“Basakeria aldarrikatzen dugu, krudelkeria salatzen dugu”
Entrevistas / Bazka

“Basakeria aldarrikatzen dugu, krudelkeria salatzen dugu”

Mikel Izarra — 06-07-2022

Bazka, Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera: “Janaria, bereziki animaliena”. Soinuzko janaria, honetan: arimarakoa. Estricallako kideek 2016ko diskaren biraren ostean Batik bateria utzi ostea beharko zutena. Azalak ageri duen bezala, askotan zenbait animali besteen bazka.

Dut eta Berri Txarrakeko Galder batu zaie, eta baterietan Batiren erritmo d-beateroetatik haratago, erritmoa lausotu eta detaile eta tentsio karga areagotu du. Gitarretan, Hodei eta Txominen distortsio zaratatsu biziak, jauzi eta urtu egiten diren melodiak, feedback irristakorrak eta berehalakotasunarekiko konpromesu militantea. Eriken baxua inoiz baino distortsionatua, noizbait mantso eta urrun, stonerretik hurbil. Apoaren ahotsak melodiak bilatzen ditu, garapen errepikatsu eta animalien eta gizakien arteko erlaziotan sakontzen duten letra poetikoz blai. Txap maisu gorenaren botoi magikoen bidez fidagarritasun leialean grabatuta, eta aipatutako portada txundigarriaz jantzia. Inguratu mahaira, anai arrebak, bazka prest dago eta otordua bortitza izango da.

Ze erlazio du talde honek aurretik izan duzuenekin?
Talde hau Estricallaren ondorio bat dela esan daiteke. Estricallan Batik bateria jotzea utzi zuenean, geldialditxo bat egiteko aprobetxatu genuen. Ondoren pixkanaka bildu eta aurrera begira zer egin pentsatzen hasi ginen. Hasiera batean Estricallarena izango zen hurrengo diska prestatzen, baina pixkanaka ikusi genuen agian proiektuari izena aldatu eta berriz hasierara itzultzeko momentua zela. Izenik  oraindik erabaki gabe geundela, Galderrekin hitz egin genuen, diska grabatzera animatzen zela eta hasiera honetan lagunduko zigula aipatu zigun eta elkarlan hau egin dugu. Biziki gozatu dugun elkarlana izan da.

Galderren sarrerak baterian baino gehiago igartzen da...zelan eragin dio taldeari?
Galderri diska grabatzea proposatu genionerako kantuen hezurdurak eginak genituen. Ondoren grabaketa aurretik entsegu batzuk egin genituen eta noski hor ere kantuak eboluzionatzen joan dira. Galderrek ekarpen handiak egin ditu, ez soilik bateri kontuetan. Sortzailea da oso benetan interesgarria izan da berarekin elkarlanean aritzea. Musikari berri bat taldean sartzean, beti dago egokitze fase bat, gauzak adierazteko moduak ulertu arte etab, Estricallakoak lehendik urteak generamatzan elkarrekin jotzen. Orain, pertsona berri bat gurekin izateak beti ekartzen du ikuspuntu berri bat eta gauzak begiratzeko modu berriak, eta hortik asko aportatu du Galderrek eta asko ikasi dugu elkarrekin.

Abestien izenburutan animalien izenak eta datak ageri dira. Zer dela eta?
Animaliak gara, baina arrazoitzeko gaitasunak ez gaitu bizirauteko borrokan ari diren gainerako espezieak baino ezberdinago egiten, kontrakoa baizik. Krudelkeria gure garaien zeinua da. Normaltasun "berria" asmo txarrez beteta dago, eta mundua gero eta krudelagoa da. Aisiaren eta entretenimenduaren industria berriak, azken hamarkadan garatutakoak, gero eta krudelagoa eta basatiagoa den errealitate bat mozorrotzen du, ezkutuan egoteagatik existitzeari uzten ez diona. Basakeria aldarrikatzen dugu, krudelkeria salatzen dugu.
Abesti bakoitzaren datak anekdotikoak dira. Abesti horren letra idatzi edo idatzi zen eguna da.

“Animaliak gara, baina arrazoitzeko gaitasunak ez gaitu bizirauteko borrokan ari diren gainerako espezieak baino ezberdinago egiten, kontrakoa baizik”

Politikoa baino gehiago poetikoa da lan hau? Zergatik?
Poesia beharrezkoa da, eta erresistentzia poetikoa da mintzen gaituzten eta gustatzen ez zaizkigun gauzen aurrean adierazteko eta erantzuteko dugun modua. Ez dugu pose bat hartzen, gauzen aurrean jarrera hartzen dugu. Atzo eta gaur jarrera bera izaten jarraitzen du.

