Bertsioz osatutako lana da, baina erabat propioa: euskaraz kantatua, soiltasunean indarra aurkitzen duena, eta bidea bera balioan jartzen duena. Urteurrenaren hasiera ez ezik, etapa baten itxiera eta beste baten hasiera ere bada.
Martxoan Madrilen (Sala El Sol, 14an) eta Bilbon (Arriaga Antzokia, 19an) arituko dira zuzenean.
“Galdu baino lehen” atzera begirako ariketa da, zuen hastapenetako kantuak berreskuratuz. Zer piztu zitzaizuen barruan kantu hauek grabatzeko beharra sentitu zenutenean?
Betidanik izan dugu kantu hauekiko atxikimendu berezia, zorretan egongo bagina bezala, eta buruaren izkina batean eduki dugu proiektu hau gauzatzeko asmoa. Åben Cirkel grabatzeko saioetan denbora soberan izan genuen estudioan, eta proba batzuk grabatzeko aprobetxatu genuen. Hari hartatik tiraka, eta 10. urteurreneko kontzertua prestatzeko prozesuan, zuzenean lau abesti hauek grabatzea polita eta poetikoa zen.
Lau kantu hauek zuen ibilbidearen oinarrian daude. Zer ikusi duzue gaur egun kantu hauetan, lehen begiradan ikusten ez zenutena?
Ezinbestean, denboraren joana eta haren balioa. Kanta hauek parentesi bezala ulertuko bagenitu, lehen “parentesi” hori 2016an ireki genuen, musika munduan lehen pausoak ematen ari ginelarik. Hamar urte beranduago berreskuratu ditugu eta gaur egungo gure buruaren testuingurura ekarri, bigarren “parentesi” hori jartzeko. Esan genezake kanta hauek 10 urte atzera begiratzeko leiho bat izan direla nolabait: bide guztia errepasatu, balioa eman, momentu batez harrotasun txiki bat sentitu, buelta eman eta aurrera begira lanean jarraitu.
Mecca estudioan zuzenean grabatu duzue lana, Nacho Murrekin. Zer bilatzen zenuten formatu zuzen horrekin? Zer ematen dio kantuari estudioan “berehala” grabatzeak?
“Berehala” hori kakotx artean jartzea ongi dago… Txantxak alde batera utzita, Nacho Mur-ekin lehenago egindako abestietan atzeman genuen errespetu handiz lortzen duela taldeak momentuan izan behar duen egiazko soinu hori. Beharrezkoa iruditzen zitzaigun disko hau gauden momentuaren egiazko argazki bat izatea. Zuzeneko grabaketek badute beren alde ona eta txarra. Glastonbury kantuan egin genuen lehen aldiz proba, eta asko gustatu zitzaigun feeling hori: nola harrapatzen duen gizatasuna, bere inperfekzio eta goxotasunarekin. Kasu hartan, soilik baxua-bateria dupla geratu zen toma finalean, baina hori izan zen harra.
EP txiki bat izan arren, oso trinkoa da emozionalki. Kontzienteki egin duzue formatu labur honetan emozio-karga handia pilatzea?
Normalean gauzak ez ditugu kontzienteki egiten; oso biszeralak gara zentzu horretan. Sentitu bezala egiten dugu gehiena, ez dakigu besterik. Proiektu honek bazuen karga emozional handia, eta hori islatu da kantetan, besterik ez. Azken finean, duela hamar urteko kantuak berrartu ditugu eta gaur egunera ekarri; txikitako argazkiak berrikustea bezala da, argazkiaren atzean zeuden oroitzapen guztiak harrotuz. Lehen entseguetan abestiok kantatzean jada sentitu genuen emozio-lurrikara hori.
“10. urteurreneko kontzertua prestatzeko prozesuan, zuzenean lau abesti hauek grabatzea polita eta poetikoa zen”
EP hau zuen 10. urteurrenaren ospakizunaren hasiera ere bada. Zer leku dauka lan honek urte guzti hauen barruan?
Ospatzea anitza da guretzat, eta 2026ko birako zuzeneko kontzertuekin ospatu nahi genuen bezala, opari hau ere egin nahi genion geure buruari. Esan bezala, denbora generaman proiektu hau buruan, eta momentu perfektua iruditu zitzaigun 10. urteurrenaren atarian grabatzea, aurreko etapa itxi eta berri bat hasiko bagenu bezala.
