Elkarrizketa honetan Maitane Iruiñ eta Mattin Zeberiok aurrejuzguak alboratzeko erregutu digute. Eurekin hitz egin dugu zerbait horren partikularra sortzeak dituen erronkez. Izan ere, "Miruenea", disko bat baino, bertan gustura geratzeko leku bat da.
Hurrengo kontzertuak: 7/10 Bilbao BBK Live, 7/17 Jaiak (Alegi), 7/26 Hatortxu Rock (Lakuntza), 7/28 Jaiak (Villabona), 8/3 XXX (Donostia), 8/16 San Rokeak (Deba), 8/28 Gazte Eguna (Artia), 8/30 Jaiak (Bidebarrieta).
"Miruenea" “etxe musikal” bat bezala sentitzen da. Bertan oroitzapenak, ametsak eta bizipenak nahasten dira. Mirueneara sartzen denak zer sentitzea nahi duzue?
Maitane Iruiñ: Mirueneara sartzen denak, lehenengo eta behin, belarriak prest izan behar ditu inongo epairik gabe entzuteko datorkion hori. Entzun, eta berriz entzun, zentzumen guztiak eskainita momentu horri. Eta zer sentitzea nahi dugun? Ez dago gure esku, baina entzuleak kantuak berera eramateko askatasuna sentitzea nahi dugu.
Eta zuek uste duzue prest daudela entzuleak? Esango zenukete gaur egungo euskal entzuleak irekiagoak direla?
Mattin Zeberio: Nik banuen beldur hori. Salda badago atera genuenean kantuak nahiko ondo funtzionatu zuen, uste genuena baino hobeto, baina beldurrak hor zirauen: “Jendeak beste guztia ulertuko al du? Ulertuta ere, interesik izango al du?” Izan ere, guk pop kodean saldu nahi genun diskoa eta hori askotan bilgarri kontua izan ohi da, narratiba saltzearen kontua. Entzuleari istorio bat kontu nahi izan diogu, ulertu dezan zer espero zezakeen. Eta nik uste asmatu dugula, jendearen erantzuna nik uste bezalakoa ari da izaten, ez naiz kexatuko.
Istorio edo narratiba hori osatzeko prozesua gogorra izan al da? Gustura geratu zarete azken emaitzarekin?
M. I.: Bai, gogorra izan da zalantzarik gabe. Prozesu luzea izan da, bilaketa etengabekoa. Mirua bere aurreko fasetik ezberdindu duena, norabide oso zehatzarekin lan egin izana da, horrela bilatu ditugu kantu hauek. Baina, norabide teorikoaz gain, norabide emozionala ere oso presente izan dugu, uneoro pentsatuz abesti honek edo horrek funtzionatuko lukeen ala ez. Aitortuko dizut egun hauetan asko sartzen naizela Spotify-ra frogatzeko benetan diskoa kaleratu dela, asimilazio prozesuan nago oraindik —barreak—. Izan ere, diskoa kaleratu aurreko bi hilabeteak kaos hutsa izan ziren. Morroxko bideoklipa orduan grabatu genuen, zuzenekoei begira ideiak sortzen ari ginen, entseatzen, oraindik ere kantu batzuk fintzen… noiz bukatzen da kantu bat fintzen? Bada Mattini aldetu, bezperan edo entregatu aurreko ordu erdian…
M. Z.: Kasu batzuetan ondoren ere bati —barreak—.
M. I.: Ni bakean nago emaitzarekin. Hirurok komentatu dugu, orain eta hemen, identifikatuta sentitzen garela egin dugunarekin.
"Morroxko" bideoklipa aipatu duzuela, irudi oso zaindukoa da. Zenbateraino laguntzen du irudiak musika zabaltzerako garaian? Zenbaterainoko garrantzia du zuentzat?
