“Atzera begirada bat ez da nostalgia hutsa, gaur eguna ulertzeko tresna da”
EntrevistasJagoba

“Atzera begirada bat ez da nostalgia hutsa, gaur eguna ulertzeko tresna da”

Iraia Cambra — 26-03-2026

Kinadaren ondoren, Jagoba Mendizabalek etapa berri bati ekin dio JAGOBA proiektuarekin, presiorik gabe baina norabide argi batekin.

"Atzera begirada bat" da bere lehen diskoa, eta bertan azken urteetako bizipenak, hausnarketak eta bilaketa artistikoa bildu ditu. Pop-rock oinarritik abiatuta, diskoak iraganera begiratzeko gonbita egiten du, baina ikuspegi kritiko eta heldu batetik, oraina ulertzeko eta etorkizunari zentzuz heltzeko.

"Atzera begirada bat" da zuen lehen diskoa JAGOBA proiektuarekin. Nolakoa izan da hasieratik disko honetara arteko bidea? Zer bilaketa egon da proiektu honetan?
Kinada taldea banatu ostean, urtebete inguruz ibili nintzen abesti berriak idazten, presiorik gabe eta norabide zehatzik markatu gabe. Txikitatik izan naiz musikazalea, eta nahiz eta estilo asko entzun izan ditudan, betidanik izan dut pop-rockean oinarritutako musika egiteko gogoa. Hasiera batean, nire helburua ez zen disko bat kaleratzea; abesti solteak sortzea zen asmoa. Hala ere, lehenengo bi kantuak argitaratu ostean, ondoren idatzitakoek elkarren arteko lotura handia zutela konturatu nintzen, bai soinuari bai diskurtsoari dagokionez ere. Horren ondorioz sortu zen Atzera Begirada Bat: azken bi urteetan sortutako abestiak biltzen dituen lana, kontzeptu jakin baten bueltan egituratua.

Kinada taldetik zatoz, baina JAGOBArekin beste etapa bati ekin diozu. Zer behar sentitu zenuen proiektu berri hau sortzeko?
Kinada lau lagunek osatutako punk-rock taldea izan zen, eta gure helburu nagusia ondo pasatzea zen: entseguetan, zuzenekoetan eta baita elkarrekin sortzen ere. Bi disko kaleratu genituen eta esperientzia oso aberasgarria izan zen. 2023an taldea uztea erabaki genuen, eta momentu horretan, barruan nuen musika melodikoagoa egiteko beharra sortu zitzaidan. Abesti batzuk jada idatzita nituen, eta horiek grabatu eta kaleratzeko pausoa emateko gogoa sentitu nuen. Lehenengo pauso berriak Bobirekin ematea erabaki nuen, nire gitarra irakaslea baitzen, eta proiektuan sinistu zuen lehen unetik. Ondoren, Oihan Agirretxe batu zen bateriak grabatzeko, eta horrela grabatu ditugu diskoan dauden abesti gehienak.

Diskoan iraganari begiratzeko gonbita egiten duzue, baina ikuspegi kritiko batetik. Zergatik uste duzu hain beharrezkoa dela atzera begiratzea gaur egun?
Atzera begiratzea ikasketa-prozesu gisa ulertzen dugu. Ez dugu baieztatzen iraganeko garaiak hobeak direnik, baina gaur egungo testuingurua ulertzeko daukagun informazio-iturri nagusiena iragana dela uste dugu. Diskoko abesti batzuek badute nostalgia puntu bat, baina beste askok kritika zorrotza egiten diete denboran zehar gertatutako ekintzei eta hartutako erabakiei.
Denboraren joanak uzten dituen ondorioak aztertu, galderak planteatu eta erantzunak bilatzeko prozesu bat izan da disko osoa.

Soinuari dagokionez, pop-rockaren barruan ñabardura helduagoak eta landuagoak sumatzen dira. Nola landu duzue diskoaren identitate sonoroa?Diskoa osatzen duten abestiak azken bi urteetan grabatu ditugu, baina ez ditugu guztiak aldi berean grabatu. Ez dugu presarik izan, eta horrek aukera eman digu abesti bakoitza bere momentuan lantzeko. Kantu bakoitza garai ezberdin batean grabatuta dago, eta hori, bai letretan bai egituretan ere nabaritzen dela uste dugu. Soinuari dagokionez, instrumental gogorra eta ahots melodikoa izan dira oinarri nagusiak, baina badira balada kutsua duten abestiak eta baita doinu urbanoagoak ere. Horregatik, oso garrantzitsua izan da disko osoa Ozen estudioan grabatzea. Jurgik ondo ezagutzen gaitu eta badaki zer bilatzen dugun: instrumentalaren indarra eta ahotsaren melodia poperoak modu orekatuz uztartzea.

