“Orbainak ez dira ezkutatzeko, erakusteko dira”
EntrevistasNeomak

“Orbainak ez dira ezkutatzeko, erakusteko dira”

Iraia Cambra — 12-11-2025
Fotografía — Maitane Campos

Folk tradizionalaren oinarriak eta elektronika garaikidea uztartzen dituen Neomak laukoteak bere bigarren diskoa aurkeztu du: “Lazturak orbain”. Zaurgarritasunetik abiatuta, taldeak aldaketaren eta beldurraren gaineko gogoeta musikala eskaintzen du, orbainetan sendabidea bilatuz.

Taldearen kideek disko berriaz, soinu elektronikoaren bilaketaz eta prozesu pertsonalaz hitz egin dute. Beldurra, orbainak eta aldaketa dira lanaren ardatzak, baina baita indarra eta berritzearen poza ere.

Zuen disko berria, "Lazturak orbain", badirudi etapa berri baten hasiera dela. Zein izan da lan honen abiapuntua, eta zer aurkitu duzue prozesu honetan zuen buruengan aurreko lanetan baino sakonagoa?
Disko bakoitzak markatzen du proiektuaren barruan hasiera eta amaiera bat. Sorkuntza prozesua bera da hasiera, eta kontzertuen bira amaiera. Oraingoan, taldean aldaketak izan ditugu, sei izatetik lau izatera igaro baikara, eta horrek etapa berri baten hasiera ekarri du. Bizitza bera etengabeko aldaketa da, eta aldaketek beldurra dakarte askotan; hortik sortu da diskoaren abiapuntua.

Single berria, "Inork ez du berdin egiten negar", diskoaren lehen aurrerapena da. Zergatik aukeratu duzue hain mezu pertsonala eta existentziala duen abesti bat lehen aurkezpen modura?
Urtebete oholtzatik kanpo egon ondoren, eta taldearen berrantolaketaren ondoren, garrantzitsua iruditu zitzaigun gure egoera emozionala islatzen zuen kantuarekin aurkeztea. Une hartan bizi genuen egoeraren ispilu garbia zen, eta horregatik aukeratu genuen lehen single modura.

Disko honetan musika elektronikoa protagonista nagusietakoa da. Zer modutan iritsi zarete soinu elektroniko horretara, eta zer adierazi nahi duzue erabaki horrekin?
Musikari dagokionez, gure estiloari fidel jarraitu dugu. Folk tradizionalaren neurriak eta erritmoak oinarrian mantendu ditugu, baina melodia poperoak eta soinu elektronikoak batu ditugu.

"Lazturak orbain" izenak badu indar berezia. Zer esan nahi du zuentzat izenburu horrek?
Disko hau bidaia bat da aldaketen aurrean ditugun barne eta kanpo beldurren bidez. Kantu bakoitza beldur horiei begiratzeko modu bat da. Orbainak ez ditugu ezkutatu nahi izan, baizik eta erakutsi: zaurgarritasunetik abiatuta, indargune bihurtu ditugu. Hausturak eta konponketak gure historiaren parte dira, eta horregatik hartu dute hain garrantzi handia disko honetan.

“Inork ez du berdin egiten negar” abestiak beldurraz eta mugen beharrari buruz hitz egiten du. Nondik sortu zen ideia hori, eta zer esan nahi duzue esaldi horrekin?
Kantu hau beldurretik idatzitakoa da, baina baita amorru puntu batez ere. Aldaketaren aurrean sentitzen den ezinegonetik sortua da. “Inork ez du berdin egiten negar” esatean, bakoitzak bere prozesua duela azpimarratu nahi izan dugu: bakoitzak bere mugak, bere erritmoa, bere modua. Hor dago errespetua eta ulermena.