M. Z.: Sekulakoa eta beti eduki du. Orain dela 50 urte ez zuela laguntzen esatea gezurra litzateke. Begira Mikel Laboa eta bere iruditeria adibidez. Begi-bistakoa da bere garaiko abangoardiei oso lotuta zegoela. Gaur egun, ia obligazio bihurtu da bideoklip bat ateratzea, argazkiak edo TikTok batzuk egitea. Askotan iruditzen zaizkit gauza asko mimorik gabe eginak direla, soberan sentitzen ditut. Niretzat balio handiagoa du kasu horietan, Olaia Inziartek egin duen bezala, bat-batean diskoa kaleratzea. Nahiago dut hori Olaiarengandik, ezer erantsikoi ez duten bi bideoklip gehiago ikustea baino. Ez dut esan nahi honekin pasioarekin egindakoak ikusi nahiko ez nituzkeenik, noski. Baina ikustekotan artistaren ekoizpen artistikoaren zati den hori ikusi nahi dut. Gure kasuan, ez dugu disko soil bat egin nahi izan, istorio bat kontatzeko nahia izan dugu, soinu edo kanta molde hauetara ohituta ez dagoenari esan nahi zian diogu: “aizu, hau primeran dago, Salda Badago oso dibertigarria da, baina ondoren datorren kantua, beharbada sekula entzungo ez zenukeena, ere gustatuko zaizu, entzun”. Hori izan da helburua, kantu disonanteak eta kontraste handikoak elkarren ondoan jartzea pop ilusio bat helarazteko. Irudia ideia horren parte da. Morroxko bideokliparekin erakutsi nahi genuen hau dela diskoa. Morroxko ikusten duen horrek ulertuko du zertaz doan lana guk elkarrizketa honetan hitz bat esan beharrik gabe.
Hala eta guztiz ere, hitzetan, nola definituko zenukete diskoa?
M. I.: Gure herrian entzun ditugun soinuen bilduma bat da, baina baita iraganean sentitutako emozioen bilduma bat ere.
"Morroxko" bideoklipean Hofe eta Euskoprincess-en kameoak ikusi ahal izan ditugu. Diskoan zehar ere kolaborazio ugari daude. Miruenearen unibertsoan zein toki dute?
M. Z.: Ordezkapen zabal bat eduki nahi genuen. Leturia gurekin edukitzea ikaragarria izan da, baina Leturia bakarrik edukitzea errepresentazioa eskasa zatekeen.
M. I.: Errepresentazio nostalgiko batetik ihes egiten saiatu gara.
M. Z.: Hori da. Helburua nostalgiarik gabe oroitzea izan da. Nola egin hori? Gaur egungo asko maite ditugun sortzaileak gonbidatuz. Gure artean egon da ere Kiliki, Tapiaren oinordekoa iruditzen zaidana. Belaunaldi ezberdinak batzea zen helburua. Besterik gabe, maite dugun jendea.
Nostalgiatik ihesi aipatu duzue, baina TOCek kolaboratzen duen Lau begi eder abestian “Euskadin rock and rollak ez du inoiz dirudik emanen” diozue, nahiz eta zuen diskoko abestirik rockeroena den. Nostalgiatik bizi direnei ahots berriak indartsu datozela esan nahi izan diezue edo badu nostalgiatik apur bat kantuak?
M. Z.: Nostalgia kolore bat da eta agerikoa da kolore hori erabili dugula diskoan. Aurkakoa esango bagenu gezurra litzateke. Baina ezberdina da kolore bat erabiltzea edo zure proposamenaren bizkarrezurra apelazio nostalgiko bat izatea. Niretzat nostalgia zerbait ederra da, bizi izandakoaren oroitzapen polit bat, eta oroitzapen horrek, gogoratzeak, denoi ekartzen dizkigu sekulako emozio ederrak.
“Mirueneara sartzen denak, lehenengo eta behin, belarriak prest izan behar ditu inongo epairik gabe entzuteko datorkion hori”
"Guda dantza" abestian anbizioaz eta motibazioaz diharduzue. Zerk motibatu zaituztete, batez ere, disko hau sortzerako orduan?
