"Losers" lan luzea kaleratu berri du Unai Hernandez Unda ‘Xatiro’ rap abeslari bilbotarrak. Ondoan ezinbestekoa duen Ruben G. Mateos ekoizlearekin aritu da lanean eta hamar abestiko bilduma plazaratu du Andrea Ganuzak egindako azal dotore batek lagunduta.
Abesti batzuk ezagunak genituen aurretik, 2020tik kaleratzen dabilen abestiak ere sartu direlako diskoan, ‘El fin del mundo (y yo con estos pelos)’ kasu. Post rokaren soinuak, bateria gozoak eta letra sakonak dituen abestia, bide batez.
‘Lotan’ kantuarekin irekitzen da diskoa, gitarra akustikoa protagonista duen kantua, baita ahots geruza mordoa dituena ere. Eszenari kritika moduko bat egiten diola ulertu daiteke eta Miguel Noguera umoregile handiari erreferentzia egiten dio bertan. ‘Tira ba!’ interludio dotorearekin ere egiten dugu topo, looper batek bezala funtzionatzen duen basea duena eta hitzen errepikarekin jolasten duena. Kolektibo askoren borrokak biltzen ditu oso denbora gutxian Xatirok abesti honetan.
‘Chinny chin-chin’ abestiarekin eskolako bizipenak ekartzen dizkigu Xatirok, bitxia baita bera ikasle izan zen eskolan bertan dela irakasle egun. Erreferentzia zaharrak ere sartzen ditu, hala nola, badirudi Trainspotting pelikulari erreferentzia moduko bat egiten diola abestian. Sampler ugari ditu eta perkusioetan elementu desberdinak ere agertzen dira.
‘Himno de Bilbao’ kantuan dub eta hip-hop mundua uztartu ditu Xatirok Bizkaiko hiriburuaren aldaketa sozial eta egiturazkoa aipatzen dituena, droga zahar eta berriak aipatuz, abertzale diruzaleei (Bilbon agintzen dutenei) azpimarra eginaz.
Zortziko berezi bat sartu du bigarren interludio moduan, drogaren normalizazioari kritika egiten dion ‘Traileron’ abestia. Hitz berezia akzio konkretu bati aipu egiteko. ‘Brandon Lee’ abestiarekin berriz ere hip-hop klasikora goaz, Xatirok ematen dion chill ukitu berezi horrekin. Diskoari titulua ematen dion ‘Losers’ pop abestiarekin segitzen dugu aurrera, emozioa eta hunkidura sortzen dituen kantu horietako, benetakotasuna mantentzeak askotan galtzaile bihurtzen gaituela esaten duen abestia.
‘Nire basoan’ kantuak ixten du diskoa, giro malenkoniatsua duen kantua, norberak bere babeslekuak eraikitzeko dugun gaitasuna agerian uzten duena. Baina, kantu bat bada disko honetan sekulako energia duena, hori diskoko bigarrena eta single moduan etorri zen ‘Dantza dezagun’ kantua da. Juantxo Arakama ‘Monsieur Lecrêpe’ du kolaboratzaile eta sekulako barrak jaurtitzen dituzte biek ala biek. Mundua pikutara joan daiteke, baina horrelako musikak, dena eramangarriago egingo du.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.