuna eta amorrua konbinatuz entzulearekin berehala konektatuko duen disko ederra sortu dute.

Bide Ilunek argitzen zuten dena (2025) diskoak Ordu Beltzak (2019) eta Gorde Genituen Beldurrak (2022) lanekin hasi zenuten zikloa isten duela aipatu duzue. Zertan eboluzionatu edo hazi zaretela esango zenuke ordutik?
Orokorrean, taldeko denok garapen pertsonal eta musikala izan dugu eta noski, esperientzia eta denborak ematen dizun heldutasun musikal hori nabari dela esango nuke.

Disko honetan hondoa jo eta iluntasunean argia bilatzeaz diharduzue. Bilatu al duzue argi hori?
Argia, ezkutuan bada ere, beti dago hor. Pertsona bakoitzarengan dago. Itzalita dagoenaren kontzientzia izatea eta argia piztearen bidea ekitea da gakoa, esperantzarik galdu gabe.

Argi dagoena da diskoak indar berezi bat transmititzen duela, borroka grina. Zer espero duzue entzulearengan sortzea?
Entzuleek SUAren soinu hori identifikatuko dutela esango nuke. Askotan esan digute indarra transmititzen dugula, zuzenekoetan batez ere. Baina indarraz gain, gorrotoa, desfasea, alaitasuna, jolasa, tentsioa, goxotasun edota samurtasuna sentitzeko aukerak ere badaude disko honetako abestiak entzutean.

Energiaz betetako rock freskoaren alde egin duzue disko honetan. Erabat kutsakorra da diskoari darion bizitasuna. Naturaltasun eta freskotasun hori bilatua izan al da? Diskoa asko hurrundu al da hasierako emaitzatik?
Abestiak kontzienteki konposatzen hasi ginenean, dinamika horretan sartzea kosta egin zitzaigun, inspirazioa ez da beti presente egoten eta. Zenbait abestietan zati batzuk zehaztuak genituen, baina azken emaitzak ez gintuen konbentzitzen. Horregatik, abesti batzuk aldiz-aldiz sortu ditugu, ideiak etorri eta probatu ahala, konposizio momentu ezberdinetan. Alabaina, abesti gehienen kasuan, lehen akordeetatik bagenekien zein izango zen abestiaren norabidea eta intentzioa. Beraz, bai, naturaltasunez joan gara dena engranatzen eta pozik gaude lortutako emaitzarekin.

Abesti bakoitzak iluntasunetik abiatzen diren esperientzia edo egoera ezberdinak deskribatzen ditu. Nola aukeratzen duzu zein bizipen transformatu abestietan eta zein ez?
Bitxia da, baina musikak eramaten nau momentu, egoera edo istorio jakin bat kontatzera. Musika entzutearekin soilik ideiak eta irudiak datozkit burura. Gure konposizio moduan musika da oinarria, ondoren melodia eta horren bueltan mezua eraikitzen joaten gara.

Rollercoaster abestian The Baboon Show taldeko Cecilia Boström-ek kolaboratzen du. Bere indarrak erabat bat egiten du diskoaren energiarekin. Nola sortu zen kolaborazio hau?
The Baboon Show taldearekin hainbat kontzertu eman ditugu, eta gainera, beraien Alemaniako birara gonbidatu gintuzten. Guretzat amets txiki bat betetzea izan zen, oso aberasgarria. Rock and roll espiritua bete betean bizitzeko aukera izan genuen: furgoneta hartu, 19 orduko bidea aurretik, bost egun eta sei kontzertu. Kontzertu horietan harreman ona sortu zen gure artean. Horri esker, diskoa sortzen ari ginenean Ceciliarekin kolaborazio bat egitearen ideia otu zitzaigun eta idatzi egin nion. Argi genuen Rollercoaster abestia zela berarentzako aproposena.

Oro har, zein izan dira zuen inspirazio iturriak, bai musikalak, liburuak, pelikulak, bizipenak…?
Ezingo nituzke zehatz mehatz zerrendatu, finean, laurok kontsumitzen dugun guztiak duelako eragina, baina aipatzekotan 90. hamarkadako rock alternatiboa oso presente dagoela esango nuke. Turnstile moduko taldeak askotan entzun ditugu furgonetan eta Julen (Gilbert Wright) shoegaze amorratua da. Arteari dagokionez, Basquiat eta antzerako artistak izan ditut inspirazio iturri, horrela jaio zen Santu edo Heroi abestia.

Tio Pepe estudioan grabatu duzue José Lastra-rekin. Ekoizpenean Jon Badiola aritu da. Zer moduzkoa izan da sorkuntza prozesua?
Disko honen atzean ekoizpen lana egotea nahi genuen, gure lanari beste ikuspegi bat eman ahal izateko. Jon Badiolaz ondo hitz egin ziguten eta berarekin probatzera animatu ginen. Jon profesional fina izateaz gain pertsona ona da eta argi zeukan erabakiak guk hartu behar genituela. Oso ondo errespetatu eta kudeatu ditu gure denbora eta ideiak. Oso erraza izan da berarekin lan egitea. Elkarrekin egindako bidea oso aberasgarria izan da.

Estudioari dagokionez, aurreko lanak Haritz Harreguyrekin grabatu ditugu, oso profesionala eta pertsona bezala ere hamarrekoa, baina etxetik nahiko urrun geratzen zaigu Usurbil. Horregatik, guretzako hurbilagoa eta erosoagoa izango zen zerbait bilatu genuen. Horrela iritsi ginen, zenbait kontzertutan gure soinu teknikaria izan zen José Lastrarekin grabatzera. Estudioaren gertutasunak eta konfiantzazko pertsona batekin grabatzeko aukerak berehala konbentzitu gintuen eta ez genuen bitan pentsatu.

Diskoa osatzen duten hamar abestietatik, ba al dago bat bereziki hurbila sentitzen duzuena?
Bai, Martxoa abestia. Letrek bizipen pertsonalak, beste batzuen errealitateak edo asmatutako istorioak kontatu ohi dituzte. Kasu honetan lehenengo pertsonan kontatua dago. Harreman esporadikoak nagusi diren gizarte honetan, norbaitekin benetako konexio bat izatea lorpen handia da eta hori balioetsi da abestian.

Diskoaren indar eta emozioa nola eramango duzue zuzenekoetara?
Orain arte egin izan dugun bezala, gogoa, intentzioa eta oholtzaren gainean gure proposamen musikala erarik errealenean erakusten saiatuko gara. Egiten duguna ahalik eta hobekien defendatuko dugu publikoak gurekin gozatu dezan eta, gurekin dauden tarte horretan bederen, errealitateaz ahaztu daitezen.

Behin diskoa kaleratuta zer amets betetzea gustatuko litzaizuke?
Ameslariak garen arren, ez ditugu inoiz lortu beharreko helburuak finkatu. Musikan gaudenetik inoiz imajinatuko ez genituzkeen aukerak irten zaizkigu eta Alemania, Japonia eta Korean gure musika eta euskara zabaltzeko aukera izan dugu. Gogoratzen naiz Janirerekin SUA hasi nuenean hau esan niola: “Janire, proiektu honekin Bilboko Kafe Antzokian jotzen badugu, lasai hil naiteke”. Beraz, bizitzak dakarrena ilusioz hartzeko prest gaude.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.