Demotest: Ane Martija
Entrevistas / Ane Martija

Demotest: Ane Martija

Zarata — 17-05-2023

Gaur Ane Martija ezagutuko dugu demotesteko galderen bidez. Nafarroako kantautoreak maiatzaren 20an joko du Zangozan eta urriaren 29an Lesakan, Bira Nafarroan Barna zikloaren barruan.

- Taldearen Izena: Ane Martija
- Jatorria: Etxeberri
- Estiloa: Folk-pop
- Partaideak: Bakarlaria
- Kontaktua: [email protected]

1. Zerk bultzatu zuen proiektuaren jaiotza?
Betidanik musikaz inguratuta bizi izan naiz eta txikitatik banekien pasio horrekin zerbait egin nahi nuela. Urteak pasa ahala, abesti berriak ikasi eta sortzen nituela ikusita, gurasoek nire proiektua sortzera bultzatu ninduten, nire abesti propioak grabatzera, hain zuzen ere. Haiei esker hasi nintzen mundu berri hau esploratzen.

2. Nola definituko zenuke zure musika?
Zaila egiten zait beti nire musika definitzea, baina orokorrean, jendeak entzuteko, gozatzeko eta identifikatuta sentitzeko letrak idazten ditut. Bizipenetan oinarritutako kantak idaztea gustoko dut eta modu horretan, beste norbaitek antzekoa bizi badu, bere burua irudikatu dezake abestietan.

3. Zein beste taldeetan aritu zara iraganean edo aritzen zara egun?
Aspaldi lagun batekin aritzen nintzen kontzertutxoak ematen eta Esanei izena jarri genion. Bestalde, orain dela gutxi lagun batzuek sortutako talde txiki batekin hasi nintzen entsaiatzen baina hemendik aurrera, bakarlari proiektuan jarri nahi dut arreta.

4. Hainbat single argitaratu ondoren, lehen diskoa grabatzeko asmoa duzu?
Orain arte ez dut ia denborarik izan horretan aritzeko, izan ere, lan handia eta denbora eskatzen du horrek. Hala ere, hori da nire asmoa eta espero dut laister martxan jartzea.

5. Zein taldeek dute eragin gehien zugan?
Nire abestietan hainbat taldek dute eragina, baina Nogen eta 2000. hamarkadako La oreja de Van Gogh taldearen abestiek gehien inspiratzen nautela esango nuke.

6. Eta zeinekin partekatu nahiko zenuke eszenatokia?
Asko dira egunerokotasunean entzuten ditudan artistak eta horietako edozeinekin gustatuko litzaidake eszenatokia partekatzea: Nogen, ETS, Gorka Urbizu, Idoia Asurmendi, Bulego, Zetak...

7. Zure planak asko aldatu zituen pandemiak?
Egia esan, bai. Pandemia izan zen proiektuari hasiera emateko behar nuen azken bultzada. Urte hartan, egoera triste eta jasanezin horri buelta emateko ezinbestekoa izan zen musika eta hori baliatu nuen, alde batetik, emozionalki pandemiako egoera zailetik ateratzeko eta bestetik, esan bezala, nire proiektua bideratzeko.

8. Zure proiektua zuzenekoa da ala, guztiz kontrakoa, pisu handia du estudioak eta produkzioak?
Gehien gustatzen zaidana zuzenekoa da, jendea disfrutatzen eta ahal bada, nirekin batera abesten ikustea. Hala ere, produkzioaren mundua gero eta interesgarriagoa iruditzen zait eta gauza berriak ikastea eta horiekin esperimentatzea gustatuko litzaidake.

9. Gogoan duzu nolakoa izan zen zure lehenengo kontzertua?
Bakarlari moduan emandako lehenengo kontzertua Ataunen izan zen, bertako lagun batek eskainita. Niretzat nahiko desastre izan zen baina egia da, jendea gustora egon zela (edo hori esan zidaten, behintzat).

10. Orain arte zein izan da gertatu zaizun dibertigarriena?
Denetarik gertatu izan zait kontzertuetan. Nire gurasoek dioten bezala, naturaltasun handiz igotzen naiz eszenatokira eta beraz, gauzak momentuan bertan bururatzen zaizkidan bezala esan edo egiten ditut. Adibidez, abestiren baten akordeak edo letra ahaztuta, abestia gelditu eta berriz hasi izan dut noizbait.

11. Zer asmo duzu epe motz/ertainean?
Nire asmoa aspalditik gordeta ditudan abesti berriak grabatzea da eta espero dut horietako baten bat laister argitaratu ahal izatea.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.