“Beldurra da diskoaren ardatz nagusia. Ematen du emozio negatiboa dela, baina guretzat babes-mekanismo bat ere bada”

Diskoko beste abesti batzuen izenburuak ikusita —“Galdera ikurrak”, “Esperantzak”, “Sehasketan”— badirudi barrura begirako bidaia bat dela. Abestien artean nolako harremana dago? Nolakoa da diskoaren narrazio emozionala?
Beldurra da diskoaren ardatz nagusia. Ematen du emozio negatiboa dela, baina guretzat babes-mekanismo bat ere bada. Arriskua sentitzean geldiarazten gaitu, baina arriskua bera interpretazio subjektiboa da. Hortxe dago gakoa: beldurrak ez dezala gure bizitza gidatu. Ez dezala erabakiak hartzetik edo besteak kontrolatzetik eraman. Kantu bakoitzak beldurra begiratzeko modu bat eskaintzen du: batzuetan iluna da, besteetan argitsua. Bi mutur horien arteko joan-etorrian dago diskoaren emozio nagusia.

Nolakoa izan da disko hau produzitzea eta soinu berri hauen bilaketa?
Oraingoan ere gure erroak izan dira oinarri: folkaren neurriak eta melodia poperoak. Baina soinu elektronikoaren bidez beste dimentsio bat eman nahi izan diogu. Prozesua esperimentalagoa izan da, soinuen bilaketa zaindua eta sakona eginez. Vic Moliner eta Pau Brugada katalanekin lan egin dugu “Olivera Estudi”-n, eta oso esperientzia aberasgarria izan da.

Musika elektronikoaren pisua eta perkusioaren indarra uztartu dituzue. Nolako erronka izan da oreka hori lortzea, zuen identitatea galdu gabe?
Horixe izan da Neomaken helburua hasieratik: bi mundu horiek orekan eta errespetuz uztartzea. Ez dugu gure sustraietatik ihes egin nahi, baina bai soinu berriak esploratu, gure unibertsoa zabaltzeko.

Zuen ibilbidean nabari da bilakaera: erritmo tradizionalagoetatik soinu esperimentalagoetara. Zer aldatu da zuen ikuspegian urte hauetan?
Bilakaera naturala izan da alde batetik, baina hautazkoa ere bai. Entzuten dugunak eta bizi dugunak eragina dute gure sorkuntzan. Esperimentatzeko gogoa gero eta handiagoa da, eta horrek egiten du gure abesti bakoitza aberatsago.

Zer paper izan du taldearen barruko harremanak disko hau sortzerakoan?
Funtsezkoa izan da. Egoera pertsonalak zuzenean islatzen dira kantuetan, eta elkarrizketek, zalantzek eta batasunak ematen diote diskoari bere izaera. Diskoa ez da bakarrik musika; gure arteko elkarrizketa bat ere bada.

Publikoaren aldetik, nola jaso dituzue aldaketa hauek?
Oso eskertuta gaude jasotako erantzunarekin. Sentitzen dugu entzuleek gurekin batera hazi direla, eta hori pribilegio bat da. Kontzertuetan jasoko dugu feedback hori zuzen-zuzenean, eta ilusioz gaude etorriko den guztiari begira.

Zer etorri daiteke orain Neomak-entzat etapa berri honetan?
Ezin jakin zer etorriko den… Baina argi dugu prozesu honetan egindako lan pertsonal eta profesionala poliki-poliki fruituak emango dituela. Ilusioz eta bihotzetik egindakoa denez, bere koloreak eta formak hartuko ditu bere kabuz. Guk une bakoitza gozatu nahi dugu.

Kontzertuetan, zer topatuko du publikoak?
Zuzenean ere aldaketa hori nabarituko da. Trikitixa, pandero eta ahotsen gain, bi musikari berri izango ditugu gurekin: Eider Villalba (sinteak eta ahotsa) eta Etxahun Urkizu (perkusioa eta octopad-a). Diskoko kantuak zuzenean ekoitziko ditugu, eta erronka handia izango da, baina benetako magia hortxe sortuko dela sinesten dugu.

Eta azkenik, nola laburbilduko zenukete gaur egungo Neomak izatea?
Neomak beti izan da eta izango da gustuko duena egiten duen lagun talde bat. Hori aldatzen bada, ez da izango.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.