Taldeak soinu eta iruditeri identitate oso zaindua du. Zer adierazi nahi duzue?
Beti izan gara egiten duguna zaindua egitearen zaleak. Detaile txikiena ere zaintzea diska egiterako orduan jolasteko modu bat ere bada. Galder eta biok argazkilariak izateaz gain taldekide guztiak gara oso margo, ilustrazio eta orokorrean arte zaleak. Diseñuak guk geuk egiteak ere nahi duguna egiteko aukera ematen digunez, kontu hauek guztiak ere zainduak izan dira. Apoak beti izan du oso bista fina disken diseñuetarako eta oraingoan ere berak proposatu zuen Paul de Vos-en margolan honetan oinarritzea. Irudi eta koloreek transmititzen duten gordintasuna ikaragarria da. Indar handia du. Soinua ere norabide horretan doa. Soinu gordina da, "zikinkeria" guztia garbitu gabea bezala, badira grabaketa askotan kentzen diren zarata asko. Horiek guztiak hor egotea nahi genuen, soinu bizia izan zedin, akople, zarata eta akats eta guzti. Hortan (eta beste hainbat kontutan ere)Txap artista da eta sekulako lana egin du taldearen soinua sortzen.

Arteak badu klasikotasun puntu bat. Bihurtu dira rock taldeak klasiko edo oraindik badago gauza berriak esateko?
Beti dago zerbait berria esateko eta betidanik oihukatu ditugun gauza asko dago irabazteko oraindik.

Musikalki melodikoago agertu zarete. Zelakoa izan da disko honen konposaketa? Eta inspirazioa? Nondik habiatu zarete?
Musikalki nahiko zaratatsua dela esango nuke, oinarri oso bortiz eta zaratatsua da eta Apoak egin du sekulako lana gordintasun guzti horren gainean hain  melodia ederrekin surf egiteko.  Sekulako gaitasun du eta beste behin erakutsi du. Oinarri indartsu horren gainean eragin ezberdin asko daude. Gure musikarekin zer ikusirik ez duten taldeen eraginak ere badaude, agian lehen kolpean nabari ez arren. Diskaren konposizioko lehen zatia banaka egin genuen. Bakoitzak ideia ezberdinak garatu genituen etxean eta elkarrekin elkarbanatu. Honen ostean, Apoa, Txomin, Erik eta laurok elkartzen joan ginen kantu horiek garatu, konponketak atera eta ahotsak sartzeko. 15 bat kantu bildu genituen, aukeraketa egin eta azken zatia ya lokalean egin genuen Galderrekin batera. Esan daiteke oinarrian 90. hamarkadako rock, noise, grunge-tik abiatu garela eta ondoren beste eragin piloa sartzen joan gara.

“Musikari orok izan beharko luke antolatzaile eta ikusle. Seguru ezsenan enpatia gehiago egongo zela eta elkarri gehiago lagunduko geniokeela”

Zer esango zenioke Estricallaren disko berri bat espero duenari? Nori gomendatu edo eskeiniko zeinioke diskoa?
Musikalki agian Estricallaren disken artean dagoen saltorik handiena izan arren, ia Estricallaren izenean ateratzekotan egon ginen, jejeje beraz.... ez da beste mundu bat. Estricallak zituen osagarrietatik abiadura da diska honetan ez dagoena. Diska irekitzen duen kantua izan ezik besteak ez dute Estricallaren abiadura.... baina intentsitate, tentsio, melodia eta gainontzeko osagaiak eta egiteko moduak beretsuak dira, beraz, gustatuko zaiela espero dugu. Disko bizia da, jarraian entzutekoa eta ahal bada beste egitekorik gabe. Aspaldi horretarako ohitura galdu dugula iruditzen zait eta gomendatuko nuke hori heltzea. Utzi dena, igo bolumena eta bidaiatu.

Zelan ikusten duzue eszenaren osasuna pandemia eta gero?
Talde eta jaialdi handienetatik txikienetarako tartea handitzen ari dela ikusten da. Hori kezkagarria da epe ez oso luzean ekarri ditzakeen ondoriongatik. Festivalen eredua eta espazio erraldoiak bete beharraren eredua indartsu dabil eta aldiz gaztetxe, areto eta espazio txikiagoak ez dituzte oso baldintza errazak. Abereh, Onki Xin, Occhi di farfalla, Orbel eta beste hainbat proiektuetan ere jarduten gara eta egoera ez da erraza. Baina inoiz ez da erraza izan guretzat eta beti bezala gogor lan egiten jarraitu beharra dago. Kontzertuak ikustera joan, Kontzertuak antolatzen jarraitu eta eszenatokira igotzen jarraitu. 3ak egiteak asko laguntzen du besteen egoerak ulertzeko. Musikari orok izan beharko luke antolatzaile eta ikusle. Seguru ezsenan enpatia gehiago egongo zela eta elkarri gehiago lagunduko geniokeela.

Ze plan ditu taldeak etorkizun hurbilean? Birarik?
Kontzertu gutxi batzuk joko ditugu egungo formazioan orain arte egin dugun bidaia ospatu eta elkarrekin gozatzeko. Udazken aldera izatea nahi dugu baina ea posible den. Egindakoa gozatu eta ospatzea garrantzitsua da, pausuka goaz. Ospakizun hori Galderrekin egingo dugu eta ondoren bakoitzak bere bideari eutsiko dio. Dena hain azkar doan egunerokotasun honetan, saiatzen ari gara erritmoa geldotu eta pausuka joaten. Pausu bakoitzean gozatzen. Askotan, hurrena eman nahi ditugun pausuek itsututa ematen ari garenez ez ohartzera garamatzalako. Oraingoz diska publikatu dugu, edizioan lanean ari gara eta zuzeneko horiekin ere bai. Bideari ekingo diogu eta ea nora eramaten gaituen.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.