“Laguntasuna da hasiera hartatik mantentzen dena”
EntrevistasHerenegun

“Laguntasuna da hasiera hartatik mantentzen dena”

Iraia Cambra — 02-10-2025
Fotografía — Maitane Campos

Herenegunek, "Atzera Begira" azken diskoarekin, jauzi nabarmen bat egin du. Soinu helduagoak, gai sakonagoak eta estilo aldaketa ausartak dituzte abestietan. Taldekideek euren bizipen pertsonalak eta inguruko errealitate soziala uztartzen dituzte, eta horrela, musikaren bidez, belaunaldi oso baten ahotsa bihurtu dira. Taldeak, orain 10 urte baino gehiago sortua, eraldaketa eta heldutasun prozesu bat bizi izan du.

"Atzera Begira" zuen hirugarren lana da, eta argi dago jauzi handi bat egin duzuela. Zer aurkitu duzue prozesu honetan zuen buruengan, aurreko lanetan baino sakonagoa izan dena?
Esan genezake heldutasuna dela lan honen sakontasunaren arrazoi nagusia. Azken finean, aurreko lanetako abestiak konposatu genitunean nerabeak ginen. Gaur egun heldu izate horrek munduarekiko beste ikuspegi bat izatea dakar, ikuspegi errealistagoa eta, ondorioz, ikuspegi pesimistagoa. Honen adierazle da melodia nostalgikoak nabarmentzen direla lanean.

Estilo-aldaketa bat nabari da: ska eta reggae erritmo dantzagarrietatik pop-rock elektronikoago, sakonago eta barnekoiago batera. Zer puntu pertsonalek bultzatu zaituztete aldaketa horretara? Norabide horretan jarraituko duzue?
Honek ere heldutasunarekin du lotura. Gazteagoak ginenean gure erreferenteak bestelakoak ziren. Erreferente horietan ska estiloa nabarmentzen zen: Betagarri, Skalariak, Skakeitanen hasiera, Ze Esatek, etab. Gaur egun musika hori entzuten jarraitzen dugu baina bestelako musika nabarmentzen da. Jorratu nahi diren gaientzako aproposagoa den estiloa iruditzen zaigu pop-rock-a eta, hortik abiatuz, estilo propioa garatzea da asmoa. Ez dakit norabide hori jarraituko dugun, atzera egingo dugun edota estilo berriak probatuko ditugun. Esan dezakeguna da oso gustora gaudela emaitzarekin eta espero dugula jendearen gustokoa ere izatea.

Zergatik uste duzue melankolia eta nostalgia izan direla diskoko haria? Zuen bizipenetan oinarrituta dator, edo gehiago da inguruko errealitateari buruzko begirada kritiko bat?
Arrazoi anitzak dira. Alderdi pertsonalari dagokionez, bizitzako etapa ilun batean sortutako abestiak dira eta badira bizipen pertsonaletik sortuak izan diren abestiak. Bestalde, inguruko errealitatearen ere zuzeneko eragina du. Ingurune hurbilean ditugu, esaterako, gazteek pairatzen ditugun zailtasunak bizitza propio bat eratzeko, Donostia zertan ari den bihurtzen, etab. Begirada urrunago jarriz gero gauzak okerrera egiten du: genozidio bat, modelo kapitalistaren gainbera eta horrek dakartzan krisiak, alderdi ultraeskuindarren gorakada, etab. Ingurura begiratuz gero etorkizuna ez da atsegina aurreikusten.

Diskoaren izenburua, Atzera Begira, berez oso esanguratsua da. Zer esanahi du zuen kasuan? Zer dago atzera begiratze horren atzean?
Atzera begiratze horretan hausnarketa bat dago. Inongo helburu jakinik gabe sortu genuen taldea 15 urteko umemokoak ginenean. Orduantxe hasi ginen lehendabizikoz parrandak egiten eta herriko jaietan ikusten genituen taldeak imitatu nahian hasi ginen entseatzen. Hasieran bertsioak jotzen, pixkanaka kontzertuak emanez eta azkenik abesti propioak sortuz. Aurten 10 urte betetzen ditugu eta gure estudioko hirugarren diskoa aurkezten ari gara. Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko duen baina oso harro gaude orain arte egindako lanaz, eta hori azpimarratu nahi dugu.

Minutu Bat-en entzuten da denboraren aurkako borroka, "beranduegi" iritsi den kontzientzia hori. Zer mezu nahi zenuten transmititu horrekin?
Abestia etorkizunean kokatzen da, sortu dugun mundua aldatzeko beranduegi den etorkizun batean hain zuzen ere. Testuinguru horretan denborak berezko duen erlatibitatea definitzen da: denbora gutxi geratzen denean minutu bat gehiegi da atzera begira egoteko baina, aldi berean, minutu bat ez da nahikoa dena amaitu dela onartzeko eta minutu bat ez da nahikoa etsipen hori onartu ahal izateko.

