“Barruan dauzkagun ikasgaiek eta itsasargiek eramaten gaituzte nahi duguna adierazteko bidetik”
EntrevistasLatzen

“Barruan dauzkagun ikasgaiek eta itsasargiek eramaten gaituzte nahi duguna adierazteko bidetik”

Urko Ansa — 12-01-2026

Latzen bueltan da. 2007an agur bira egiteko itzuli ziren, baina oraingoan, kantu berrien disko batekin bueltatzeaz gain, geratzeko intentzioarekin bueltatu dira.

Heavy/Thrash Metal lan potoloa eta bizia sortu dute, “Denboraren orbainak”, eta bira polita daukate aurretik, haien artean Estatu Espainiarrean hainbat jaialdi handietan parte hartuko baitute. Gogoz etorri dira, eta Iker Martinez gitarra joleak parte hartu ez duen arren, beste jatorrizko hiru partaideak hor daude: Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Gorka Lazkano (bateria). Gitarra jole berria Yerko Ortiz legazpiarra da. Joxemarik erantzun ditu gure galderak.

Zuen itzuleraren berriak hautsak astindu ditu. Milaka metalzale eta ez metalzalek harrera polita egin dizuete. Hainbeste urteren ondoren, suak pizturik dirau.
Bai, gure partetik suak piztuta jarraitzen du eta izandako harrera ikusita, entzulegoaren aldetik ere badago guganako interesa eta gogoa. Gainera, belaunaldi desberdinak ari dira indarra eta feedback positiboa ematen eta horrek ere biziki pozten gaitu!!

Lan berriarekin bueltatzeak puntu asko ematen dio zuen itzulerari. Kontaiguzue nola izan zen grabaketa prozesua eta, bide batez, kantuen sorrera eta bilakaera.
Argi geneukan hasieratik, material berria atera nahi genuela, barruak eskatzen zigulako eta zintzoagoa iruditzen zitzaigulako itzulera. Kantuen sorrerari dagokionez, “cuatro pistas” batean grabatuta geneukan ideia zahar batzuetatik abiatu ginen lehenbizi. Bere garaian hirugarren diskoa izan behar zuena prestatzen ari gineneko riff, doinu eta erritmo batzuk berreskuratu eta forma ematen hasi ginen. Bestalde, guztiz berriak diren ideiak ere landu ditugu eta guztiak bilduta, disko oso bat osatzeko lanean aritu gara azken hilabetetan. Hitzak aldiz, denak dira aurten idatzitakoak, gure bizi-esperientzietan eta inguruarekiko daukagun ikuspuntuetan oinarrituta. Kantuen konposaketan asko lagundu digu disko honen ekoizlea den Iker Bengoak, grabazio hutsaz haratago, kantuei buruzko kanpo ikuspegia eman eta taldeak behar zuen gaurkotzea ahalbideratu duelako.

Zuen betiko estiloa sailkatzea ez da erraza, 90etako bi disko haiek elkarren atean ezberdinak zirelako, baina badauka lan honek jatorrizko Latzenen lagin handi bat. Thrash metala ere landu duzue, adibidez Zilarrezko kaiola-n. Kantu hau eta hasierako biak (Txori txarrak eta Memento mori) dira diskoko gogorrenetakoak. Heldutasunera iritsi zarete, forman eta indartsu.
Egia da Latzenen estiloa ez dela hain itxia edo dogmatikoa, baina egia da ere nahiko erraz antzeman daitekela taldearen nortasuna. Hortan saiatzen gara behintzat. Dauzkagun influentzia desberdinei, asenahi musikalei eta barne senaren bideari jarraituta, gustoko dugun musika egiten saiatzen gara. Beti egin izan da horrela eta orain ere bai.

“Aitorren ahotsa talde hontako punturik gorenetakoa da, eta ez bakarrik daukan erregistro anitzagatik, baizik eta ahotsen inguruan dauzkan ideia eta proposamenengatik”

Bi ahotsetan egindako koruek ere garai zaharrekin konexioa lortzen dute. Aipatu ditugun bi kantetan, adibidez, begi bistakoa da. Memento Mori abestian errepika oso berezia eta melodikoa da.
Aitorren ahotsa talde hontako punturik gorenetakoa da, eta ez bakarrik daukan erregistro anitzagatik, baizik eta ahotsen inguruan dauzkan ideia eta proposamenengatik ere. Hor lantzen ditugun ideiek, koru eta doinu desberdinak izateko aukerak zabaltzen dizkigute eta kantuaren arabera ikusten dugu zerk funtzionatzen duen ondoen. Hori ere bada gure ezaugarrietako bat: musika gogorraren gainean ahots landuak koru aberasgarriekin janztea.