Diskoak memoria, identitatea eta denboraren joana jorratzen ditu. Zein puntutan dira gai hauek pertsonalak eta zein puntutan unibertsalak?
Denboraren joana kontzeptu nagusi gisa hartuta, abesti bakoitzean gai ezberdinak jorratu ditugu. Badira kritika soziala ardatz duten kantuak, ikuspegi unibertsalago batetik idatziak, eta badira oso pertsonalak diren beste batzuk ere. Oro har, idazteko garaian hiru formula horiek erabiltzen ditut gehien: bizitakoa kontatzea, kritika soziala egitea ikuspegi zabal batetik, eta istorioak hirugarren pertsonan eraikitzea.

“Zenbat gau” izan zen lehen aurrerapena eta arrakasta handia izan zuen. Espero zenuen halako erantzuna? Nola baldintzatu du horrek ondorengo lana?
Zenbat Gau abestia mugarri oso garrantzitsua izan da, bai niretzat bai Hazasen proiektuarentzat ere. Ate berriak ireki dizkigu, eta ondoren etorri diren abestiak kaleratzeko garaian motibazio iturri handia izan da. Letra aldetik, orain arte kaleratutako abestirik pertsonalena dela esango nuke, eta espero ez genituen leku eta entzuleengana iritsi da. Hala ere, Atzera Begirada Bat ez da abesti bakar baten jarraipena soilik: diskoan dauden abesti berriek eta aurretik kaleratutakoek harreman zuzena dute Zenbat Gau abestiarekin, baina helburua gai ezberdinak lantzea izan da, betiere kontzeptu bera oinarri hartuta.

“Denboraren joanak uzten dituen ondorioak aztertu, galderak planteatu eta erantzunak bilatzeko prozesu bat izan da disko osoa”

Diskoko abestien artean, zein da zuretzat bereziena edo barrutik gehien ukitzen zaituena? Zergatik?
Ez da erraza abesti bakar bat aukeratzea, bakoitzak bere berezitasunak baititu. Orain arte kaleratutakoen artean Zenbat Gau eta Denbora nabarmenduko nituzke; azken hau Kinada garaian idatzitako abestia delako, eta nire ibilbidearen bi etapa lotzen dituelako. Abesti berrien artean, berriz, Izar Guztiak aukeratuko nuke. Abestiak heriotzaren eta doluaren gaiak lantzen ditu, eta
bizipen pertsonaletatik sortua izan arren, entzule bakoitzak bere esperientzietara egokitzeko aukera ematen duen kantua da.

Zure ustez, badago abestiren bat disko osoaren mezua hobekien laburbiltzen duena?
Esaldi bakar bat aukeratu beharko banu, Denbora abestikoa izango litzateke: “Denborak ez du barkatzen, orratzak ez dira gelditzen”. Disko osoaren ideia ondo laburbiltzen duela iruditzen zait.

Proiektua Bobirekin hasi zenuen. Nolakoa da zuen arteko lan-dinamika? Zer ematen dio bakoitzak proiektuari?
Bobi proiektuaren funtsezko zatia da. Hasieratik ari gara elkarlanean, eta bakoitzak bere eginkizunak ditu. Bobi batez ere zati instrumentalaren produkzioan eta zuzenekoaren prestaketan ibiltzen da; nik, berriz, lehen ideiak, melodiak, produkzioa, sare sozialen kudeaketa eta alde administratiboa eramaten ditut. Hala ere, abestiak sortzerako garaian lan kolektiboa egiten dugu: maketak Bobiren etxean grabatzen ditugu, eta ondoren Ozen estudioko Jurgiri bidaltzen dizkiogu, grabaketaren aurreko azken moldaketak egiteko.

Hasieratik Hazasekin egindako kolaborazioa gakoa izan da. Zer aurkitu duzue elkarlan horretan?
Kolaborazio guztiak laguntasunetik sortu dira. Txikitatik ezagutzen gara, eta hasieratik gustuko dugun hori egiten aritu gara, presiorik gabe. Argi genuen bakoitzak musika estilo ezberdinak lantzeko asmoa zuela, baina horrek ez digu inolako oztoporik jarri estilo horiek nahasterako garaian. Azken urtean denbora asko pasa dugu elkarrekin, eta oso pozgarria da bakoitzak nahi duen musika egiteko aukera izatea, elkar aberastuz.

