Hiri Zahar Zikina
DiscosSkabidean

Hiri Zahar Zikina

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 09-03-2022
Empresa — Egilea editore
Género — Reggae / Ska

“Hiri zahar zikina” deitzen den diskoa kaleratu berri dute eta beste pauso bat harago joan dira lan honekin Skabidean taldeakoak. The Pogues taldeari keinu bat egin diote diskoaren tituluan eta irekiera abestian, haien ‘Dirty Old Town’ kantuaren moldaketa instrumental dotorearekin hasi baitute diskoa, reggae estiloan.

‘Gure unea’ abestiak egingo dio ziurrenik taldearen izenari erreferentzia nabarmenena, Ska doinuetatik hauxe baita gertuen dagoen abestia. Segidan, dator, ordea, lehen sorpresa. R&B eta Funk doinuak sartu baitituzte ‘Indar berria’ kantuan. Lorena Aisa eta Idoia Tapiaren ahotsaren koloreak bikain baliatu dituzte, nahiz eta taldekide gehiagok ere jolas egin duen kantu honetan abestuz.

Pausatu eta Tasioren ahotsak gidatzen duen ‘Enarak’ rocksteady gozoak ematen dio jarraipena diskoari. Iñigoren saxoaren berotasuna, Antonioren bateria erritmo leunak eta Black Birdsen koruen sotiltasunak dotore janzten dute Tasioren melodia printzipala. Imanolen teklatuak ere tamaina justuan daude sartuta eta, beste behin, Iñigoren gitarrak darama konpasa. Doinu klasikoak maitasun abesti bat musikatzeko. Lau kantu eta lau estilo, beraz, diskoa hasteko.

Atzetik Jamaikara eramaten gaituzte zuzen-zuzenean ‘Geldiunea’ kantuarekin. Lorenaren ahotsak abestiari sakontasuna ematen dio, baina hemen Xabiren baxuak darama abestiaren pisua nabarmen. Metalen energia gehitzen dio guztiari Nikolas eta Julenen tronpeta eta tronboi indartsuekin.

Roots aipatzen da askotan musika estilo hauetan eta hauek ere jatorriari, tradizioari, heldu eta sekulako kantua osatu dute Sortetxeari kantuarekin. Akaso izango da jota asko gustatzen zaidan generoa delako, edota kaleko euskal dantzak asko gustatzen zaizkidalako, edota Xalbadorren hitzak beti barrua astintzen digutelako, baina guztiaren elkarketa borobila iruditu zait, momentu desberdinetarako baliagarria dena. Nostalgia, alaitasuna, festa, kaleko kultura eta gure tradizioa kantu berean batuta. Ekialdean zerbait mugitzen ari dela esan izan digute, bada begira, hau ere bada horren adierazle.

Kontua da, ordea, ez dela dena hor bukatzen. ‘Mailurik baneuka’ kantuaren sarrera, balada rockero klasikoa, kantaera horrekin, teklatu horiekin eta haizeen sekzioak dena biltzen duela. Hala ere, mantsoegia irudituta-edo, rocksteadyra biratzen duen abestia da, elkartasunari egindako ereserki bat. Benito Lertxundik hain kuttuna duen Pete Seeger folk abeslari amerikarraren doinuetatik abiatuta sortzen den kantua. Erreferentzia bitxia egingo zaio akaso baten bati, baina Antonio Iriartek astero erakusten du Global Musik saioan nondik eta norainoko bidaiak egiteko gai den, eta gainerako taldekideak ere antzera ibiliko dira ziur.

Festarako musika sortzen dute, eta festaren ondorioak presente izan dituzte ‘Ez dakit nola’ kantuan, igandeetako ajea izan baitute gogoan eta baita bezperan gertatutako uneak gogoratzeko saiakera era. Baina erreferentzia bat gehitu diote ‘Hiri zahar zikina’ delakoari, igandeetan herriak hilerri baitirudite askotan, ziur asko baita Iruñean ere.

Hala, diskoa beste kantari herrikoi baten abesti batekin ixten dute. Fermin Balentzia getzetarraren ‘Hilarria’ kantua moldatuz bukatzen baita Skabideanen lan luze berriena, berriz ere doinu jamaikarrak eta jota nahastuz. Bederatzi kantuko bidaia, Andoaingo Garate estudioan abiatu eta orain batera eta bestera zabalduko dutena.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.