21 22-11
DiscosTu-K

21 22-11

7 / 10
Urko Ansa — 04-06-2026
Empresa — BUZTENBALTZA
Género — Rock

1985 eta 1989 urteen artean grabatutako bi maketak 2024ean Tio Pepe estudioan bermasterizatu zituen Piztiak taldeko Josu Aranbarri eta Txomin Uribe partaide nagusi dituen taldeak. Gainera, hiru kanta zahar lehen aldiz grabatu zituzten eta binilo bikoitz batean bildu. Piztiak taldea lozorroan dago momentuz, beraz, eta Tu-k taldean jarri dituzte indar guztiak. Horrela, Orain zortzi kantuko disko berri batekin datozkigu, “21 22-11” hain zuzen ere, zeinetan Txominen semea den Markelek ere gitarrak grabatu baitituen. Markel 2024tik, hau da, taldearen berpizkundetik zuzenekoetan parte hartzen aritu da. Taldea inspiratu duten taldeei buruz galdetu diogu Txomini, eta hauexek bota dizkigu: Wolf Alice, The black Angels, Sublime, New Order, The Cure, Ezezez, Borla, Geese eta abar.

Pop iluna, programazioak, post-punka... eragin asko biltzen dituen proposamena da, akaso oraingoan (beraien hitzetan) indie musikara gehiago hurbildu diren arren. Gainera, José Lastrak teklatuetan egindako lana aipatu behar da, baita Txufo Wilsonena ere (honek ere teklatu batzuk jo ditu). Kolaboratzaileen artean, Maixa eta Ixiarreko Ixiar Oreja, Izar Aranbarri eta Tatxers taldeko Jon Salinas ere lanean aritu dira. Txominen “Urriko egunsenti urdina” instrumental politarekin hasten da lana, gero etorriko zaigunaren lagin bat. “Esaidazu nor naizen” Txominen ahots sentibera gailentzen da, teklatuen presentzia iradokitzaileaz gain. Diskoko onenetakoa dugu “Ze gixon genero za zu” singlea: kantu borobila, barnerakoia eta guztiaren gainetik benetan ederra. Josu Aranbarrik konposatu du osorik: hitzak, musika eta ahotsa. Denboran iraungo duen horietakoa da, zalantzarik gabe.

Teklatuen lana aipagarria da berriz ere “Telefono deia”-n. Kantuaren girotzea ukitu malenkoniatsuan gauzatzen da, koruen edertasunaz gain. Beste hainbeste gertatzen da “Bertan urtuko da” sarkorrean ere. Iluntasunean edertasuna topatzen duen taldea da Tu-k. Egin duten apustua arriskatua den arren, gure eszenako altxor ezkutuetako bat ditugu bai diskoa zein taldea ere. Merezi duten onarpena lortuko dutela uste dugu, eta Piztiak taldeari buruz ere ari gara. Magia oso berezikoa dugu “Kolorean Dzanga”, diskoko onena eta akaso Tu-k-ren ibilbideko dirdiratsuena. Hit total bat izan liteke. Gainera, The Policeren aire bat dauka, erritmo zirikatzaile eta biziak direla eta.

“Itzalik gabeko hiritik gutuna” barnerakoia da eta akaso ukitu dramatiko bat ere dauka. Hitzak (baita musika ere) Josu Aranbarrirenak dira. 2024ean kantu zaharrekin osatutako LP bikoitz hartan hitz asko Kirmen Uribenak baziren ere, oraingoan bere letra bakarra dago, “Bertan urtuko da”, hain zuzen ere. Bai Txominek zein Josuk konposatu dituzte hitz gehienak. Adibidez, lehenak egin ditu “Kolorean Dzanga”-ren hitzak, eta bigarrenak “Itzalik gabeko hiritik gutuna”. Musika konposatzeko gaitasuna eta ahots ederrez gain, hitz ederrak egiteko gaitasuna dutela frogatu dute berriz ere. Bonus Track gisa,”Kolorean Dzanga” kantuaren bertsio instrumentala. Hau da, kantu horri ahotsa kendu eta soilik musika utzi dute. Emaitza benetan harrigarria da: dantzalekuetako hit bat dirudi, elegantea eta hunkigarria da. Harribitxi bat.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.