Gorde genituen beldurrak
Discos / Sua

Gorde genituen beldurrak

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 26-01-2023
Empresa — Airaka
Género — Rock

Lehen akordeetatik «Epa» bat ateratzen badizu abesti batek, zerbait esan nahi du. Bada, gisa horretara hasi dut Sua taldearen “Gorde genituen beldurrak” diskoaren entzunaldia. Maruri-Jatabeko laukotearen diskoa noiz iritsiko zain pasa dut pandemia garaia hasi eta buka, orduan ezagutu nituelako, “Hormak apurtzea” eta “You don’t care” abestiak kaleratu zituztelako, eta niretzat eseritako kontzertu haietako lehendabizikoa zen hartan, zutik eta saltoka aritzeko gogoa sartu zitzaidalako barru-barruraino.

Geroz eta soinu landuagoa dute, Julen Gilbert Wrighten gitarraren soinuak indar handia du, zuzenean ez duena inondik inora galtzen. Eta Esteban Gabiria eta Janire Lopezen erritmikek gitarraren zera guzti hori areagotu baino ez dute egiten. Konposatzen lan handia egin dute, diskotik diskora aldea nabaria da heldutasuna, instrumentu bakoitzak bere tokia bikain betetzen du eta horri guztiari Ane Barrenetxearen ahotsaren zentralitatea gehitu behar zaio. Barrenetxea bezalako figura bat behar genuen, benetan diot Sua taldea behar genuen horietako bat dela, emakumeek oholtza hartu duten honetan hauek biek duten energia hori badelako zorioneko aldaketa honen adierazle nagusietako bat.

Diskoari errepasoa eginaz, energia leherketak nabarmenak dira batzuetan, besteetan kantu pausatuagoen alde egiten dute. Baina denetean daude hitz gordinak, beldur desberdinen bueltan sortu direnak, hortik beren doinuen iluntasuna ere. Izan ere, musika nahikoa iluna egiten dutela esan dezakegu. Hori bai, beldur horiei aurre egiten diete kantuekin, musikarekin zein hitzekin. Euskaraz zein ingelesez, horri ere eutsi diotelako bizkaitarrek.

Bigarren lana, askotan arriskutsuena dela esaten dena, maila oso onekoa da Suaren kasuan. Bi disko, hogeitik gora kanta, energia eta rocka. Diskoa lasai eta patxadaz entzuteko horietakoa ere baden arren, zuzenean askoz ere gehiago gozatzen dela esango nuke. Hiruzpalau aldiz ikusi ditut, egoera benetan desberdinetan, eta taldea ezagutzen duen bakoitza bereganatzen dute. Badute puntu hipnotiko bat, harrapatu egiten zaituzte. Orain, gainera, Kokein taldearekin batera ari dira disko berria aurkezten. Konbo perfektua. Ez galdu aukera.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.