2014an KX proiektua argaitaratu zenuen Xabier Iriondorekin batera. Bakarlanera itzuli zara oraingoan.
Bai, hiru urte pasatu dira ¨Behe presioaren erdigunean¨ diskoa kaleratu zenetik. Gero Xabierrekin KXen diskoa etorri zen eta zuzenekoak bukatu zirenean material berriarekin hasita nengoen.
Madrileko Tio Calambres estudiora jo duzu disko berria grabatzera. Zergatik?
Mauka diskoetxeak proposatu zidan, Ñakok hain zuzen ere. Nire ideia azken urteetan bezala grabatzea zen: etxean eta nire kontura. Aukera zegoen Madrilen grabatzeko bertako musikariekin, eta bertara joan ginen.
Eskarmentu handiko musikariak izan dituzu alboan kantuak grabatzean. Nola aukeratu dituzu eta zer bilatzen zenuen haiekin lan egitean?
Calambresen estudioan egin genuen grabazioaren lehen fasea. Bera oso baxujole fina da, ezagutzen nuen bere jotzeko era Beberekin pare bat aldiz geratu ginelako ezenarioan. David Bao, bateria, berak gomendatu zigun. O´Funkillo, Raimundo Amador, Lin Cortes etab.-ekin lan egiten du. Carlos Noain laguna da eta aurreko diskoan ere parte hartu zuen. Zekulako talentoa du eta bera arduratu da sintetizadore eta programazioekin.
"Nire ustez beste energia bat du disko honek. Aurrekoak lasaiago ziren orokorrean, hau desberdina da, kolore gehiago dauka"
Horretaz gain, hainbat kolaboratzaile izan dituzu: Depedro, Mikel Erentxun, Pablo Novoa...
Bai, Pablo Novoak kitarrak grabatu ditu abesti batean, ahaztu ezina berarekin pasatu nuen grabazio eguna. Gero, Jairo Zavala, Depedro, aspalditik jarraitzen nuen eta zuzenean ere elkarrekin jo izan dugu. Asko gustatzen zaidan artista da: La Vaca Azul, Tres Mil Hombres, etab. Ilusio handia egiten dit diskoan berarekin kontatzeak. Mikel Erentxunekin ere grabatu dut abesti bat, agian folk ukitu gehien duena. Xabi Solanok ere ahotsak sartu ditu beste abesti batean. Solanorekin hainbat proiektuetan parte hartu dut. Bestalde, Izaro Andresek “Kristal blindatuak” kantuan abestu du, ahots zoragarria du.
Zure ibilbidean lan instrumentalak argitaratutakoa zara. Letrei dagokienez oraingoan Mikel Etxaburu, Kirmen Uribe edo Aiert Goenagaren hitzak abestu dituzu.
Bai, azken urteetan kaleratu ditudan diskoetan beraiekin kontatu izan dut letrari dagokionez. Eta gehien bat Mikelekin, nire musikarekin bat egiten dute beraien hitzak.
Erosoago sentitzen zara beste batzuen letrak abesten?
Urte askotan nire letrak abestu ditut, gogoak nituen gauza berriak frogatzeko ez bakarrik musikalki. Bietan oso eroso sentitzen naiz.
Bakarkako ibilbidea hasi zenuenetik beti izan dituzu kolaboratzaileak alboan baina oraingo honetan dimentsio handiagoa eman diozu elkarlanari. Zergatik?
Hasi ginenetik grabazioak horrela eskatzen zuela uste dut. Kontua handitzen joan da eta pastelari gindak jarri dizkiogu. Hasieran etxean grabatu behar nituen hiru edo lau abesti eta begira nora heldu den proiektua. Oso pozik nago, naiz eta prozesua luzea izan den. Asko disfrutatu dut.
Diskoan zehar abestien tonu eta abiadura berdina mantentzen bada ere 'Zu berriro'-n abiadura handitzen duzu indie-rock doinu dantzagarria osatuaz.
Bai, agian gogorrena edo indar gehien duena da. Nire ustez beste energia bat du disko honek. Aurrekoak lasaiago ziren orokorrean, hau ezberdina da, kolore gehiago dauka.
"Zuhaitzen denbora" abestian sintetizadoreek pisu nabarmena hartu dute.
Zekulako giroa sortu du Carlosek sintetizadore eta organoekin. Horretaz gain programazioak ere berak egin ditu eta elementu berriak entzun ahal dira lan honetan.
Diskoa agurtzeko erabili duzun "Gorde dut" ere dinamika berean dator nahiz eta zientzia fikziozko filmeetako soinu banden oinarria erakusten duen.
Bai, diskoa bukatzeko aproposa da “Gorde dut”. Oso fina geratu da: slide gitarrak, organoak, sintetizadoreak, programazioak... ahotsak sartzeko orduan asko disfrutatu dut. Oinarri horrekin errezagoa da norbera motibatzea eta sinistea.
Argitaratu dituzun lan guztietan autore abestira gidatuta dagoen ibilbidea erakutsi duzu. Zure eboluzio natural bezala ikusten duzu? Etsaiak eta Fjord bezalako proiektuetan doinu gogorrak eskaintzen zenituen, orain aldiz abetiak lasaiagoak eta landuagoa dira.
Aipatzen dituzun taldeetan aritzen nintzenean ere musika lasaia entzun eta grabatzen nuen: 1997an grabatu nuen Zain izeneko nire lehen proiektu akustikoa. 1999an nire lehen disko instrumentala kaleratu zen. Bitartean rock talde gogorretan aritzen nintzen, baina beti egon naiz gauza berriak frogatzen. Denetarik jo dut sentsazio berrien bila: KX, akustikoak, instrumentalak, talde gogorrak. Agian azken aldian lasaiago nabil bai, adinagatik? Beste energia bat? Sorpresa kutxa bat bezala hartzen dut musikaren mundu hau, sekula ez dakizu zer gertatuko den, nolakoa izango den idatziko duzun hurrengo abestia. Interesagarriagoa da horrela, ni emozionatu egiten naiz eta asko disfrutatzen dut.
Nola aurkeztuko duzu zuzenean disko berria?
Fignuh Experience bandarekin arituko naiz. Laukote bat gara: Iñaki Jaio (Botxo Boogies), Isusko, Ramon (Rude and friends), Mikel Arakistain (Fjord, Uek) eta ni. Sei urte daramagu zuzenean elkarrekin jotzen. Set list ederra prestatu dugu.
Hurrengo kontzertuak:
Apirilak 2 Markina (+ Izaki Gardenak)
Apirilak 28 Bermeo
Maiatzak 20 Donostia (+ Izaki Gardenak).
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.