Pandemian sortu omen zen talde hau. Zein izan ziren zuen erregaiak?
Alde batetik, Anek kantu sorta bat zuen gordetan, urteetan zehar egindakoak, eta kantu horiek talde formatura eramateko gogoa zuen. Kantuak, eta bertan kontatzen dena dira taldearen erregaiak. Bestalde, kantu horiek handitzen eta zabaltzen joan dira Keia proiekturaino iritsi arte.
Diskoaren izena “Erregaia” da, zeri egiten dio erreferentzia?
Taldearen izena, Keia edo kea, nonbait sua dagoenaren seinalea da. Askotan gure barruan ditugun suak identifikatzean edo izendatzena kosta egiten zaigu, baina su horien kea beti azaleratzen da. Gure barruako su ezberdinen keia dira kantuak eta “Erregaia”rekin su txiki horiei egur gehiago botatzera gatoz.
Nola definituko zenukete diskoa? Musikalki nahiko irekia da. Oinarri erritmiko indartsua eta gitarrak abiapuntu hartuta estilo ezberdin askotara zabaldu gara. Popa dago, 90. hamarkadako rocka, psikodelia, girotze instrumentalak… Hitzen aldetik ere anitza da: ziurtasun gabeziak, ezinegonak, itxurakeriak, damuak, momentua bizitzearen beharra… Hitzak Aneren barne unibertsoaren lagin txiki bat dira.
Nolakoa izan zen sorkuntza prozesua?
Keia proiektua 2021eko apirilean abiatu zen. Anek sortutako kantuak grabatu nahi zituen, baina ez zauden moduan, instrumentazio jakin bat bilatzea zen bere nahia. Ikerri laguntza eskatu zion eta elkarrekin kantuek behar zutena behatzen hasi ziren. Bateriarekin laguntzeko Egoitzengana jotzen dute eta ondoren baxua jotzeko Iñigori luzatzen diote proposamena. Ikerrek, Egoitzek eta Iñigok aspalditik ezagutzen dute elkar. Proiektu ezberdinetan arituak dira elkarrekin eta gaur egun entsegu lokala ere partekatzen dute. Guztiok elkar ulertzea erraza eta naturala izan da.
Pandemia gariak dira. Lokalak itxita zeuden orduan, itxiera perimetralak jarri eta kendu zebiltzan. Ane Zarautzen bizi da, Iñigo Zaldibian eta Egoitz eta Iker Oñatin. Beraz, aurrera egiteko formulak bilatu behar izan ditugu. Kasu honetan, bakoitzak etxetik egin zuen lan eta guztia lainoan partekatzen dugu.
Apurka kantuan forma hartuz joan ziren eta laurok lokalean elkarrekin jotzeko gogoa pizten da. Taldea elkartu zenean katuek beste dimentsio bat hartu zuten. Horregatik, kantu horiek estudio batean grabatzea erabakitzen dugu eta momentu horretan sortu zen Keia.
Potemkin, Latzen, Sorkun edota Sharon Stoner taldetik zatozte taldekide batzuk. Zertan lagundu dizue sortzerako garaian esperientzia horrek?
Talde ezberdinetan aritu izanak esperientzia ematen du: lan egiteko era batzuk, nolabaiteko aberastasun musikala, lanabesak, ofizioa… Hori guztia, askotan ez da zuzenean islatzen eta kantuak banan-banan landu behar dira, bakoitzari behar duena emanez, gauzak kenduz, jarriz, berriro kenduz… Keia ez litzateke egun dena ez bagenu beste guztia bizi izan.
“Gure barruako su ezberdinen keia dira kantuak eta “Erregaia”rekin su txiki horiei egur gehiago botatzera gatoz”
Asko aldatu al da ordutik euskal eszena?
Egun, musika estilo aldetik, aberastasun handiagoa dagoela iruditzen zaigu- Denetarik egin eta entzun da. Rock eta heavy etiketek beraien erreferentzia izaera galdu dute gazteengan eta oi-ak eta street punk-ak indar handia hartu dute. Pop eszena ere asko handitu da. Lehen hemen ez zegoen hori. Denetik egotea ona dela uste dugu.
Oro har, egun ke asko saltzen dela iruditzen al zaizu musikaren industrian?
Egun irudiak sekulako garrantzia du. Askotan sare sozialen morroi sentitzen gara. Sorkuntza bakoitzak bere lana du atzetik eta bakoitzak ahal duena egiten du. Gustatuko zaizu la ez, baina ez dugu uste kea saltzen denik.
Letrak pertsonalak dira, barnerakoiak. Musika terapia moduan ulertzen al duzue? Behar naturala al da zuentzat abestiak sortzea? Kezka edo bizipen batzuetatik sortzen dira, baina aldi berean nahiko unibertsalak dira. Musikak gure bizitzen zati handi bat hartzen du. Ez dakigu terapia ote den, baina musikarik gabe ziur terapia beharko genukeela.
Zein izan dira zuen inspirazioak, liburu edo pelikula jakinen bat ala eguneroko errealitatea nahikoa inspirazio izan da?
Giza harremanek eta egunerokoari aurre egiteko ditugun modu eta zailtasunek inspiratzen gaituzte. Irudiari ematen diogun garrantzia, momentua gozatzeko eta bizitzeko ditugun zailtasunak, gure sentimenduak adierazteko gaitasun falta, gure beldur eta gabeziak…
Zer suposatzen du zuentzat talde bateko kide izatea?
Musikalki aberastasun handia da. Guztiok dugu musika munduan jada bide bat egina eta bide horretan ikasia taldean islatzen da. Giza harremanei dagokionez, babes bat da, lagunarte bat, proiektu batetiko ilusio eta konpromisoa. Hori guztiak partekatzeak ederragoa egiten du bidea.
Zuzeneko data batzuk lotuak dituzue. Zer eskainiko duzue zuzenekoetan?
Diskoko kantuak dira kontzertuen bizkarrezurra. Rock kontzertu bat da, bere haran eta gailurrekin. Taldeak badaki leun jotzen, eta baita intentsitate guztiarekin egurra ematen ere. Talde berria izan arren, badugu soinu bat, bereizgarria dena: Aneren ahotsa, oinarri erritmiko sendoa, gitarrak, girotze instrumentalak… hori guztia Keia da eta hori da zuzenean eskainiko duguna.
Keia proiektuarekin zein helburu betetzea gustatuko litzaizueke?
Helburu nagusia musikarekin disfrutatzea da. Elkarrengandik ikasiz, elkarrekin momentu oro gozatzea. Horrek guztiak gure ingurua ere gozarazten edo hunkitzen badu, are eta hobeto. Diskoan sortu dugun unibertso musikala zuzenekoetan ondo islatzea gustatuko litzaiguke.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.