Geruza dentsoen, beharrezko isiltasunen eta zaurgarri agertzen den ahotsaren bitartez Bilbaok kontsolamendu azkarra bilatzen ez duen diskoa eraiki du, arreta exijituz entzuleari. Elkarrizketa honetako hausnarketek ere, diskoaren antzera erantzunak baino galdera gehiago planteatzen dituzte. Horrela behar du.
Diskoaren izenburuak, “Ez Dago Amor”, sententzia bat dirudi. Nondik dator horren esaldi zorrotza?
Azken urteotan ongizatearen industriaren kontsumitzaile nola bihurtu garen ikusi dut: erretiro espiritualak, autolaguntza liburuak, mindfulness egitasmo handiak… Denok bilatzen dugu armonia, baina, paradoxikoki, gero eta gutxiago zaintzen dugu elkar egunerokoan. Badago hutsune bat; diskurtsoak handiak dira, baina praktikak gero eta hutsalagoak.
Egoen talkak areagotu dira, entzuna izateko beharra oihu bihurtu da, eta gure zauri emozionalak ezkutuan eramateak arrastoa uzten du. Sare sozialetan eta kaleetan berdin gertatzen da: presentzia gehiago, afektu gutxiago.
Ez Dago Amor esaldia hortik dator, ez erromantizismoaren ukapenetik, baizik eta gizartearen pultsuan sumatzen dudan etsipen moduko batetik. Badirudi maitasuna esaten dugunean askotan ez garela benetan ari maitasunaz, baizik eta haren simulakroaz, haren marketinaz.
Gainera, diskoak identitatea du ardatz nagusi: nor garen, nola erakusten garen eta nola desegiten garen zarataren eta presio sozialaren erdian. Nola moldatzen garen, nola ezkutatzen garen, eta zer geratzen den benetan guretik. Eta zarata, presa eta egoen talken artean… zer geratzen da benetako afektuetatik?
Irakurri dudanez disko hau sosegu eta hausnarketa garai baten ostetik jaio da. Zarata bezainbeste behar duzu isiltasuna?
Bai. Azkenean, zarata nire barruko erraietatik ateratzen den zerbait da, baina errai horietara heltzeko isiltasuna da ate nagusia. Isiltasunak perspektiba ematen dit; eguneroko presatik urrundu, arnasa hartu, eta nigan dagoena entzun ahal izateko espazioa. Gero, behin hor barruan zer dagoen antzemanda, zaratak egiten du lan zikina. Bera da lehertzen duena, zatitzen duena, desegiten duena. Biak behar ditut, eta biak orekatzea da erronka.
Jantzia izan da jaurti zenuten lehen singlea. Abesti ilun bezain hipnotikoa. Ondo laburbiltzen al du disko osoa?
Izan liteke, bai, Jantziak baduelako diskoaren DNA: iluntasuna, hipnosia, tentsioa, eta barruko presio horren estetika. Baina hala ere, zaila egiten zait abesti bakarra “ordezkari” bihurtzea.
Diskoak badu hasiera eta bukaera, narratiba propio bat, ia film baten moduan planteatua. Biniloa jartzen duzunean beste paisaia batera sartzeko gonbidapena da; leku bat non identitatea, zarata, zauria eta kanpo-presioa elkar nahasten diren. Kapituluak dira abestiak, baina testu osoak ematen dio zentzua istorioari.
Zarata da diskoaren erdigunea: reberbeak, distortsioak, geruzak… Zer rol jokatzen du atmosfera horrek?
Hitzekin ezin dena esateko modu bat da?
Zarata da nire hizkuntza primarioena. Askotan hitzak ez dira heltzen gorputzak sentitzen duen tokira; hitzak motelagoak dira, arrazionalagoak, eta sentsazio batzuk ez dira irudi edo esaldi batean kabitzen.
Musikak aldiz, berehala sortzen du tentsio fisiko bat: bibrazio bat, presio bat, edo hutsune bat. Horregatik erabiltzen ditut reberbe sakonak, distortsio geruzak, frekuentzia zikinduak… horietan aurkitzen dudalako nire barruko “espazioa”.
Konposatzerakoan intuizioak gidatzen nau. Askotan ez dut aurrez pentsatutako ideiarik; afinazio irekiak erabiltzen ditut eta horri tira egiten diot, ea nora eramaten nauen. Niretzat, zarata ez da apaingarri bat: narrazioaren bihotza da.
Eta zure ahotsak zer toki du dentsitate eta zarata geruzen artean?
Disko honetan ahotsak zeregin berri bat du, ez soilik letrak abestu edo errezitatzea, beste instrumentu bat gehiago bezala ere funtzionatzen du. Zarata, melodia eta ahotsaren artean harmonia bilatu dut, baina ez harmonia klasikoa, baizik eta oreka bortitz bat.
