Barrenak Husten
DiscosŪr

Barrenak Husten

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 17-10-2025
Empresa — Autoekoizpena
Género — Pop

Urtzi Azkue azkoitiarrak martxan jarri eta bidea presarik gabe egiten ari den proiektua da. 2021ean atera zuen lehen diskoa, "Baleak" eta zerbait fresko eta interesgarria ekarri zuen ŪR proiektuak, funk iturri berri bat euskarara. Atzetik Guda Dantza, Janus Lester edota STR bezalako proiektuetan ere ikusi ahal izan dugu funk mota hori. Orain, bigarren lan batekin dator ŪR, "Barrenak husten”, introspektiboagoa den lana, eta soinuetan proba eta jolas gehiago egin dituena, funkaren esentziari ukorik egin gabe.

Bidean taldekide berriak ditu orain Azkuek, bateria jotzen eta samplerrak landuz Markel Corral sartu baita proiektura eta Jontxu Larrañaga azkoitiarra, azken urteotan Bulego taldean ibilia, baxuarekin ari da Azkueren taldean. Hala ere, diskoa fase desberdinetan grabatuta dago eta hori ere nahikoa nabarmena da abestietan.

‘Erdian’ da diskoa zabaltzen duen abestia. Pop-rock abesti bat da funtsean, sintetizadoreen laguntzarekin eta ahotsetan efektuak eta gehituta datorre abestia. Egitura bera izanagatik ere, elementuak aldatuz eta jolasean ibili dira abesti honen bueltan. ‘Nahi nuke’ abestiarekin Daft Punken funky mundura eramaten gaituzte, gitarran chorus eta reverba topera jarrita dituztela. Hit kutsua duen errepika bat du abestiak eta ahotsean auto-tune puntu bat ere bai.

‘Lazkaora’ kantuan vocoderraren erabilera egin dute, baina ez haiek abestutako zerbaiten gainean, sampler bati sartu dioten elementua izan da. Itxaropentsua den abestia da, arnas bila dabilen norbaiten bizipenak kontatzen dituena eta Kattaren ahotsarekin dotoretu dutena. Abestian entzuten diren hiru gitarra nagusienek sekulako jolasak egiten dituzte, gainera.

Gitarra riff itsaskorra du ‘Feel’ abestiak, baxua pultsuan eta sotil doan bitartean eta bateria trakzio lanak egiten. Halako batean funk puntu bat ere badator, Bruno Mars edota, zergatik ez, Michael Jackson beraren mundurua bidaiatzera eramaten gaituena. Ahotsetan lan polita egin du Azkuek, koroetan eta zabaltasuna hartuz.

2021ean plazaratu zuen ‘Zoratzen’ kantua ŪR taldeak eta gaurdaino ez da disko batean publikatua izan. Uda sasoian erakutsi ziguten abestia eta, egiari zor, kresala dario abesti honi. Baita udako maitasun istorioen zera hori ere. ‘Sumendia’ minimalista batek ematen dio segida, itxuraz minimalista baina ekoizpen potentea duena. Perkusioan kriskitinak, shakerra… halako elementuekin egiten dugu topo. Baina, Urtzi Azkueren kantatzeko modua da nabarmentzekoa. Marka propio uzten du abestietan azkoitiarrak eta abesti honetan hori nabarmen geratzen da.

Daft Punken unibertsoko bigarren kantu bat ere badu ‘Barrenak husten’ disko honek, ‘Irentsita’, sarrerako baxu eta sinteen arteko jolasak bideratzen duten kantua. Bukatzeko, berriz, popera bueltatzen gara, ‘Gu bakarrik’ kantuarekin, Kattak berriz ere abestiari kolorea gehitzen dio eta armonia progresioan UR taldeak bere marka uzten du.

Aurrerapauso interesgarria hirukote azkoitiarrarena.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.