“Bideak erakutsi dit bidea besterik ez dela”
EntrevistasGartxot

“Bideak erakutsi dit bidea besterik ez dela”

Jaione Dagdrømmer — 18-02-2026

Ez da zaratarik behar barrura heltzeko. Batzuetan nahikoa da ahotsa eta bidean pilatutako galderak mahai gainean jartzea. Gartxotek leku horretatik sortu du bere izen propioarekin sinatutako lehen diskoa: “Bizirik gaude”.

Urteetako ibilbidean bildu dituen esperientzietatik eta norbere bilakaera pertsonalaren prozesuak kontziente eginez jaio dira kantu hauek; forma sinpleenean eta soinu biluziarekin. Diskoak ez du distirarik bilatzen, ezta helmuga zehatzik ere: egindako bidea onartu, sentitutakoa izendatu, eta horren erdian, bizirik jarraitzen dugula gogoraraztea da bere funtsa. Zintzotasunetik eta presarik gabeko begiradatik sortutako kantuen bilduma da. Elkarrizketa honetan ere leku beretik mintzatu da, hausnarketa zintzo eta sakonak utziz bidean.

Urteak daramatzazu musika munduan, baina hau da zure izen propioarekin sinatu duzun lehen diskoa. Zer aldatu da pausu hau orain emateko eta ez lehenago?
Azken hiru urteotan bizitakoek garrantzi handia izan dute. Heldutasuna-edo deitzen dioten hori berandu samar iritsi zait agian. Denok nola aldatu garen ikusteak, iraganera begira jarri eta amildegi hori sentitzeak, eragin handia izan du nire giza bilakaeran. Prozesu honek nire azken proiektua zen Ghauren hirugarren uzta lantzen ari nintzela harrapatu ninduen, nire indar eta ilusio guztiak jarri arren, kontzertuak lortzea izugarri kostatu zitzaidan unean, eta dezepzio txiki bat ere izan nuen proiektuarekin. Nik kantuan egin nahi nuen, berezia zen zerbait eskaini, eta biziak hala nahi ez balu bezala sentitu nintzen. Orduan, horren atzean egon zitezkeen arrazoien inguruan hausnartzen akitu nintzen.

Autonomo izateari utzi nion egunean, amets bati baino, bide bati uko egiten ari nintzela sentitu nuen, tristura itzela. Aipaturiko hirugarren uzta horretan produkzio handiagoko kantuak zeuden, baina baita planteamendu akustiko edo sinpleagoko batzuk ere. Inguruko batzuen bultzadari esker, akustikoagoak ziren horien arima lehenetsi nuen, eta kantuak bere forma sinpleenean ikusi nituen lehen aldiz. Inoiz baino zintzoagoak zirela sentitu nuen hasieratik, eta zalantzak izan nituen arren, barruak eskatzen zidan etortzear zeuden doinuak nire izenez sinatu behar nituela.

“Inoiz baino zintzoagoak zirela sentitu nuen hasieratik (kantuak), eta zalantzak izan nituen arren, barruak eskatzen zidan etortzear zeuden doinuak nire izenez sinatu behar nituela”

“Bizirik gaude” da lanaren izenburua. Baieztapen erabatekoa da. Egiaztapen bat da ala desira bat?
Egiaztapen bat da, diskoaren ondorio naturala. Barrura begira jartzean, hausnarketari tarte bat eman eta ondorioak ateratzen ditugunean, badirudi ariketa malenkoniatsu edo kutsu negatibodun bidaia bat egiten ari garela. Ez dut hala sentitzen. Nik diskoan min eta tristura handia eragin didaten ertz asko aipatu ditut, baina hauen inguruan aritzeak eta onartzeak, ondorio eta sentimendu ederrak eragin dizkit. Ez nuen kutsu negatiboa zuen bilduma bat sortu nahi, ez naizelako guztiz hala sentitu. Bideak erakutsi dit bidea besterik ez dela. Bizirik sentiarazi nau horrek, bizitzak ikasteko ematen dizkigun aukerengatik eskertsu bezain itxaropentsu.

“Bilaketa emozional zintzoa” dela lan hau diozu aurkezpen testuan. Prozesuan zehar, zintzotasun hau deserosoa edo mingarria izan al da?
Gauza batzuk onartzea izan daiteke mingarria edo deserosoa, baina ez nuke prozesu hori halako gainazal dramatiko batekin bildu nahi. Bizitzak parean jarritako egoerak kudeatzen saiatu naiz, sentitzen duen beste edonork egingo lukeen gisan, eta hauek kantu forman betikotzen. Horrek indarrez eramaten zaitu espero ez zenituen txoko ilunetara. Txoko ilun horiek arakatu eta ondorioak ateraz, jarrera eraikitzailea izatetik jaio ohi da argia. Onarpenak liberazioa dakar sarritan.