Azken urtean taldea handitu egin da Ibon Kazalis eta David Vila gehituta. Nola aldatu da soinua edo zuzenekoa haiekin?
David eta Ibon azken hilabeteetan gehitu dira taldera. Hazasekin genuen zuzeneko proiektua amaitu baino pixka bat lehenago hasi ginen banda egonkor bat osatzeko lanean. Gure abestiak zuzenekora eramateko ezinbestekoak zirela ikusi genuen, eta haien ekarpena funtsezkoa izan da. Ziur gaude freskotasuna eta indar handia emango diotela zuzenekoari.

Abestietan, hainbat kolaborazio aurki ditzakegu. Zer esan dezakezu horren inguruan?
Kolaborazioei dagokienez, gertuko jendea gonbidatu dugu, hau da, lagunak. Hazas, June eta Eider Saez izan dira orain arteko kolaboratzaile nagusiak, baina disko honetan Anuk, Elene, Manu Gaigne eta Mikel Ugarte ere batu dira. Lehenengoen kasuan, aspalditik genuen elkarrekin zerbait egiteko gogoa, eta ahots oso bereziak dira. Bigarrenen kasuan, berriz, maila handiko musikariak dira, txalapartan eta perkusioan adituak, eta diskoari beste kolore bat eman diote.

2016an Kinada sortu zenuenetik hona bide luzea egin duzu. Atzera begiratuta, zer ikusten duzu aldatu dela gehien zugan artista moduan?
Kinadan 18 urte genituen, eta ez genekien oso ondo nola funtzionatzen zuen musikaren industriak. Gure helburua ahalik eta gehien jotzea eta entseguetan ondo pasatzea zen. Hasieran, oholtza gainera konfiantza gutxirekin igotzen nintzen; gaur egun, aldiz, zuzenekoen egoera gehiago kontrolatzen dudala sentitzen dut. Horrez gain, musika ikasketa ezberdinak egin ditut urte hauetan, eta gaur egun ahotsaren erabilera hobetzeko klaseak jasotzen ari naiz. Esperientzia horien guztien eta bizitzak berak emandako ikaskuntzen ondorioz, heldutasun batera iritsi naizela esango nuke.

Proiektu berri batekin berriz hastea ez da beti erraza izaten. Zer izan da zailena trantsizio honetan?
Trantsizioa ez da batere zaila izan niretzat. Denbora izan dugu gauzak ondo pentsatu, prestatu eta aurrera eramateko. Proiektua lasaitasun fase batean dagoela sentitzen dut, eta horrek aukera ematen digu gauzak patxadaz egiteko, presiorik eta estresik gabe.

“Denborak ez du barkatzen, orratzak ez dira gelditzen”. Disko osoaren ideia ondo laburbiltzen duela iruditzen zait.

“Zenbat gau”-ren arrakastak eta ondorengo birak zer ekarri dizu maila pertsonalean eta profesionalean?
Birak oso garrantzi handia izan du guretzat. Orain arte ezagutzen ez genituen txokoak ezagutzeko aukera eman digu, eta asko disfrutatu dugu bidean. Lagun berriak egiteaz gain, artista ezberdinen lanak ezagutzeko aukera ere izan dugu. Astebururo kontzertua edukitzeak tentsioa sortzen du, baina horrek diziplina eta kontzentrazioa eskatzen ditu, eta hori kudeatzen ikasi dudala uste dut.

11 abestiak oso pertsonalak dira, eta denek dute zure barne zati bat bertan. Nondik sortzen dituzu abestiak eta nolakoa da sortze prozesua?
Abesti bakoitzak bere prozesua duen arren, azken aldian nahiko formula antzekoa erabiltzen dugu. Normalean melodia batetik abiatzen gara, eta ondoren akordeak bilatzen dizkiogu. Lehen zatitxoak grabatzen ditugu, ideia nagusia finkatzeko, eta ondoren letra idazten dugu. Azken maketa Jurgiri bidaltzen diogu, eta grabaketaren aurretik azken aldaketak egiten ditugu, abestia ahalik eta ondoen borobiltzeko.

Aipatu dugu, lan luze honek 11 abesti dituela, eta adibidez, ‘Noiz arte?’ abestian gaur egungo testuinguru politiko eta soziala txertatzen duzu. Zer papera du musikak zuretzat gaur egungo gizartean? Eta nola ikuste duzu gaur egungo gizartea?
Bai, diskoan bada gaur egungo gizarteari egindako kritika argi bat. Horren adibiderik zuzenena ‘Noiz arte?’ abestia da. Kantu horretan Palestinan gertatzen ari den sarraskia hartu nuen abiapuntu gisa, baina ez gertakari isolatu gisa ulertuta. Aitzitik, mundu mailan bizi dugun bidegabekeriaren, inpunitatearen eta isiltasunaren sinbolo gisa erabili dut abestia. Abestiak galdera bat planteatzen du, entzuleari zuzenean zuzendua, eta egoera horien aurrean dugun erantzukizunari buruz hausnartzera gonbidatzen du.

