Ursula Strong (Zuloak, Las Culebras) eta Koldo Soret (Surfin Kaos) dira Niña Coyote eta Chico Tornado. Oraingoan “Eate” kaleratu berri dute, hamalau abestiz osatutako euren bigarren lan luzea.

“Eate” hitzak badu bere azalpena. “Eate desastre naturalen jeinua da Euskal mitologian. Ekaitz, haizete, uholde eta suteena, naturaren indar suntsitzailearena. Hauek datozenean Eateren orrua entzuten omen da, eta badator tornadoa…”. Gauzak begietatik ere sartzen zaizkigunontzat portada erakargarria aukeratu dute berriro ere. “Gaur egun ohituta gauden irudi goxo baino zakar, ikusteko eder baino ulertzeko gogor hoietako bat sortu nahi genuen oraingoan, eta beste behin Error! Design-eko Xavi Fornérekin primeran ulertu gara”.

Ez da erraza izaten norbere lana deskribatzea. “Aurrekoetan bezala gure musikarik gustokoena sortzen saiatu gara. Uste dugu emaitza nahiko pertsonala dela beste behin, nahiz eta zapore askotako eraginak nabari daitezkeen”. Nolabaiteko eboluzioa somatzen dute. “Soinua asko egonkortu dugu, baxuaren simulazioaren soinua hobetu dugu, gitarrena ere, eta oraingo honetan organoa simulatzen dugu kantu batzuetan. Musikalki ere lehen diskatik hiru urte pasa direla nabari da, elkarrekin asko jo dugula ere bai”.

“Asko bizi eta sentitzen dugu musika”

“Diana & Sebastian” abestian donostiartasuna ageri da. “Hitzak Harkaitz Kanorenak dira, eta donostiartasunari buruz hitz egiten du, kulturaren europear hiriburutzari buruz. Kontraesan handiak daude Donostian, dirutza izugarria gastatzen da hiriari kultur itxura handi eta polit bat emateko eta momentu berean Kortxoenea gaztetxea bezalako kulturgune bat bota egiten dute, adibide bat jartzeagatik”. Abesti instrumental dezente sartu dituzte. “Normalean horrela egiten dugu beti. Kantuek naiz eta hitzik ez izan istorio asko kontatu eta sentsazio asko transmititu ditzakete musikarekin bakarrik, eta askotan ahotsak kendu egiten dio kantuari zerbait aportatu beharrean”. “Dantzger” bezalako hitz jokoak erabiltzen dituzte tituluetan eta “Euphobia” zer den ere ikasi dezakegu. “Benetan existitzen den gaitz bat da, berri onei fobia izatea hain zuzen ere”.

Lehen single kanturako “Ariñau” aukeratu dute, “oso abesti zuzena delako, indartsua. Belako taldeko Lore Nekanek kantatzen, edo hobe esanda orrukatzen du leloa… Oso gustoko dugu!”. Ingelesez ere aritu dira. “Aurreko lanetan bezala hontan ere gustoko dugun abesti baten bertsioa egitea pentsatu genuen eta Graham central station 70etako funk taldearen ‘Earthquake’ moldatzea erabaki genuen oraingoan. Gure kantuek euskaraz izaten jarraituko dute”. Haritz Harreguyren Higain estudioetan grabatu dute. “Beti bezain gustora egon gara Haritzekin lanean, lagun handia dugu eta oso ondo ulertzen gara berarekin bai pertsonalki eta bai profesionalki. Haritzekin lan egitea oso erraza da guretzat beti, grabaketa prozesuan asko gozatzen dugu eta emaitza ona izateko hori da garrantzisuena”.

Bi persona bakarrik izateari abantailak ikusten dizkiote. “Aurrera egiteko errazagoa da, bidaiatzeko, erabakiak hartzeko… Desabantailak berriz furgoneta deskargatzeko bi gara bakarrik”. Orain arte lortutakoa ongi baloratzen dute. “Gauza oso potenteak gertatu zaizkigu daramagun denbora gutxian. Egia esan ez genuen imajinatzen horrelako erantzuna izango zuenik eta gutxiago Espainian. Zamora, Galizia edo Valentziara joan eta euskara ez dakien jendeak gure kantuak euskaraz kantatzen ikustea eta dena ematen egotea gertatu zaizkigun gauzen artean gauzarik handiena dela uste dugu”. Estatu mailako bira handi bat dute orain aurretik, hor ikusiko da taldearen “potentzia, energía, pasioa eta izerdia”.

Hurrengo kontzertuen datak:
19/5 Kafe Antzokia – Bilbo + Black Box Red
20/5 Sala López – Zaragoza  + Black Box Red
21/5 Groove – Tarragona  + Black Box Red
28/5 Zamora – La Cueva del Jazz + BaXtards