Minetik idatzitako diskoa dela esan du Sergio Ruiz Gonzalez de Txabarri, Serge, artista zarauztarrak. Bakarkako bigarren albuma da "Leihotik mundura", oso-osorik 2020ko udaberriko itxialdian idatzitako lana.
Kartzelan sortutako istorioak edota pandemiak beren bizitza kartzela propio sentiarazi dieten agureen kontuak jasotzen ditu, besteak beste, diskoaren zortzi kantuetan. Folk musika abiapuntu hartuta, Gaztain estudioetan jantzi ditu kantuak Eñaut Gaztañagarekin. Kantu sakonak dira, barrura begira jarri eta besteekiko enpatia eskatzen dutenak.
Maleta prestatu zuen berak duela urte batzuk Arrasatera bizitzera joateko eta bertan sortu dira diskoko kantu guztiak. Bere belaunaldiko askok herritik ihes egin behar izan du, herritik bidaltzen dituzte nolabait ere. Herrimin hori ere presente izan du bere egunerokoan. Izan ere bi bideoklip egin ditu eta horietako batean, "Dena itzaliko bagenu" abestiareanen, zarauztar batentzat berezia den une batean dago oinarrituta, hondartzan eta gauean. Eraso taldean lagun duen Nestor Urdanpilletak egin ditu bi bideoklipak. Etxeko bideoak dira eta gertukotasunari keinu bat izan dira. "Gauero faroari begira geratzen naizenean" dio Gari Berasaluzek poesia batean eta hori da irudikatzen dena, Sergek kontatu duenez.
Baxua, bateria, gitarrak, programazioak… entzuten dira. Baina gitarrak bakarrik dira instrumentu organikoak, gainerakoa programazio eta sintetizadoreekin grabatuta dago. Mikel Albiztur izango da atmosfera hori zuzenera eramaten lagunduko diona. Estudioan, esan dugun bezala, Eñaut Gaztañaga izan da folk-pop ukituak dituen kantuak abargoandiara eraman dituena, zetazko hari finenarekin xehetasunez bordatu ditu kantuk.
Elkar diskoetxearekin atera du diskoa eta kasualitatez-edo sortu da lotura. Grabazioak egin eta gero, berez autoekoizpenerako bidea hartzera zihoala. Elkarrera deitzea bururatu zitzaion Serge-i, ezezkoa aurretik bazeukalako. Pare bate entzunaldi eman zizkioten lanari eta baiezkoa jaso zuen. Ordurako, gainera irratian aurrerapen kantua entzuten hasia zen.
Diskoaren azala alabak, Ingek egindakoa da, kolorez betetako hiri baten irudian oinarritua, eta atzeko azalerako ere Ingeren beste marrazki lanetatik ateratako koloreak erabili dituzte Nestor Urdanpilletak maketatutako lanerako. Kolorea alabak jarri die aitak zuri beltzez idatzitako kantuei eta hiri horretan ikusten diren leihoetatik sortzen da “Leihotik mundura” kontzeptua; musika garaikidearen kolekziora gehitu beharreko diskoa.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.