Diskoaren izenburua, “Galdu baino lehen”, oso esanguratsua da. Zer esan nahi du zuen kasuan? Zer dago “galdu” horren beldurrean?
Galdu baino lehen gorde behar diren kantuak iruditu zitzaizkigun. Talde hasi berri batek, normalean, kantu propio nahikorik eduki ezean erabiltzen dituen errobera txikiak dira, gerora alboan uzten dituenak. Baina, era berean, badira talde edo musikari bezala nor garen definitzen lagundu diguten lehen pausoak; horregatik, bidean eroritako argazkiak jaso nahi genituen, inoiz ez dugulako ahaztu nahi nondik gatozen.
“Etxerik ez badago” kantuak hutsunea, ziurgabetasuna eta deserria lantzen ditu. Nondik dator emozio hori? Norberaren bizipenetik ala begirada kolektibo batetik?
Badu Frightened Rabbit taldearen Keep Yourself Warm abesti originalak minetik eta huts-sentitze horretatik asko. Hori abiapuntutzat hartuta, askotan taldean abesten ditugu norbanakotik datozen irudiak, adinkide garen heinean elkarbanatzen direnak. Hutsa sentitzea askotan itzuli zaren leku horretara, jada ez-leku bihurtua. Horrek eramaten gaitu ez-leku berri baten beharra izatera: etxe bat eraikitzera, seguru txikiagoa, seguru hotzagoa.
“Kantu zahar bat”-en errepikapena eta itzulera daude erdigunean. Kansas City helmuga sinboliko gisa agertzen da. Zer adierazi nahi zenuten bidaia etengabe horrekin?
Kantu hau da, Gertu eta Itzuli Neri-rekin batera, lehen egunetik gurekin egon eta jarraitzen duen bakarra. Bob Dylanen letra bati musika jarri zion Marcus Mumfordek (Mumford & Sons), eta guk kantua euskaratu eta gure egin genuen. Beti eduki dugu lotura “bidea”rekin eta faltan dugunari kantatzearekin; horregatik konektatu genuen hasieratik kantuarekin.
“Galdu baino lehen gorde behar diren kantuak iruditu zitzaizkigun”
“Hamaika kanta”-k badu kutsu existentzial oso nabarmena: ematea, nekea, jarraitzea. Zein momentu pertsonaletatik edaten du kantu honek?
Abesti hau ere taldearen sorrera-prozesu hartan egin genuen. Damien Juradoren ‘Working Titles’ kantuaren moldaketa bat da, letra guztiz propioarekin. Kantugintzaren inguruan mintzo da: nola gure ametsak, beldurrak eta minak kantuetan kateatu nahiko bagenitu bezala; pasioaren indarraz, guztia eman eta hustuta geratu arren, nola beti itzultzen garen prozesua errepikatzera, gauero aurpegia puztuta etxeratzen den boxealariaren antzera. Bizirik sentitzeko obsesioaren masokismoa.
“Gure lekua(n)” da EPko kantu argitsuena, komunitatearen eta parte izatearen sentimendua gehien nabarmentzen duena. Zein da zuen “gure lekua” hori gaur egun?
Berriro ere bidearen obsesioa. Buelta asko eman dizkiogu, eta disko guztietan egon da oso presente, baina ‘Åben Cirkel’-erako horrekin moztu genuen. Etxera itzultzeko beharra sentitzen genuen, eta hala irudikatu dugu, bai kantuetan eta baita eszenatokian ere: Aneren itzulera, zauriak sendatzea, lilura berreskuratzea… azken finean, “gure lekua” bilatzea. Azken urte hauetan gauza polit bat deskubritu dugu; erabateko topikoa da, baina egia osoa ere bai: gure lekua gu geu gara. Gu bostok gauden edo goazen tokian salbu eta zoriontsu sentitzen gara.
Zuen ustez, lau abestietatik zeinek laburbiltzen du hobekien “Galdu baino lehen”-en espiritua?
Bakoitzak badu bere zatia, bere errepresentazio propioa, baina akaso ‘Kantu zahar bat’ izan daiteke hobekien laburbiltzen duena elkartze eta ospatze horren espiritua. Urteak pasa arren abesti zaharretara itzultzea oso bizigarria eta, aldi berean, lasaigarria izan daiteke.
EP osoa bertsioz osatua dago, baina euskaraz kantatuta. Zer aldatu da kantuen hizkuntza aldatzean?