Balada heavy bat ere egin duzue: Heroi direnak. Jendeak asko maitatu eta baloratu zuen Laztana mitikoa, nahiz eta ondorengo Ardi larruz diskoan ez zenuten balada heavyrik grabatu. Nola sortu zen berriz ere gisa honetako abesti bat sortzeko aukera edo inspirazioa?
Bai, “Laztana” kantuak nortasun propioa dauka dagoeneko, nahiz eta guretzat besteen parekoa den. “Ardi Larruz” kantuan ere egin genuen balada edo “medio-tiempo” bat: “Iritsiko da eguna”. Bistan da ez zuela “Laztana”-ren pareko oihartzunik izan, baina hori ez dago gure esku, kantuak alde batera edo bestera jendeak eramaten dituelako. Oraingoan “Heroi direnak” abestia egin dugu diskoko lasaiena bezala eta berau egiteko ideia Yerkok ekarri zuen lokalera. Gure Latzen-kide berria den gitarrajoleak oso aurreratua zuen kantua egiteko ideia eta guztion artean azken ukitua eman genion. Balada heavy tipikoaren estrukturarik ez dauka eta inspirazioa beste erregistro batzuetan bilatu dugu, ilunagoak eta idorragoak diren basamortuetan.

“Gure ezaugarrietako bat musika gogorraren gainean ahots landuak koru aberasgarriekin janztea da”

Melodiak aipatu ditugu lehen. Kuriosoa da, baina Alice In Chains taldearen ukitu bat nabari da bi ahots eta melodiek bat egiten dutenean, bereziki Arnasbideak-en. Ez dakit eragin hori konzientea izan den, ordea.
Egia esan, azken urteetan izan dugun influentzietako bat da eta beste askorekin batera norberaren parte izatera pasatzen dira denborarekin. Gazteagoak ginenean heavy eta rock talde handien eragina genuen eta bizitzak aurrera egin ahala beste talde batzuk ere entzuten eta sakontzen joan gara. Hau hola izanda, kantu berriak konposatzerakoan, barruan dauzkagun ikasgaiek eta itsasargiek eramaten gaituzte nahi duguna adierazteko bidetik.

Aitorren ahotsa garbi eta indartsu nabari dugu. Tonu altuak arazorik gabe harrapatzen dituenaren sentsazioa ematen du, hala nola lehen aipatu kantu gogorrenetean zein, bereziki, Txarriboda-n.
Bai, lan bikaina egin du ahotsen tratamenduekin. Abeslari aparta da Aitor eta zorionez urteen igarotzeak ez dio eragin negatiborik suposatu. Barnetik kantatzeak eta egiten duzunarekin sinisteak konfidantza eta indarra ematen duen heinean, rock edo heavy talde batek zintzotasuna eta benetako konpromisoa adierazi behar du.

Bilboko Zorrotza auzoko gaztetxean eman zenuten itzulera honen lehen kontzertua, Elbereth taldearekin batera. Sarrerak hain azkar amaitu izanak subidoi handia eman zizuen?
Oso pozik hartu genuen jendearen erantzuna eta kontzertu egunean sortu zen giro aparta ere. Indarra eman zigun egun haietako lan erritmoari eusteko: kantu berriak lantzen ari ginen eta aldi berean zaharrak entseatzen kontzerturak.

Zorrotzako kontzertua eta gero Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioan parte hartu zenuten uztailaren 25ean. Areto txiki batetik karpa erraldoi batera. Oso bestelakoa izan zen, ezta? Zuen webgunean hemendik abuztura bitarteko kontzertuak iragarrita daude momentuz. Euskal Herriko aretoez gain (Totem, Jimmy Jazz, Santana 27, San Agustin) espainiar estatuan hainbat jaialdi egingo dituzue udaran: Rock Imperium, Leyendas del rock, Barcelona Rock Fest, Z!Live... Aukera bikaina diskoa eta taldea promozionatzeko!
Bai, salto haundia izan zen Zorrotzatik Hatortxurakoa, eta beldur apur bat ere eragin zigun. Hala ere, egun polita suertatu zen eta jendearekiko harremana sendotu genuen, gogotsu bueltatu ginela erakutsiz.

Hegoalde eta iparraldeko aretoetan (Atabal) jotzeko aukera izateak biziki pozten gaitu eta hustu egingo gara bertaratzen den entzule oro beteta joan dadin. Udarako estatuko jaialdiei buruz aldiz, aukera paregabea da guretzat taldea zuzenean ezagutarazteko eta erreferente izan diren talde handiekin oholtza partekatzeko. Disko berria daukagu kalean eta harrokeririk gabe, baina egindako lana zabaldu eta defendatzeko irrikaz gaude. Gainera gure hizkuntzak mugarik ez duela eta altxorra izateaz gain, musikagintzan gaurkotasuna duela ere azpimarratu nahi dugu.

Itzulera honek euskal Metal eszenari emango dion garra ikustekoa izango da. Asgarth taldea ere 2022an itzuli zen, gainera disko berri bat eta zuzeneko beste bikoitz batekin.
Jorratzen dugun musika arloa, metala, ez da inoiz modako musika bat izan, ez gurean ezta munduan ere. Baina bestalde, beti hor egon den musika izan da eta dituen jarraitzaileak oso fidelak eta atenporalak dira, artista poperoen joan-etorrien gainetik. Asgartheko anaiek sekulako diskoa atera zuten “Zeldatik” izenekoa eta eman dituzten kontzertuak gogoangarriak izan dira, metalak oso bizirik dirauela erakutsiaz. Hauetaz gain hor daude Anestesia, Su ta gar, Koma eta abar luze bat, urteetan lanean aritu direnak erraietatik ateratzen den musika zabalduz. Guztiei ohore!!

