"Ez da posible zoriontsua izatea ez badakizu zer den goibel egotea"
Entrevistas / Lukiek

"Ez da posible zoriontsua izatea ez badakizu zer den goibel egotea"

Xabi Doncel — 14-10-2019
Fotografía — Archivo

Sekulako ikusmira sortu da Mungiako hirukotearen inguruan, baina seguraski, aurreiritzien gainetik igaroko dira lehen disko hau entzun ostean. 13 kantuz osatutako lehen lan bat: hori ez da gehiegi ikusten. Halere, gose den piztia aurkeztu zaigu lan honekin.

Lehenik eta behin, diskoa ASKO gustatu zaidala esan nahi nizuen. Klabe asko dituela, tartean “distortsioa”, “erritmoa” eta “ezustea”, batez ere azken hori. Ez dakit, zuen ustez, zeintzuk diren disko honetako klabeak.
Batez be horiek dira klabeak. Behar bada, fonetika ere gehituko nuke. Taldea sortzerakoan, euskaraz abestea erabaki genuen, bania fonetika asko jagongo genuela aipatu gendun. Ze azentu erabili, zer nolako bokal edo kontsonante erabili abestiaren parte ezberdinetan... Gehien bat bizkaieraz abestua dago diskoa eta guzti honen gehiketak, berezitasun puntu bat ematen dio taldeari orokorrean. Beraz, zuk aipatutako ezaugarri edo klabeei, laugarren hau gehituko nioke.

13 kantu bildu dituzue. Lehen diskoa izateko, asko? Iruditzen zait honek ez zaizuela gehiegi axola, ez duzuela taldea termino “komertzialetako” prismatik ikusten.
Lau urte daramatzagu elkarrekin eta gure beste proiektu paraleloak zirela eta, ez dugu inoiz astirik izan estudioan denboraldi lasai bat pasatzeko eta gauzak ondo grabatzeko. Beharbada, goizago diskoa grabatu izanez gero, kanta gutxiago sartuko genituzkeen, baia hainbeste denbora elkarlanean egonda, lau urte hauetako laburpen luze bat egitea erabaki dugu ia ordu bateko LP bat grabatuz. Oso gustora geunden kanten aukeraketarekin, beraz, guri bost komertzialtasunaren ikasgaia gaindituko bazuen edo ez. Ganera, disko luzeen nahiko zaleak gara eta behar bada horregaitik ere, gure lehen grabazioa horrelakoa izatea nahi genuen.

“Ezustearena” esaten nuen orain arte “grunge” talde moduan definitu zaituztela, baina hortik oso gutxi dago kantu hauetan. “Kontuz” The Clash izan zitekeen, adibidez. Badago Weezerren tankerako besteren bat, The White Stripes... ez dakit, izenak besterik ez dira. Oso anitza da diskoa.
Guztiz adoz erreferentzia horiekin. Aniztasunean ikusten dugu guk interesa. 90. hamarkadako musikaren eragin zuzena du taldeak eta hori litzateke disko honetako kanten puntu amankomuna. Halan da guztiz ere, kontrasteak asko bilatzen ditugu. Gure ustez, disko batek momentu lasaiak zein zaratatsuak behar ditu, bestela ez zen posible izango dinamika ezberdinak bereiztea. Ez da posible zoriontsua izatea ez badakizu zer den goibel egotea. Ezusteek monotonia apurtzen dute eta bidea atsegingarriago egiten dute.

"90. hamarkadako musikaren eragin zuzena du taldeak eta hori litzateke disko honetako kanten puntu amankomuna"

Produkzioaren garrantzia ere goraipatu nahi nuke. Zuzenean diskoko detaile asko errespetatu dituzue (Sopelan beste egunean, behintzat), baina diskoan badaude zenbait zertzelada kantu bakoitza oso berezi egiten dutenak... Josu Ximunek eta Xabi Egiak landutakoa da, oker ez banago. Zuen lan egiteko modua jakitea gustatuko litzaidake.
Ez dugu ekoizlerik jarri CDko kredituetan. Guztion artean egin dugun zerbait dela esango genuke. Xabik lan ikaragarria egin du grabaketa eta nahasketa lanean. Berak nahiko argi zeukan nola izan behar zuen diskoko soinuak eta horrantza jo dugu gehien bat. Josu Ximunek bestalde, argi zituen zuzenean jo ahal ezin genituen gauzak nola sartu eta alde horretatik oso landua dago diskoa. Gitarra bakarreko hirukote bat izan arren, badaude kantak non hamaika gitarra ezberdin sartzen ditugun. Gauza berdina ahotsekin gertatu da. Harmonia asko sartu ditugu diskoan, estudioan egoteak hori errazten dizulako. Abestiak hirugarren pertsonan entzun eta nota berriak etortzen zaizkizu burura. Ez dugu bildurrik, zuzenean, estudioko gauza asko jotzeko gai ez bagara. Ondo bereizten dugu etxean zein garito baten entzuteko musika eta zuzeneko talde bat oholtza gainean jotzen dagoen momentua. Plano ezberdin bi dira eta bakoitzak bere trikimailuak ditu. Diskoan, baxuaren tinbre, ahotsaren efektu edo bateriaren mikro batek izango duen reverba oso bilatuak eta zainduak daude. Hori da estudioaren xarma. Zuzenekoan bestalde, taldeak entzuleei eskaintzen dien energiari ematen zaio garrantzia handiagoa. Gure ustez behintzat.

Hemendik aurrera, zein plan duzue Lukiekekin? Kontzertu dexente iragarri dituzue, baina hortik aurrera imajinatzen dut zaila izango dela zuen beste lan musikalekin elkarbanatzea.
Printzipioz, ahalik eta gehien jotzea eta furgonetarekin asko bidaiatzea da helburua. Abesti berriak ere baditugu esku artean eta pozik gaude gauden momentuarekin. Beraz, lanean jarraitzea da plana eta gauzak ondo antolatzea gure beste proiektuekin, denbora ahalik eta hoberen aprobetxatzeko.

Imajinatu diskoko pare bat kantu entzunda, kuriositateagatik zuen kontzertu batera hurbiltzen den norbait. Zer aurkituko du taula gainean?
Diskoko bi kantuk bakarrik ez dute lan hau oso ondo borobiltzen, beraz, beste behin ezuste bat aurkituko luke norbaitek gure kontzertu oso bat entzunda. Ez dut esan nahi ezuste hori onerako edo txarrerako izango denik, baina tira… hori ezin dut nik erabaki.

Hurrengo Kontzertuak:

Urriak 25 - Txintxarri (Iruña) + Kaskezur
Urriak 26 - Sanagustin Kulturgunea (Azpeitia) + Montauk

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.