“Esan genezake heldutasuna dela lan honen sakontasunaren arrazoi nagusia”

Ekaitza-k tentsioa, zalantza eta bultzada ausarta uztartzen ditu. Zuen bizitzako zein unetatik edaten du kantu honek?
Aldaketetaz hitz egiten du abestiak. Zehazki, aldaketa egoera baten aurrean sortzen diren ezjakintasunez, kezkez edota beldurrez. Aldaketek normalean zerbait atzean utzi behar izatea dakarte, eta horrek pisu emozional handia izan ohi du. Abesti honek ere denboran du bere oinarria, izan dena, izan zena eta izan zitekeenean.

Aldentzen Banaiz oso pertsonala eta intimoa da, mina eta distantzia lantzen ditu. Noraino da kantu hau norbanako baten istorioa eta noraino belaunaldi oso baten sentimendua?
Historia pertsonal bat deskribatzen duen abestia da. Hala ere, belaunaldi oso baten ezaugarri izan daiteke. Konpromezuari beldur dion maitasunaz hitz egiten du, eta hori, neurri batean gure belaunaldiaren parte dela esan genezake. Gaur egungo gazteek gauzak modu sutsu eta efimeroan bizitzeko joera dugula esango nuke, eta hori harremanetan islatzen da zuzenean.

Mundu Ederra-k begirada sozial zuzena egiten du: xenofobia, bortizkeria, etsipena… Nola erabaki zenuten gizartearen ispilu gordin hori sartzea diskoan?
Zoritxarrez egunerokotasunean ikusten ditugun gaiak dira: Palestina jasaten ari den genozidioa, alderdi ultraeskuindarren gorakada eta horrek dakarren matxismoa, xenofobia edota homofobiaren hazkundea; orokorrean geroz eta polarizatuago dagoen gizartea. Hau da gaur egungo errealitatea, beste modu batera esanda, hau da sortu dugun errealitatea, eta ezinbestekoa da gure sorkuntzan islatzea. Horregatik, modu ironikoan definitzen da, mundu eder bezala kritika egiteko asmoz.

Zuen ustez, zein abestik laburbiltzen du hoberen Atzera Begira diskoaren arima?
Atzera Begira berak, hau da, diskoari izena ematen dion abestiak. Abesti honetan islatzen dira orain arte aipatu ditugun gaiak eta, horretaz gain, estilo berezkoena duen abestia dela esan genezake.

Borja Antónek ekoitzi du diskoa, eta haren esku-hartzea oso nabarmena izan dela diozue. Zer ikasi duzue berarekin lanean, eta nola aberastu du zuen soinu berria?
Hirugarren disko bat grabatzerako orduan edonork esango luke gure burua jada musikaritzat dugula eta neurri batean hala zen Borjarekin lanean hasi arte. Berarekin lanean hasi orduko jabetu ginen bide luzea dugula oraindik egiteko. Izan ere, Borjak bere apaltasun eta jakintzatik beste dimentsio batera eraman ditu abestiak.
Talde bezala beti izan dugu Skakeitan erreferentetzat, horregatik Borjarekin lan egiteko aukera zoragarria iruditu zitzaigun hasieratik. Gerora, lanean jardun eta emaitzak ikusi ondoren uste dugu egindako lana ezin hobea izan dela eta horren ehuneko handi bat Borjaren lanari esker da. Horrez gain, Borjari esker lan egiteko modu efizienteagoak ikasi ditugu. Azkenik, urte asko dira taldekideak elkar ezagutzen garela eta kanpo-figura baten presentziak, lan egiteko genuen era astindu eta berritu du.

Haritz Harreguy grabazioan eta Victor García masterizazioan. Zer behar zenuten haien eskutik? Zer ekarri du bakoitzak?
Haiengandik behar genuena jaso dugu: gardentasuna. Haritzekin ordu asko eman ditugu estudioan eta argi dago bere esperientzia oso lagungarria dela horrelako proiektu bat aurrera eramateko garaian. Guk gehien eskertzen duguna gardentasuna eta zintzotasuna da, gauzak diren bezala adieraztea, eta horixe bera eman digu Haritzek. Egia esan, bai Borja eta bai Haritzekin lanean jardun dugunean eroso sentitu gara, etxean. Lehen esan bezala proiektu hau beraiei esker izan da, hein handi batean.