Musikalki ere artifiziorik gabea da, biluzia erabat. Zer desikasi behar izan duzu musikari bezala soinu biluzi honetara iristeko? Zenbateraino izan da garrantzitsua Amaia Mirandaren laguntza?
Amaia Miranda izan da norabide berri honetan itsasargi handiena; ez bakarra, baina handiena. Nire kantuak planteamendu biluziago baten beharra zutela sentitzen nuen, eta prozesu horren erdian ezagutu nuen Amaia, bere "Mientras vivas brilla" lanarekin txundituta nengoela. Izan ere, Ghau proiektuan denbora luzez ibili nintzen Logic programarekin jolasean. Proiektu hura nire produkzio gaitasunak lantzeko aitzakia zen eta oso harro nago egindako kantuez, arima oso humanoa dutela iruditzen zait. Baina lehenago aipatu dizudan giza prozesu horrek, kantu horien gehiegizko jantziak alboratzeko eskatzen zidan.

Momentu hartan ezagutu nuen Amaia, eta bere musika ulertzeko eta egiteko moduarekin oso identifikatua sentitu nintzen. Proposamena bota nion ekoizle lanak egin zitzan, eta nire Ghau proiektuaren osteko maketak erakutsi nizkion. Oraindik ere produkzioaren ajea zuten, jantzi gehiegi; nekarren inertzia zen. Hauek baztertu eta kantuak gitarra eta ahotsa baliatuz grabatzeko eskatu zidan Amaiak, eginda nituen abesti horien bertsiorik soilena lortzeko. Halaxe egin nuen, grabagailu sinple batekin, eta emaitzarekin maiteminduta geratu nintzen. Hori izan zen gure abiapuntua.

Ez nuke esango zerbait desikasi behar izan dudanik, izan ere, ni soinu biluziaren zalea izan naiz beti, nahiz eta azken proiektuan ez horrenbeste landu. Nire beste proiektuetan, eta bakarlari gisa bertsioak egiten nituenean ere, argi izan dut gutxirekin transmititzea posible dela, bihotza mahai gainean jartzen denean, jendeak hori sentitu egiten du. Horren jakitun izan naiz beti. Baina proiektu eta garai bakoitzak uneko gogo bati erantzuten dio.

“Lehen gizatasun eta esker ona zeuden tokian, miresmena eta distantzia nabari ditut”

“Non erein” kantuan diozu ez duzula lortu musikarekiko afizioa ofizio bihurtzea. Dezepzionatua sentitzen al zara musika munduarekin? Akaso Musikarekin? Zergatik jarraitzen duzu kantuan?
Lekuz kanpo sentitu izan naiz askotan inguruko joerei begira. Zaharregi beste zenbaitetan, egiteko eta komunikatzeko modu asko arrotz sentitzen ditudalako. Dezepzioa ere sentitu izan dut, bai, baina uste dut barruan nuen energia bola horrek eta egiteko nahiak uste baino ibilbide laburragoa izan zuelako izan zela.

Musika eta musikaren mundua bereizi behar ditugu. Musika elementu kosmikoa da, bizitzan sentitzen ditugun gauza askoren artean zubi lana egiten duen elementu ederrenetarikoa akaso. Hil artean izango da bidelagun fidela, hori argi daukat.

Musikaren industria edo merkatua beste gauza bat da, eta, etekinak helburu, transformazio bortitza jasan du azken urteotan, teknologiaren eta sare sozialen ondorioz. Honek testuingurua eraldatu du. Merkatua beti izan da erdigunea, baina gaur egun inoiz baino basatiagoa dela iruditzen zait. Sortzaile edo musikariaren indibidualismoari egiten zaion gorazarrea izugarria da eta profesionalizaziorako bidezidorrak hartu nahi izatearen ajeak ere nabari dira.

Atzera begira, lehen hurkoa eta talde giroa zeuden tokian indibidualismorako joera izugarria ikusten dut orain. Lehen gizatasun eta esker ona zeuden tokian, miresmena eta distantzia nabari ditut. Afariak eta tragoen truke jotzearen ordez, —akatsak eginez bidea egin beharrean—, lehen diskoarekin 5.000 euroko katxeta eskatzen duten artistak ditugu orain. Entzuleak hori nahi du, berehalakotasuna, bogan dagoena… udal zein eragile askoren programazioetan eragiten du honek bete betean. DIY kulturaren ordez, euskal eszena askotarikoan arrakala izugarria betikotzen duten management agentzia endogamikoen diktadura dugu, perla berria ustiatu zain. Gutxi batzuen argia askoren itzala da. Lehenago materiala konpartitzen zuten taldeek, beraien izerdiez antolaturiko kontzertuetan. Orain belarrian pinganilloa jantzita ari dira asko lehen kontzertutik, dena perfektu ez egitearen beldur.