Kantuak geure egin nahi genituen, erabat irentsi eta gure unibertsora integratu; ez genuen cover sorta bat grabatu nahi. Horretarako, ezinbestekoa da gure hizkuntzara ekartzea, gure mezuak egunerokotasunean hitz egin eta amesten dugun hizkuntzan kontatzea. Eduki dugun feedback bakarra Damien Juradorena izan da: erabat hunkituta geratu zela onartu zigun, literalki esan zuen “I am moved to tears”. Ez da gutxi, eh.
Zer prozesu dago atzean kantu bat beste hizkuntza batera moldatzean? Zer aldatu da, eta zer mantendu nahi izan duzue ezinbestean?
Gure ustez, kantuak ezin du zentzua galdu. Letrak alda daitezke eta bertsioak askotarikoak izan, baina moldaketak beti izan behar du bere zentzu propioa, originalaren emozioa errespetatuz. Gure kasuan, letra batzuetan gaia errespetatzen dugu; beste batzuetan, berriz, abestiaren mina. Zauri ezberdinak marraztu daitezke min bera irudikatzeko. Esaterako, gutako inor ez da inoiz Kansas City-n egon, eta ziurrenik ez genuke jakingo AEBetako mapan kokatzen, baina hor mantendu dugu, nolabaiteko helmuga gisa; ulertzen dugulako kantuan zer adierazten duen eta geure egin dugulako. Norberak bilatu behar du bere “Kansas City” propioa.
Zuen ustez, euskarak beste ñabardura bat ematen die kantu hauei aurreko bertsioekiko?
Bai eta ez. Hori entzulearen esku dago, eta erabat zilegi da bertsio batek edo besteak barrenak gehiago mugitzea. Askok originala nahiago dute, eta beste batzuek, euskal entzuleek batez ere, letra gehiago ulertzeagatik hobeto sartuko dira kantuaren unibertsoan eta emozioetan.
Nacho Mur izan da ekoizlea. Zer ekarri dizue berarekin lan egiteak oraingoan?
Nacho laguna dugu jada, eta horrek asko errazten du prozesua. Ondo ulertzen eta ezagutzen gaitu, eta hori da laguntzarik onena autoerretratu bat egiteko garaian. Artifiziorik edo arrotz zaigun elementurik gabe, taldeak barruan duena landuz, ahalik eta emaitza finena lortzea.
Grabaketa zuzenean egiteak arrisku handiagoa dakar, baina baita egia gehiago ere. Zer galdu eta zer irabazi duzue hautu horrekin?
Zuzeneko grabaketak denbora eskatzen du, iritsiko ez den toma perfektu horren bila; elkarrekin jarri eta abestiak bata bestearen atzetik jo. Halako batean, tren zahar baten motorra bezala, atmosfera berotzen hasten da, eta groove hori pizten da: denok makina bera bagina bezala. Ez goaz klaketak markatzen duen tempo erregularrean, baina denok pultsu berean goaz, taupadak sinkronizatuko balira bezala. Abestian sartzen zara, eta bertan bizi. Gure lehen esperientzia izan da talde osoa zuzenean elkarrekin grabatzen: ez dago handirik grabatuta, txiki eta goxo, oso natural.
EP honetan soinu biluziagoa, gardenagoa nabaritzen da. Zuen bilakaeraren barruan, zer leku hartzen du soiltasun horrek?
Ez genien abesti hauei ezer erantsi nahi. Beti jo izan ditugun bezala ulertzen genituen, eta hori harrapatu nahi izan dugu diskoan: ez gehiago eta ez gutxiago. Cover bat egitea nahiko sentibera da; ez genuen ezer pretentziosorik nahi. Bertsionatzen ari garen artistak oso finak dira, eta askotan hobe da gutxi eta ondo esatea.
10 urte bete dituzue talde bezala. Atzera begiratuta, zer da hasierako Nøgenek oraingoarekin partekatzen duena?
“Pringatu” batzuk garela. ‘Pringatuak’ zentzu onean: badakigu ez dakigula ezer, baina ikusi eta ikasteko gogo handia dugu. Gustatzen zaigu mahukak jaso eta lan egitea, gauzak probatzea, akatsak egitea eta pasioa nolabait bizirik mantentzea.
“Zuzenekoetan transmititzea gustatzen zaigun gertutasuna eraman nahi izan dugu estudiora”
Zer ikasi duzue urte hauetan guztietan musikaz, taldeaz eta zeuen buruez?