M. I.: Gure inguruari, guk bizitako horri, entzundako horri, omenaldi txiki bat da kantua. Guda dantzak indar berezi bat du bere bonbo eta perkusioekin. Konfiantza betean gauden momentua islatzen du. Izan ere, urtetan ez gara identifikatuak sentitu inguruko eszenarekin. Gaur egun, ordea, erabat identifikatuak sentitzen gara, ilusioz beteta gaude gaur egungo proposamen eta musika egiteko moldeekin. Gauzak horrela, gure burua eszena horretara, ekarpen berri bat egiteko gai ikusten genuen eta hortik dator kantuaren indarra eta anbizioa.
M. Z.: Detaile bat gehitu nahiko nuke. Diskoa egiten hasi aurretik, bagenuen irudipen modu bat, Euskal Herrian soinu batzuk ez zirela existitzen edo behintzat bazegoela inork erabiltzen ez zuen, —ez behintzat guk nahiko genukeen moduan—, lehengai bat. Noski, folklorearekin proiektu izugarri pila eta interesgarriak daude. Baina soinu mota batzuk ez ziren entzuten. Adibidez, Guda dantza abestia karanbola izugarria da. Perkusioaren erritmoa bera Hartzeren poema bati Beñat Axiarik jarritako bertsioa da, Zeru goiko izarrek deitutako. Ezpata dantza eraldatu moduko bat da. Finean guri entzutea gustatuko litzaigukeena egin dugu. Egin dira lehendik ere esperimentuak noski, adibidez Mikel Laboa sampleatzea edo house beat batean txalaparta sartzea, baina zergatik ez lehengaia bera izatea kantua? Hau da, zortziko bat izatea kantua eta ondoren soinu horretan sakontzea. Horretan saiatu gara.
Letrei dagokienez, oro har, oso erreferentzia partikularrak topatu litezke, oso pertsonalak direnak. Uste duzue partikulartasunetik modu sakonagoan konektatu litekeela entzulearekin?
M. I.: Zalantzarik gabe. Disko honetan ariketa hori egin dugu, partikulartasun hori bilatu dugu, zerbait benetakoa kontatu nahi genuen. Horrekin identifikatzen gara eta esango nuke entzulea ere identifikatu litekeela. Aurreko Miruaren etapan letretan oraindik gure lekua topatu nahian genbiltzan, oraingoan lortu dugu.
M. Z.: Beti hobetu liteke, baina bai, bide onean goaz.
Umore ugari ere topatu liteke… adibidez, diskoko azken abestia. Loiolako porrusalda kantuaren berrinterpretazioa da. Bertan, umore askorekin, zenbait kritika sartzen dituzue. Inor haserretzeko beldurrik ez al duzue izan?
M. Z.: Beldur pixka bat sentitu dugu —barreak—. Beharbada mundu guztia haserretuko da, beharbada denei bost axolako zaie…
M. I.: Nik bai pentsatzen nuen jendeak agian ez zuela ulertuko. Haserretu baino, gaizki interpretatuko ote zuen beldur nintzen. Jendeak irudikatu zezakeela kantu nazionalista bat ari ginela egiten “zazpiak bat balira ezkonduko nuke” —barreak—. Baina ironia askorekin egina dago eta dibertigarria izatea nahi genuen.
Soinuari dagokionez, diskoa oso organikoa da, baina ekoizpen modernoarekin. Bertan arin arinak, gitarra elektrikoak eta beat elektronikoak entzun litezke. Hasieratik argi zenuten elementu guzti hauek txertatu nahi zenituztela diskoan? Nolakoa izan da grabaketa prozesua?