Idoia Asurmendiren presentzia Izana-n eta Marte Lasarteren ekarpena oso bereziak dira. Zer bilatzen zenituzten kolaborazio hauetan, eta zer aurkitu duzue haien ahotsean?
Kolaborazio hauetan eskatzen genuena lortu dugu: Idoiarengandik haren ahotsaren goxotasuna eta indarra, eta Marte Lasarterengandik haien estilo elektrikoa. Egia esan, betidanik asko miresten ditugun artistak dira eta gure proiektuan kolaboratu izana ohore bat da guretzat. Hala ere, uste dugu abestiak berak eskatzen zuen kolaborazioak zirela, bai Idoiaren kasuan eta baita Marte Lasarteren kasuan ere. Borjarekin gertatu zen bezala, Idoia eta Pelloren tankerako musikariekin lan egitea izugarrizko esperientzia da haiengandik ikasteko eta, batez ere, egunen batean harrotasunez oroitzeko.

Donostiako Antiguon hasi zineten lagun artean. Diskoaren izenburuak dion moduan, Atzera begiratuta, zer da orduko Herenegunek gaurkoarekin konpartitzen duena, eta zer galdu edo utzi duzue bidean?
Garai hartatik mantentzen dena laguntasuna da. Izan ere, 8 taldekidetik 6-k haur hezkuntzatik ezagutzen dugu elkar. Beraz esan genezake bizitza osoa eman dugula elkarrekin eta ibilbide hau amaitzen denean ere, elkarrekin jarraituko dugula. Galdu duguna, berriz, beldurra dela esango genuke. Hasieran, esperientzia ezak beldur eta kezka asko sortzen zituen, baina bidean aurrera egin dugun heinean, segurtasuna gureganatu dugu.

10 urteko ibilbidean, zein izan dira zuen unerik gogorrenak eta zeintzuk garaipen handienak?
Unerik gogorrenetakoa taldekide baten agurra izan zen. Orain arte, taldea 9 lagunek osatu dugu baina iaz trikitilari genuen Axier Gomezek taldea uztea erabaki zuen. Azken finean, guretzat taldea beti izan da "hobbie" bat baina azken urteetan profesionalizazio prozesu bat izan dugu eta horrekin batera, gure denboraren zati handiago bat eskeintzeko beharra ekarri zuen. Momentu gogorra izan zen, taldekide guztiak lagunak garelako. Lagun batek taldea utzi nahi duela onartzea zaila da.
Garaipen handiena Flamenkan jotzea izan zen. Beti amestu izan dugu piraten oholtza gainean jotzeko aukerarekin eta zorionez aukera hori izan genuen. Berezi egin nahi izan genuen eta esango genuke lortu genuela. Gure YouTube-ko kanalean dago egun hartako bideo bat ikusgai.

Talde bezala, zerk mantendu du indarra: adiskidetasunak, musikarekiko grinak ala publikoaren babesa?
Guzti horrek mantendu gaitu elkar. Adiskidetasunak asko laguntzen du gure artean konfiantza dugulako, onerako eta txarrerako. Musikarekiko dugun grinak ere laguntzen du, baina esango nuke parrandarako dugun grina dela zuzenagoa kasu honetan. Azkenik, publikoaren babesa ezinbestekoa da. Jendeak erantzuten ez badu, hau ez doa aurrera. Gure kasuan, beti izan dugu publikoaren babesa eta, batez ere, gure familia eta lagunena, eta hori da talde batek izan dezakeen babesik handiena.

"Disko honetan eragin emozionala da bilatzen dena, entzule bakoitzaren bihotzera iristea”

Zuen kantuek askotan kezka existentzial eta sozialak jorratzen dituzte. Zein puntutan uztartzen da zuen bizipen pertsonala eta gaur egungo munduaren errealitatea?
Orain arte esandakoarekin bat datorrela esan genezake. Azken finean, 25 urteko gazteak gara. Duela urte batzuk amaitu genituen ikasketak, baina gurasoekin bizitzen jarraitu behar dugu ezin diogulako aurre egin gure hiriko alokairuen prezioei. Era berean, egunero ikusten ari gara nola egiten duen gora turismoak eta, honen eraginez, hiriko lokalak eraldatzen ari dira hazkundean datorren fenomeno honi erantzuna emateko.

Horrez gain, sortzen ari diren hiri eredu honen ondorioz, etorkinen kopurua nabarmen handitu da gure hirian. Honen aurrean, geroz eta ugariagoak dira diskurtso arrazista eta xenofoboak, ez soilik diskurtso mota hori espero den jendearengandik, biztanleriaren zati esanguratsu batengandik baizik. Badirudi jendeari ahaztu egin zaiola etorkin horiek alde egiten dutela haien herrialdean bizi duten egoeragatik eta, zihurrenik, egoera edo gatazka hori europako herrialdeek eragin dutela. Badirudi ere ez direla oroitzen duela ez hainbeste euskaldunak zirela Ameriketara alde egin behar zutenak bizitza hobe baten bila.
Gure bizipen pertsonala eta errealitatea hor gurutzatzen direla esan genezake, egunerokotasunean ditugun bizipenetan eta ikusten dugun munduan. Era berean, abestietan adierazten den kezka existentzial hori ezjakintasunetik dator, gaur egungo egoera ikusita, etorkizunean izango dugunaren beldur izatetik.