Bost gara, eta galdera honek mila erantzun izan ditzake. Lerro hauetan sartzeko modukoa: bizitzaren laburtasuna eta zaurgarritasuna; gure esku ez dauden faktoreek errealitatea erabat alda dezaketela onartzea, txarrera zein onera; eta norbera zoriontsu egiten duten gauzetan fokalizatzearen garrantzia.
Zerk eusten dio Nøgeni gaur egun: musikarekiko grinak, talde barruko harremanek, ala entzuleekin sortu duzuen loturak?
Kasu honetan ere mila erantzun izan genitzake, eta guztiak nahastuta. Lehen puntuan badago musikarekiko grina, oraindik gauzak kontatu eta kantatu beharraren sentsazioa (bestela Volleyball talde bat sortuko genuke), baina ez edonola: taldea eta norbanakoak errespetatuz, eta elkarrekin amestuz. Oso polita da ikustea nola taldea sortu genuenean denok unibertsitatean eta gurasoen babesean bizi ginen, eta nola hazten ari garen elkarrekin, edozein gazteren antzera, bizitzan ahal bezala aurrera eginez.
Zuzenekoan grabaketan sortu den gertutasun bera transmititzea lortu nahi izan duzue?
Alderantziz izan dela esango genuke. Zuzenekoetan transmititzea gustatzen zaigun gertutasuna eraman nahi izan dugu estudiora. Asko gustatzen zaizkigu kontzertu txikiak, akustikoan, eta abestien artean kontu kontari ibiltzen garen horiek. Etxekotasun hori eraman nahi izan dugu estudiora.
Zuen ustez, entzuleak zer aurkituko du zuzenean EP honetako kantuak entzutean, diskoarekin alderatuta?
Bizpahiru kontzertu eskaini ditugu diskoa kaleratu genuenetik, eta kasu guztietan mantendu dugu gertutasun-sentsazio bera: kontzertua norbaiten etxeko saloian gertatzen ariko balitz bezala. Orain, 2026ko bira berriaren baitan, oraindik ez dakigu zein eboluzio biziko duten kantu hauek; urte amaieran kontatuko dizuegu, jeje.
“Galdu baino lehen” iraganera begirako lana da, baina hemendik aurrera, nora begiratzen du Nøgenek?
Hasieran esan bezala, nahiko biszeralak eta epe motzekoak gara, gaur egun agian ez ohikoak ezta komenigarriak ere, agenda hain lotuen artean. Argi daukagu musika egitea eta kontzertuak ematea gustuko dugula. Oraingoz, 2026ko biran jarrita dugu fokua: 10 urte, 10 kontzertu
eskainiko ditugu, kontzertu bakoitza bakarra izan dadin erronkarekin. Kontzertu bakoitzak izango du bere testuingurua eta berezitasuna; errepikaezintasun hori landu nahi dugu. Gauzak behin gertatzen dira, eta hori onartu, bizi eta disfrutatu beharra dago; bestela, balioa galtzen dute.
Zein da gaur egun Nøgenen erronka nagusia talde gisa?
Arina eta oso helburu txikia dirudien arren, egiten dugun gauza bakoitzarekiko pasioa mantentzea. Egiten duguna egiten dugula, harekiko benetako lotura sentitzea eta gu garenaren isla izatea. Prozesu horrekin disfrutatzen jarraitzea, izan kontzertu ostean lau ordu lo egin eta lanera joatea, beste herrialde batean jotzeko aukera agertzea, edo disko berri bati forma ematea. Argi daukagu lan handia dela hau guretzat, baina ez dela gure lana. Gozamena desagertzen denean, gu ere desagertuko gara.
Eta azkenik, gaur egun, zer da zuentzat Nøgen izatea?
Ez dugu inoiz planteatu Nøgen garenik bere horretan. Nøgenekoak gara, eta uste dut zentzu horretan hori nahiago dugula: Nøgeneko ‘pringatuak’. Gu gainditzen gaituen gauzak egiteko modu bat da hau, lagun artean, beti jende onez inguratuta, beti bideari balioa emanez. Prozesu guztiak kontzienteki egiten saiatzen gara; ez du zentzurik prozesuan begiak ixtea ez ikusteko, baizik eta ixtea gehiago zentratzeko eta disfrutatzeko. Ez dakit… lagunak, maite dituzten gauzak egiten.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.