Anbizioa zilegi da, eta ez nabil bidea duintasunez egin nahi duenaren teilatura harrika, ezta inoren jarduna kritikatzen ere. Baina sentitzen dut profesionalismorako gose horrek berehalakotasun orokor bat ezarri duela belaunaldi berrian, eta hori arriskutsua da. Arrakasta eta onarpena aretoak betez lortzen dela gizarteratzen badugu, helburu hori ezartzen diogu kantuan aritu nahi duen edonori, eta hori presio itzela da, zerbait egin baino, jendeak zerbait izan nahi duelako. Gailurra nahi du jendeak, zortzimilakoak soilik erakusten zaizkigulako.

Era berean, sare sozialen izurrite honek, kantuak bigarren mailan utzi dituela sentitzen dut. Inori ez zaizkio kantuak axola. Orain artista eta hauen izatea da produktu nagusia, eta hau ustiatzera behartua dago bizibide profesionala izan nahi duen edonor. Pena ematen dit, zenbakietan oinarritzen den “arrakastarako” bidesari bat dirudi honek.

Arrakasta neurtzeko modu bakarra dagoela sinistarazten digute, eta nik uste arrakastaren formula norberak sortu behar duela. Ni oso arrakastatsu sentitzen naiz zentzu askotan. Ogibide izatea nahi nuen, eta ez dut lortu. Alabaina, atzera begira egindakoaz oso harro nago, milaka bidelagun egin ditut, nire izatea han-hemenka erein eta fruitu ederrak jaso ditut, kantu asko egin, talde askotan parte hartu, kontzertu asko jo eta mila esperientzia eta laguntasun ahaztezin bizitzeko zortea izan dut. Bizitzan oso berandu ohartu nintzen afizioa ofizioa bihurtu nahi nuela, eta autonomo izateko apustua egin nuen, sormen munduko beste zenbait lan eginda bizitzeko adina lortuko nuela sinetsita. Baina ez nuen lortu. Dezepzioa hortik jaio zen.

Barruak hala eskatzen didalako jarraitzen dut kantuan, uneoro sentitzen ditudan horiei forma eman eta argazki gisa gordetzeko.

Argi dagoena da, diskoan, ohikoa duzunez, letrek protagonismo asko dutela. Beste askorentzat ere sortu izan dituzu letrak. Kantu batean zenbateraino garrantzia dute letrek eta zenbat musikak?
Nire ustez, letra kantu baten bihotza da. Erraz nabari ohi da kantu batean nor ari den bihotzetik eta nor azaletik; eta nik bihotza duten kantuak maite ditut gehien. Letrei buelta asko ematen dizkiet, eta bilduma honetan, batzuk lehen kolpean atera zaizkit, beste batzuk hilabete luzeen ostean borobildu ditut. Bihotza biltzen duen gorputz hori ere garrantzitsua da, landu behar da, forma ugari eduki ditzake eta lanketa hori oso interesgarria da. Baina kantu batek barneko sentimendu, hausnarketa edo ondorio bat kontatzen asmatzen duenean, bide bat iradokitzen duenean, zu beste nonbaitera eramaten zaituenean sortzen den sentsazio hori, izugarri ederra da; eta hitzek gaitasun hori dute.

Kantautore bezala lan hau kaleratu ostean, leku berri batera iritsi zarela edo ate berri bat ireki duzula sentitzen al duzu?
Inoiz baino lasaiago sentitzen naiz, lehenago ez nuen oreka emozional baten jabe, beraz, hori bada leku berri bat. Auto presioa kendu diot nire buruari, abiadura, bidea egin behar hori. Disko eder bat ondu dut, Amaiarekin batera, eta lagunez inguratuta. Nire azken urteetako sentimenduak biltzen dituen kantu sorta bat daukat, eta zuzenean jotzeko gogoa. Ezin gehiago eskatu. Datorren guztia beso zabalik hartuko dut, baina era berean, eta bilduma honetako lehen kantuan hala diot, nik jada ez dut deus espero.