M. Z.: Ideia hauek duela 5-6 urte idatzi nituen dokumentu batean. Bertako ideia guztiak ez dira aurrera atera, denboraren joanarekin batzuk besteak baino gutxiago gustatu zaizkidalako. Adibidez, zortziko baten ideia oso interesgarria genuen eta horrekin saltsan hasi ginela zerbait ederra atera zen eta esan genuen: “estilo honetan disko bat egiten badugu zer?”. Azkenean, ideia hura ez da kaleratu, baina disko bat egin dugu! Ideia original ahaltsuena, eta lanaren sorrera gehien baldintza duena, soinu propio pila grabatzea izan da. Udaberri dantza taldearekin geratu ginen danbolinak, txistuak, zintzarriak, adarrak, dantzariek pausoak eta abar grabatu eta sanpleatzeko. Eltze eta zartaginen soinuak ere grabatu genituen… soinu pila. Guztiak ez ditugu erabili, baina asko diskoan zehar topatu litezke. Horiek guztiak pista batean grabatzen nituen ondoren mozteko. Jarraian piano digital batean kargatu eta bertatik jo ditzaket soinu guztiak eta horrekin erritmoak sortu. Esajeraziorik gabe, berrogei bat instrumentu digital ditugu sortuta eta behar zenetan horiek txertatzen joan gara.
"Miruenea" lanaren bigarren zatia kaleratu beharko duzue soinu horiekin guztiekin…
M. Z.: Momentuz ez, baina ziur aterako ditugula gauzatxoak…
Zuzenekoei dagokienez, aipatu duzue diskoarekiko erabat ezberdina izango dela. Zer aurkituko du zuen zuzenekoetara hurbiltzen denak?
M. I.: Asko maite dugun musikariekin kolaboratu ahal izan dugu, zorionez, baina guztiak ezin ditugu oholtzara eraman. Hauen ordez, laugarren musikari bat egongo da gurekin agertoki gainean, Manu Gañez perkusionista bikaina. Kantuak zuzenekoetara moldatu ditugu eta perkusioak oro har, indar handia izango du. Ahotsek ere zentralitate handia izango dute, diskoan gertatzen den bezala. Estetikoki, bi espazio ezberdin sortu ditugu. Bata agertokiaren erdian, Miruenea, gure etxea irudikatuko lukeena. Eta beste espazioa, publikoari begira, aurrez aurre. Baina tira, jendea etorri dadila eta ikus dezala!
Zuen lehen singleetatik honaino, talde bezala izugarri hazi zarete. Nola hautematen duzue zuen burua orain? Nola ikusten duzue etorkizuna?
M. I.: Konfiantza askorekin gaudela hautematen dut eta identifikatuta sentiarazten nauen proiektu baten zati sentitzen naiz. Aldi berean, momentu batzuetan handi geratu litekeenaren sentsazioa izan dut, hau da, entzulearekiko harreman horretan kontrola galdu dezakegunarena. Baina, pixkanaka entzunaldiak igotzen joan direla ikusita, konfiantza hori sentitu dut. Etorkizunari dagokionez, auskalo!
M. Z.: Nire helburua jendeak diskoa pop kode batean ulertzea zen, beraz kito, bete da ametsa. Hori bezain sinplea eta zaila zen. Oraindik harrituta nago lortu dugulako! Diskoa kaleratu eta egun pare batera zenbakiak begiratu nituen, jakiteko jendeari zer gustatu ote zitzaion, eta sentitu nuen helburua beteta geratu zela. Dena ez dira zenbakiak, noski, baina zenbakiekin modu errazean ulertu liteke jendeari zer gustatu zaion gehien. Sentsazio politekin nago.
M. I.: Aurkezpen kontzertuan ere polita izan zen. Ikustea bertan zeudela miresten ditugun artistak, baina baita maite dugun jende guztia ere. Horrelako abiapuntu bat izatea sekulakoa izan da, lasaitu egiten nau horrek.
M. Z.: Amaitzeko esan nahiko nuke, disko hau, eta orokorrean gure proiektua, eszena baten ondorioa dela, ez da ezerezetik atera den zerbait; inguruan daukaguna da. Adibidez, Chill Mafia gabe ez ginen gaur egun garen bezala existituko. Ez bakarrik musikalki, beraiekin egon izana eta lanean ikusi ahal izateak lagundu diote gure proiektuari forma ematen.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.