Zer funtzio du musikak zuen ustez gaurko gizartean: ihesbidea, kontzientzia pizgarria, edo biak batera?
Funtzio ezberdinak ditu. Disziplina artistiko bezala, musika espresiorako ibilgailu bat da argi eta garbi, norbere iritzi, pentsamendu, sentimendu edota kezkak adierazteko tresna. Honen harira, gizartean gertatzen den zerbait salatzeko ere oso erabilgarria da eta, esan duzuen bezala, jendearengan kontzientzia pizteko. Gainontzeko disziplinen aldean, musikak indar handiagoa duela esango genuke; alde batetik, zuzen-zuzenean emozio eta sentimenduekin lotuta dagoelako eta, beste alde batetik, biztanleriaren gehiengora iristeko ahalmena duelako.

Euskal musikaren eszena geroz eta anitzagoa da. Non ikusten duzue zuen lekua bertan, eta nola ikusten duzue euskal musikaren etorkizuna?
Euskal musikak etorkizun oparoa duela ikusten dugu. Aipatu duzuen moduan, euskal musikaren eszena geroz eta anitzagoa da eta horrek onura handia dakartza alderdi askotan: estilo berriak gure hizkuntzara ekartzea, emakumearen presentzia geroz eta handiagoa eta protagonistagoa, talde ez hain handiak hartzen ari garen indarra… Uste dugu oso garrantzitsua dela sortzen den edozer gauza euskaraz egitea, azken finean hori baita euskal musika euskaldun egiten duena.

Zeintzuk dira zuen asmoak hurrengo urteetan: soinu berriak probatzen jarraitu, ala Atzera Begira-k ireki duen bideari eutsi?
Oraindik ez dugu horren inguruan hausnartu baina, egia esatea nahi baduzue ez dut uste hausnarketa egongo denik. Abestia sortzerakoan, bizi dugun etapak definituko du une bakoitzean zer egingo dugun eta nola egingo dugun, eta hori ezin da jakin momentua iritsi arte. Oraingoz, disko honetan dugu jarrita fokoa eta etorkizunean batek daki zer etorriko den.

Zuen ustez, entzuleek zer topatuko dute kontzertuetan disko berriko kantuak zuzenean entzutean?
Orain arte jo dugun musika askoz alaiagoa eta dantzagarriagoa zen, aparta parranda eta jai girorako. Azken disko honetan, berriz, eragin emozionala da bilatzen dena, entzule bakoitzaren bihotzera iristea. Uste dugu zuzenekoa beti izan dela gure indargune eta estilo berriak datozen arren, hori berdin mantentzeko ahalegina egingo dugu.

Eta azkenik, zer da gaur egun Herenegun taldearen parte izatea, zuen bizitzetan?
Bizitzaren zati oinarrizko bat da, familia edo lagunak izan daitezkeen bezala. Neurri batean kuadrila bat gara baina talde etiketak esperientzia berri eta errepikaezinak ahalbidetzen ditu.
Esaterako, duela gutxi Gaztela eta Leongo herri txiki bateko jaietan jo genuen. Oso esperientzia bitxia da abestien %100-a euskaraz abesten duen talde batek Espainiar estatuko herri txiki batean jotzea, baina esperientzia ezin hobea izan zen, eta taldeagatik izango ez balitz, ez genuke hau bizitzeko aukera izango. Ba hori, taldearen parte izatea kuadrilaren parte izatea bezala da, baina planak zertxobait ezberdinagoak.

Disko honekin kontzertu data berriak ere etorriko direla pentsatzen dut…
Hala da bai. Jada itxita ditugu disko aurkezpeneko kontzertuak. Ilusio handia egiten digu orain arte jotzeko aukera izan ez dugun areto eta hirietan jotzea eta ilusioz beteta goaz. Elkarrizketa hau irteten denerako ez dakit iragarrita egongo diren kontzertuak, baina hala izatekotan, gure instagrameko profilean aurkitu daitezke sarrerak. Hauek dira zehazki hiri eta aretoak: Kafe Antzokia - Bilbo; Dabadaba - Donosti; Indara - Iruña; San Agustin - Azpeitia; La Trinchera - Madrid.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.