“Disko honen emaitza zein prozesuaz oso harro nago. Momentu askotan hunkitu egiten nau atzera begiratzeak”

Diskoa euskarri fisikoan ere aurkeztu duzu, estetika oso zainduarekin. Kantua bada ere zuretzat garrantzitsuena, estetikoki gauzak zaintzea gustuko duzula nabari da, Ghau proiektuarekin ere ikusi genuen hori. Zer funtzio bete du estetikak oraingo honetan?
Hala da, beti sentitu dut estetika, diseinua eta halako gauzekiko erakarpen bat. Aurreko proiektuan Osa+Mujikarekin lan egiteak ere areagotu zuen alderdi hori zaintzeko nahia. Kasu honetan, kantuen aldartea ikusita, argi nuen diseinua eta iruditeriak xumea izan behar zuela. Marmol Estudioseko Sebas eta Ander Tejadas lagunei azaldu nien hau, eta beraiekin landu dut biniloa, atera dugun euskarri fisiko bakarra. Argi nuen familiari omenaldi txiki bat egin nahi niola, iraganeko argazki batzuk baliatu ditugu abiapuntu gisa, eta horren inguruan bueltaka ibili gara.

Artisau lana egiteko asmoz, materialak ere mimo handiz aukeratu ditugu, biniloarena zein barruko edukiena, eta prozesua ederra izan da. Gogoan dut, biniloak jaso, inprentako paper guztiak bildu eta banan banan gurasoen laguntzaz binilo guztiak etxean prestatu nituenekoa.

Bideoen kasuan, Mikel Alonso lagunari ere berdina adierazi nion. Hala sortu ditugu bizirik dauden 11 argazki, bideo formatuan. Asteburu batean egindako txango batean, eta beste egun batzuetan, grabaturiko irudi sortak dira, plano finko moduan.

Leku hain pertsonaletik kantatzeak esposizio gehiago eragiten du. Zaurgarri sentitzen al zara oholtza gainean?
Ez. Ni pribilegiotik ari naiz kantuan, inguru eroso, seguru eta normatibo batetik. Honetaz oso kontziente naiz. Beti sentitu izan naiz kantatzen eta esaten ari naizen horrekiko ziur bezain harro, hori egiteko aukera izan dudalako, noski. Leku pertsonaletik ari garenean, beste aldean dagoenak du, ziurrenik, gu baino garrantzi handiagoa zubigintza horren nolakotasunean, eta nik zorte handia izan dut, bai adierazterako orduan sentitu dudan askatasunean eta beste aldean dagoenaren enpatian. Azaleko eduki, pentsamendu eta proiektu ugari dauden honetan, nik eskertzen ditut benetako sentimendu horiek mahai gainean jartzen dituzten sortzaileak; eta pentsatu nahi dut, munduak behar duen aldaketa izugarri horren pauso txikiak bertatik jaioko direla, barrura begira gure zimenduak berrikusiz. Era berean, zaurgarritasuna ere merkantilizatu dela iruditzen zait, prozesu pertsonalak ustiatzeko joera bat nabarmendu dela. Zaurgarritasuna kapital gisa arinkeriaz erabiltzen denean, pribilegioa dario, eta hori arriskutsua da denontzat, baina batez ere pribilegiorik gabeko pertsona zaurgarrientzat.

Zuzenekoei dagokienez, batzuetan bakarrik arituko zara, besteetan Garazi Esnaola egongo da pianoan. Zer aurkituko du zure zuzenekoetara hurbiltzen denak?
Bi formatutan aritzea erabaki dut, bakarrik zein Garazirekin. Asmoa zuzeneko moldagarri bat izatea da, eta nork daki, etorkizunean talde txiki batekin oholtzaratzea ere erronka itzela litzateke. Ilusio handia egingo lidake, egunen batean, diskoan parte hartu duten guztiekin oholtzaratzea kontzertu berezi batean. Bitartean, diskoko esentzia biluzia, oinarri soil hori, transmititzen saiatuko naiz. Inoiz baino erosoago sentitzen naiz gitarrarekin, hobetzeko asko dut, eta hori ere erronka ederra da.

Amaitzeko, zer helburu edo amets betetzea gustatuko litzaizuke disko honekin?
Disko honen emaitza zein prozesuaz oso harro nago. Momentu askotan hunkitu egiten nau atzera begiratzeak. Diskoari tarte bat eman, eta emozio bereziak sentitu dituzten gertukoen zenbait testigantza ere jaso ditut, beraz, bada nire barne hausnarketa eta prozesua bere egin duen bestalde bat. Trena iritsi da behar zuen geltokira. Nik ez dut deus espero, kontzertuak jo eta jendearekin tarte eder bat partekatuz abesti hauek bere bidea egingo dute. Eta hori nahikoa izango da. Amestu baino, nahiago dut esna egon.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.