Indarra dauka Bilboko Solte taldearen lan berriak. “Ixa”k Santutxu auzoko taldearen hamargarren urteurrenari egiten dio keinu, eta espero genuen moduan, ideiak oso garbi eta kaña barra-barra emateko itzuli dira. 9 abestiko lan berri hau duela 4 urteko 4 kantuko “Eroalea” lanaren jarraipena da, eta kolaborazioak ere ez dira falta: Leihotikan taldeko Gorka Armendarizek eta Gose-ko Ines Osinagak “Amets karratuak” eta “Zurrunbilo triangeluarra”-n, hurrenez hurren, abestu dute, eta Norte Apache-ko Dj Kanaky-k skratxak egin ditu “Auto-mute” aipagarrian. “Arratoiek katuak jan” kantako hitzak, aldiz, Oihana Bartra bertsolariarenak dira. Azkenik, diskoaren diseinua Unai Bergarak egin du, eta Kantuenea Ekintzak lantaldea arduratu da argazkiak ateratzeaz.
Dezibelio enbata honen atzean grina handia nabaritzen da, baita gauzak esateko gogoa eta botere sentsazioa ere. Dena den, lehenik argi esan nahi nuke ez dutela ezer berririk asmatu, eta orokorrean hartuta, nolabaiteko linealtasuna antzematen dudala CDan. Teknika eta ahala daukate, baina agian konposizio batzuei bereizgarritasun apur bat falta zaie. “Izan zaitez”ekin gogotsu hasten dira, dudarik gabe zuzenekoetan eskaini dezaketenaren trazuak markatuaz, baina ez da hau beraien kantarik onena. “Amets karratuak” ezberdin hasten da, erritmo astunagoa eta sonoritate freskoagoarekin. Metalera gerturatzen diren kantu horietakoa dugu, baina sorpresa bat-batean abiadura azkartzen denean dator, eta Leihotikan taldeko Gorka Armendarizek bere estilo melodikoan buelta ematen dio kantari. Erritmo metaleroa abiadura eta melodiarekin tartekatzen da abesti amaieraraino. %100ean asmatu dute kantu honetan. Diskoak puntuak irabazten jarraitzen du abesti motzenean ere: “Auto-mute”, Norte Apache-ko DJ Kanaky-ren skratxak, ahots guturalak, eta berriro ere abiadura aldaketa metaletik hard-corera: guzti hori 2 minutu baino gutxiagoan!
Hemendik aurrera, ordea, maila ona mantenduta ere, originaltasuna faltan sumatzen dut momentu batzuetan. “Eraldatutako mundua”n gitarra bariazio batzuk interesgarriak dira, “Prota” bizkorra eta indartsua da, errepika atseginekoa, “Kayapoen matxetea” ez dago gaizki… “Arratoiek katuak jan”en errepika interesgarria da oso. Izan ere, Oihana Bartra bertsolariari borobil geratu zaizkio hitzak:
“ALDAKETA BEHAR DU MUNDU ZANPATUAK
PREST DAUZKAGU TEKLATUAK
ORAIN BAIETZ ARRATOIEK JAN KATUAK
ARRATOIEK JAN KATUAK, JAN!”.
“Zurrunbilo triangeluarra” saiakera estimulagarria da, dudarik gabe, atmosfera ezberdinak bilatzen dituen heinean. Gainera, bloke modura diskoko gehienak baino askoz ere hobeto geratu zaie. Gose taldeko Ines Osinagak ahotsak sartu ditu, lehen planotik urrun egon den arren. Amaieran, “Zeini bai, zeini ez” abil eta bizkorrarekin, beraien jatorrizko estilora (hard-corera) itzultzearekin bat oso eroso sumatzen ditut, hasieratik bukaerara abestia benetako zartada baita. Diskoa amaitzeko modu ezin hobea. Horrek baikortasun handia ematen dit, izan ere bertute asko erakutsi baitituzte. Eta hasieran esandakora itzuliaz, bereizgarritasuna bilatu beharko luketela uste dut, hain zuzen ere hardcore-rock-metala egiten duten beste milaka taldetatik ezberdintzeko.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.