Ahotsak kontatzen ditu identitatearen arrakalak, gorputzarekin dugun borroka, entzuna izateko beharra, gorroto diskurtsoek uzten duten arrastoa, eta pasibotasunaren eta haserrearen arteko tarte horretan gertatzen den dena. Niretzat ahotsa espazio intimoena da, baina baita arriskutsuena ere: ahotsa ezkutatu ezin den leku bakarra da.
Hasieratik zenuen ideiatik asko urrundu al da azken emaitza?
Prozesua guztiz desberdina izan da aurreko diskoekin alderatuta. Aurreprodukzio osoa nik egin dut etxeko laborategi txiki batean, softwarearekin, instrumentu geruza guztiak landuz eta esperimentazio askearekin. Horrek asko askatu nau: ez nengoen inoren begiradapean, ez nuen ezer frogatu behar.
Maketak estudiora eraman genituenean, Txapek (Karlos Osinaga) dimentsio berri bat eman zien: soinua garbitu, beste batzuk zikindu, presioak moldatu, espazioa ireki edo itxi. Baina funtsa, hasierako energia kaotikoa, mantendu egin dugu, eta horrek egiten du diskoa hain pertsonala.
Beraz, oraingo honetan ere, Karlos Osinaga “Txap” egon da ekoizpenaren atzean. Zer gehitzen dio zuen soinuari?
Txapekin lan egitea unibertso bat irekitzea da. Bere burua laborategi bat da, zarataz duen ulermenak harrapatu egiten nau; badaki nola bihurtu kaosa forma, eta nola mantendu forman dagoen kaosa. Niretzat, Txapek badu gaitasun magiko bat: material zakarra hartu eta harri bitxi bihurtzen du, baina beti bere erro gordinari eutsiz.
Irmotasunaren eta zaurgarritasunaren oreka etengabea da diskoan. Dualitate hau nahita sortua izan al da?
Bai, guztiz. Diskoa dualtasunen inguruan eraikita dago: identitatea eta identitate eza, indarra eta pitzadura, gorputza eta ihesa. Gure egunerokoan kontraesanetan bizi gara, eta askotan ez dakigu zein aurpegi ari garen erakusten. Mundu hau dardarka dago, eta barruak ere bai. Horrek sortzen du oreka zail hori. Diskoan, bi muturrak presente daude: irmotasun bortitza eta ahultasun biluzia. Biak dira benetakoak.
Algoritmoak berehalakoa eta atsegina saritzen duen garai honetan, Ez Dago Amor lanak soinu dentsoa du eta arreta eskatzen duena proposatzen da. Musika hau egitea erresistentzia artistikoa da?
Agian bai, baina ez dut hala planteatu. Nik ezin dut beste modu batean egin. Musikak, lehenengo niretzat balio behar du, niretzat terapeutikoa bada soilik du zentzua partekatzeak. Baina egia da diskoa jarraian entzuteko pentsatua dagoela, biniloan, kaskoekin, gorputzean sartzen den bolumenarekin. Ez da kontsumo azkarreko pieza bat: denbora eskatzen du, arreta, eta prestutasun emozional bat. Eta hori bera, gaur egun, bai, nolabaiteko erresistentzia da.
Zuzenekoei dagokionez, nola planteatuko dituzue? Zer aurkituko du zuen kontzertuetara hurbiltzen denak?
Zuzenekoak martxoan hasiko ditugu eta jada lehenengo datak lotuta ditugu: Bonberenea martxoaren 7an, Bilboko Kutxa Beltza martxoaren 26an, Gasteizko Kubik martxoaren 27an… eta gehiago etorriko dira. Zuzenekoak ez dut nahi kontzertu soilak izatea, baizik eta esperientzia fisiko bat. Zuzenekoetan abesti berri hauez gain aurreko abesti batzuk ere entzun ahal izango dira eta taldean aldaketa batzuk izango dira. Energia berria dakar etapa honek eta oso ilusionatuta nago.
Disko hau sortzeko emozio sakonetan murgildu ostean, zer ikasi duzu zutaz eta zer nahiko zenuke entzuleak jasotzea?
Sortze prozesuan ikasi dut beldurrak ez direla beti desagertzen, baina formaz aldatzen direla. Zarata bihurtzen direnean, arindu egiten dira. Identitateari buruz idazteak ere erakutsi dit ez garela inoiz forma bakar batean finkatzen: egun batean indartsu gaude, hurrengoan zatituta, eta bietan gaude bizirik.
Entzuleei dagokionez, gustatuko litzaidake diskoak espazio seguru bat zabaltzea eurentzat: barrura begiratzeko aukera bat, edo negar egiteko leku bat, edo amorrua kanporatzekoa. Azken batean, diskoak guregandik zarata guztia kentzen dugunean nor garen eta zer gertatzen den den galdetzen du.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.