Euskal musikaren eszena une interesgarrian dago. Non kokatzen duzu JAGOBA proiektua panorama horretan?
Uste dut euskal musikaren eszena une oso emankorrean dagoela gaur egun. Estilo, diskurtso eta proposamen askotarikoak daude, eta horrek aberastasun handia ematen dio eszenari. Testuinguru horren barruan kokatzen dut JAGOBA proiektua. Ez dut sentitzen joera jakin baten atzetik doan proposamena denik; aitzitik, bere erritmoan hazten ari den proiektu pertsonala da, barrutik sortua. Pop-rocka dugu oinarri, baina beste estilo askotan ere eroso sentitzen naiz, eta ez dugu inongo aterik itxi nahi etorkizunari begira. Horrez gain, uste dut ezinbestekoa dela proposamen horiek plazaratzeko gune eta espazio gehiago egotea: herriko festak garrantzitsuak dira, baina gaztetxe eta espazio autogestionatu gehiago behar dira bestelako proiektuak aurkezteko.

Diskoa kaleratzear zaudete. Zer espero dezake entzuleak Atzera begirada bat-etik?
Atzera Begirada Bat-etik entzuleak 40 minutuko bidaia trinko eta koherente bat espero dezake. Patxadaz entzuteko pentsatutako diskoa da, hasieratik amaierara zentzua duen lana. Entzuleari arreta eta inplikazioa eskatzen dio, baina aldi berean gertukoa eta ulerterraza da. Diskoan barrura begirako kantuak daude, emozio pertsonaletatik sortuak, baina ez dira horretan gelditzen: gaur egungo gizartearekin eta bizi dugun testuinguruarekin lotzen dira. Soinu aldetik, pop-rockaren barruan kokatzen da, heldutasun handiagoarekin landua, ñabardurak eta testurak zainduz, beti melodiari eta hitzari garrantzia emanez.

Zuzenekoetan zer nolako esperientzia eskaini nahi duzue? Diskoko atmosfera mantentzen da edo beste zerbait gertatzen da?
Zuzenekoetan esperientzia bizi, zintzo eta gertukoa eskaini nahi dugu. Diskoko giroa oinarri bezala hartzen dugu, baina oholtza gainean abestiek beste indar eta askatasun bat hartzen dute. Uneko emozioak, taldekideen arteko energiak eta publikoarekiko harremanak erabat baldintzatzen dute kontzertua. Helburua entzulearekin konexio zuzena sortzea da, abestiak partekatzeko eta elkarrekin bizitzeko une bat sortuz. Barrura begirako diskoa izan arren, zuzenekoetan hori guztia kanpora bota nahi dugu, emozioa eta intentsitatea lehen planoan jarriz, momentu bakoitza bizipen kolektibo bihurtuz.

Epe motzera eta luzera begira, zeintzuk dira JAGOBAren hurrengo pausoak?
Epe motzera begira, JAGOBA proiektuaren helburu nagusia zuzenekoak finkatzea eta disko berria modu zintzo eta intentsu batean aurkeztea da. Entzuleekin aurrez aurreko harremana ezinbestekoa da diskoaren energia eta mezua bizirik mantentzeko. Epe luzera, berriz, proiektuaren nortasuna sendotzen jarraitzea da asmoa, bai soinuari dagokionez, bai lantzen diren kontzeptuetan ere. Horrez gain, kolaborazio berriak eta proposamen musikal berriak esploratzea ere buruan dago, taldearen dinamika eta sortze-prozesua aberasteko.

Eta azkenik, zer da gaur egun zuretzat JAGOBA proiektua?
Gaur egun, JAGOBA nire nortasuna adierazteko eta heldutasun artistikoa garatzeko proiektua da. Barrura begiratzen duen lana izan arren, zuzenean kanpora zabaltzen den proposamena da, eta horrek ematen dio zentzua eta bizitasuna. Sortze-prozesua, komunikazioa eta konpromisoa uztartzen dituen espazioa da niretzat, eta etorkizunean ere bide horretan jarraitzea da helburua: zintzotasunetik sortzen jarraitzea, eta entzuleekin harreman zuzena mantentzea.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.