Euren aurpegirik kementsuenarekin itzuli dira Sua taldekoak hirugarren disko honetan. Bizkaitarren rock argitsu baina erraietakoan ederki islatzen hori, bidaia emozional sakon eta borrokalaria eskainiz entzuleari.
"Sutea", "Loratzen" eta "Rollercoaster" singleak disko osoaren ordezkari bikainak dira. "Sutea" kantu borobilarekin laukotea iragazkirik gabe posizionatzen da Gazako genozidioaren aurrean. "Loratzen" kantuak iluntasun eta argiaren dualtasunaerekin jolasten du. Baina, "Rollercoaster" da, beharbada, diskoko abestirik hedagarriena. Izenburuak dioen bezala mendi errusiar emozionala da: energiaz betea, argitsua eta minutuek aurrera egin ahala geroz eta potentzia gehiago duena. Hori horrela izatearen errudunetako bat Cecilia Boström-en (The Baboon Show) kolaborazioa da. Bere presentziak ukitu izugarri freskoa eskaintzen dio kantuari, ederki fusionatzen dena taldearen soinuarekin.
Energia apur bat baretzen duten abestiak ere badaude, "Martxoa" kasu. Ederra. Alabaina, hauek ere rocketik ez dira aldentzen. Diskoan zehar gitarra dinamikoak, bateria irmoak eta soinu oinarri argitsua mantentzen da. Letrak dira horren kontrapuntua, tentsioa eta introspekziorako atmosfera gehituz lanari. Dualtasun hau diskoaren bereizgarri bikaina iruditu zait. Gainera, ekoizpen landua du, baina horrek ez die abestiei gordintasuna kentzen. Honela, kanturik trinkoenetan ere naturaltasuna ez da galtzen.
Diskoa izugarri aditiboa da. Kantu bakoitzak hurrengora bultzatzen zaitu: larritasuna dago, indarra… erraza da disko amaitzean berriz ere play sakatzea. Alta, soinuak duen sendotasuna bi ahoko arma bilakatu liteke. Kantu batzuetan monotonia sentsazioa sor daiteke eta horrek zenbait entzunaldiren ondoren, freskotasuna galarazi lekioke lanari.
Baina “ahulgune” hau ere, positiboa dela esango nuke, proposamen koherente eta ausarta dela frogatzen baitu. Laukoteak ideia ezberdinetan sakabanatu baino, nahiago izan du euren soinua atmosfera jakin batera doitu. Diskoak ez du eklektikoa izan nahi, narratiba emozional bat komunikatzea izan dute helburu eta hori ez da erraza. Euren hirugarren lana ukabilkada bat da mahai gainean, mezu zuzen eta energiaz betetako abesti sorta zintzo eta gozagarriak eskainiz.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.