“2007ko itzulera agur bira bezala aurkeztu genuen, baina orain gelditzeko bueltatu gara”

1999an desegin zen taldea, baina 2007 eta 2008an itzulera sonatua egin zenuten. Lehenik, 2007an, zuen maketa mitikoa berrargitaratu zenuten, eta hurrengo urtean zuzeneko CD eta DVDa. Oraingoan ezberdina da, kantu berriak dauzkazuelako.
Oraingoan planteamendu desberdina da, bai. Garai hartan, agur bira bezala aurkeztu genuen itzulera, baina orain gelditzeko bueltatu gara, disko berriarekin eta ilusioz gainezka. Bizitza eta errealitateak bere bidetik eramango gaitu, baina gure asmoa ahal dugunerarte jarraitzea da.

Zer topatuko du entzuleak zuen kontzertuetan? Klasikoz jositako emanaldiak izango direlakoan gaude. Dena den, kantu berriei lekua utzi beharko diezue...
Hori da, dauzkagun diskoetako kantuen emanaldiak izango dira. Jende askok ez gaitu inoiz zuzenean ikusi eta guretzat kantu zaharrak direnak haiek berriak bezala hartuko dituzte. Beraz, disko berriko batzuk joko ditugu noski, baita aurreko diskoetakoak ere.

Taldekideei dagokionez, Iker Martinez de Zuazok ez du itzulera honetan parte hartuko. Bere beste proiektuekin (Keia, Zaldi herrenak...) oso lanpetuta dagoelako da?
Taldea berriz martxan jarri genuenean, Aitor, Joxe eta nik ez genuen zalantzarik izan, baina Marti beste proiektu batzuetan murgilduta zegoen eta gorputzak ez zion parte hartzeko eskatzen. Hori ikusita, ezin genuen elkar baldintzatu aurrera bidean, beraz beste gitarra jole bat aurkitu behar izan genuen. Yerko Ortiz legazpiarra da bidelagun berria eta hasieratik sartu da buru-belarri talde lanean eta eguneroko dinamikan. Egia esan, familiara pertsona handi bat batu dugu eta oso eskertuta gaude.

Zuek 1996 aldera eman zenuten bultzada hori sekulakoa izan zen. Urte hartan Egin maketa lehiaketa irabazi zenuten, eta aurrekoan Gazteako entzuleen saria, eta hortik etorri zen arrakasta: bi disko haiek (“Kontzientzia ala infernua” eta “Ardi larruz”) oso entzutetsuak izan ziren. Dena den, zoritxarrez 1999an banandu egin zineten.
Olatu ederra hartu genuen garai hartan eta nonahi jotzeko aukera izan genuen; oso zorioneko izan ginen. Tamalez, taldearekin zerikusirik izan ez zuen ezbehar traumatiko batengatik dena bertan behera uztea erabaki genuen. Gerora taldekide batzuk beste proiektu batzuetan hasi ziren, baina Latzen bezala ez ginen 2007arte itzuliko.

“Ez gara iada mutikoak, baina sentimenduak ez dira zahartzen, indarberritzen baizik”

Zer topatuko du entzulegoak itzulera honetan? Beteranoek, 40 urtetik gorakoek, gogoz sustengatuko dituzte emanaldiak. Baina gazte metalero berriei ere bere lekua egin behar zaie, eta zale berriak egiteko aukera ona da hau.
Batez ere ilusio, pasio eta izerdia elkar partekatzeko gogoa. Ez gara iada mutikoak, baina sentimenduak ez dira zahartzen, indarberritu baizik. Eta gure adinekoekin eta gazteagoekin elkar trukatutako energiekin, ziur gaude giro ezin hobea sortuko dela kontzertuetan. Eta bai, gazte metaleroak behar ditugu, hurrengo balaunaldi tximaluzea osatuko dutenak.

Itzulera honek asmo jakin edo puntual bat dauka ala aurrera jarraitzeko asmoarekin dator? Badirudi oso gogor zatoztela eta bide berriak fruituak emango dituela.
Esan bezala, gelditzeko itzuli gara eta poliki-poliki gure bidea egiten saiatuko gara gure erritmoan. Laurok gara guraso eta familiak ditugu musikaz aparte. Gainera, Latzen ez da gure ogibidea, beste lan batzuk dauzkagulako eta hori ere aurrera atera beharra daukagu. Ikusiko dugu denborak utziko dizkigun orbainak nolakoak diren, baina momentuz oso eskertuta gaude guztion artean, etxeko familiak eta Latzen familiak lortu dugun oreka emankorrarekin eta etorriko dena besoak zabalik jasoko dugu.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.