Zidazun
Discos / Toc

Zidazun

7 / 10
Mikel Izarra — 29-04-2021
Empresa — Egilea editore
Género — Rock

TOC mungiarrak estilo propioa garatzen jarraitzen dute lehen disko luze honetan. “Badau” lehen EPa 2019ko hoberenen artean sartu zen, haien laguna den Belakoko Josu Ximunek grabatua eta “K” bezalako abesti erraldoiekin. Manchesterreko ukitua duten ahotsak, gitarra zorrotzak eta base sendoarekin aurkeztu zuten, eta hori garatzen jarraitzen dute honetan ere, detailetan sakonduz eta bestelako estiloen ezaugarriz arriskatuz.

"Zidazun" lan zabal eta borobila da, diseinutik hasita produkzio garbi eta zaindura arte. Bertan, Xabier Bilbaok bere ahots bitxiari mami guztia ateratzen dio, talde konpaktu eta indartsuaren babespean. Erregistro zabala du abeslariak, aldika Julian Casablancasen erregistroetan inspiratuz, aldika ukaezina den euskal abeslarien eraginez. Gainera, euskalki bizkaitarraren hautu naturalak originaltasuna gehitzen die testuei, kriptikoago eta interesgarriago eginez. Horren erakusle da lanaren titulua (“Zidazun” aditz konmunstadura, institutuan “zenidan”era zuzendua) baina baita “Parkatu” korte epikoa, “Kaiolan lo” edo “Aurrez aurre”, zeinetan J Martinako abeslariek parte hartzen duten.

Batzuetan xuxurlatu eta bestetan ohiukatutako ahotsak, baxu sakonak eta azkenaldian eszenan hainbeste faltan botatzen diren gitarra boteretsu eta itsaskorrak. Urtzi Izak betiko moduan taldearen intentzioa asmatzen jakin izan du, eta baxu sakonak eta batería zabalak produkzio mailaren froga dira. Oso haundi eta epiko sartzen da belarrietan “Anegauta” singletik hasita eta disko bukaerara arte. “Postaleko irudi”, “Parkatu” edo “Bendejea” bezalako abesti itsaskor dezente ditu lanak, baina baita estilo berriak ikertzen dituztenak (“Xalbador” traperoa, gitarra oso bereziekin), ereserkiak (The Voidzen itxurako oktabadore soloak dituen “Mamu bakarra”) edo amorrua ateratzekoak (Fugazi eskolako “Menpe” posthardcorea kasu).

Esfortzu handia eskatzen duen arren, merezi du bai disko bat konposatu eta grabatzeak, eta bai horrelako bat etxean jarri eta berrogei minutuz entzuteak. Eskerrik asko, TOC.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.