Demotest: Gori-Gori
EntrevistasGori Gori

Demotest: Gori-Gori

Zarata — 07-11-2025
Fotografía — J. A. Areta Goñi (JUXE)

Ainara Gurrutxagak, Manu Gaignek eta Ander Fernandezek osatzen dute GORI GORI hirukote gipuzkoarra. Duela bi urte argitaratu zuen izen bereko lehen EPa. Andoaingo Rock Jaialdia, Moskuko jaietan edo Eztena Jaialdia bezalako eszenatokietan jo du jada. Gaur Kutxa Fundazioan Peru Galbeterekin batera (20etan).

Gure Demotest galdetegiko galderak erantzun dituzte:

- Taldearen Izena: Gori Gori
- Jatorria: lur planeta
- Estiloa: groove elektroniko errituala
- Partaideak: Ainara Gurrutxaga, Manu Gaigne, Ander Fernandez
- Kontaktua: aina@dejabu.eus

1. Zerk bultzatu zuen proiektuaren jaiotza?
Zerbait erritmikoa eta sakona bilatzen genuen. Barneak mugituko zituen musika bat, ia konturatu gabe mogimenduan jarriko gintuena. Publikoarekin harmonian jarriko gintuen zuzeneko formatu bat.

2. Nola definituko zenukete zure musika?
Mantra moduko baxu errepikakorrak, erritmo grooviak, batzuetan aldrebesak baina lur sendo batekin, ahots sensuala orain bortitza gero, intentsoa. Xilofoi eta klarinete melodia aireztatuak...

3. Zein beste taldeetan aritu zarete iraganean edo aritzen zarete egun?
Ainara arte eszenikoetan dabil batez ere, Dejabu konpainian, baita beste hainbat proiektuetan parte hartzen. Manuk musika garaikideko proiektuak ditu (Garazi Navas- ekin duen sonografia irudipenak adibidez) baita dantza garaikideko Ahatik konpainia eta beste zenbait ere. Ander Muskulo taldean ibilia eta bakarkako Nigara zuek proiektua du, baina arte eszenikoetan egiten du lan oroz gain, besteentzako soinu bandak sortzen baita zuzeneko emanaldietan ere Rouge elea konpainiarekin.

4. 2023an kaleratu zenuten lehen lana, hiru abestiz osatutako EP bat. Abesti berriak argitaratzeko asmoa duzue?
Oraingoz zuzenekoeri eman nahi diegu garrantzia eta haiek lantzen gabiltza, grabaketarako ez dugu presarik baina etorriko da.

5. Zein artista edo talderekin sentitzen zarete identifikatuta?
Kanten lehen borradoreak sortzerakoan dexente izan genuen buruan L'orchestre tout puissant Marcel Duchamp, suitzako talde oso interesgarri bat. Identifikatuak sentitzen gara bakantasuna aldarrikatzen duten proiektuekin, harriskuak hartzen dituztenekin. Adibideak? Hatxe, Gailü, Ke lepo, Verde prato, Amorante, Los Sara Fontan, Za!, hainbeste!!!

6. Eta zeinekin partekatu nahiko zenukete eszenatokia?
Aurretik aipatutako guzti horiekin!

7. Zuen proiektua zuzenekoa da ala, guztiz kontrakoa, pisu handia du estudioak eta produkzioak?
Zuzenekoa da guztiz, bertan eta momentuan bizi beharrekoa, oraingoz, gero etorriko da agian estudio lana.

8. Gogoan duzue nolakoa izan zen zuen lehen kontzertua?
Bai, noski, Oreretako Eztena arte eszenikoen jaialdian izan zen, kuttuna zaigun lekuan. Ederra izan zen, espazioa, argiak eta harrera zaintzeko aukera izan genuen, maite dugun jende pila etorri zen eta gure kantuak eta proposamena aurkezteko momentu ezinhobea izan zen.

9. Orain arte zein izan da gertatu zaizuen dibertigarriena?
Moskuko jaietan, iaz, euria hasi zuen jotzen ari ginen bitartean eta auzoko jendea karpa txikien bila joan zen publikoaren gainean jartzeko, hiruzpalau karparen pean geratu zen publikoa baina eszenatokia altua zenez gure hankak baino ez zituzten ikusten eta guk haiek ikusi ahal izateko makurtuta jo behar izan genuen. Nahiko surrealista izan zen baina oroitzapen ederra geratu zaigu.

GORI GORI Andoaingo Rock Jaialdian - Jokin Fernández-en argazkia

10. Zein dira zuen etorkizuneko helburu eta plan nagusiak?
Oraingoz pausuz pausu goaz. Orain Tripak kolektiboko Marinarekin ari gara zuzenekoa lantzen, garrantzia eman nahi diogu eszenaratzeari, erritual amankomun moduko bat sortzeko bidean, denok elkarrekin. Kontzertu batzuk ditugu eta beste batzuk aterako direla espero dugu. Denok baditugu alboan beste hainbat proiektu eta uzten diguten denbora eta energia neurtzen goaz gauzak gustuz eta plazerez egiten jarraitzeko.

11. Zer da gure eszenan gehien gustatzen zaizuena?
Anitza dela agian, badira mega ebentu eta talde oso popularrak, titularrak eramaten dituztenak, baina itzalean dagoen beste magma guzti hori da interesgarriena. Hiru lagunen artean antolatzen diren gaualdiak, espazio oso ezberdinetan. Eta horren baitan zenbat sortzaile eta talentu dagoen, hori da altxorra.

12. Eta gutxiena?
Ba agian nola estutzen den begirada foko guztiak ebento eta proiektu berberei begira daudenean. Industria deitzen dugun horrek duen ahalmena sorkuntza eta sortzaileak produktu bihurtzeko, hustutzeko. Baita ere, hain asegarri, berezi eta eder izaten diren ekitaldi txikietan jende gutxi ikustea, kuriositate falta izan daitekeena, gosea edo jakinmina.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.