Burdin gozoa eta arrabioa
DiscosPhysis Versus Nomos

Burdin gozoa eta arrabioa

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 26-01-2026

Batzuetan tiradera batean abestiak gordeta ekartzeak etorkizuneko lan berriak sortzeko bide ematen du eta ez dago zalantzarik itxaronaldiak merezi izan duela Physis Versus Nomos taldearen kasuan. Su-txikian egositako lana izan da eta taldearen heldutasuna erakusten duen bilaketa-lan moduan ulertu daiteke. Batzuetan onaren zain egon behar izaten dugu.

‘Burdin gozoa eta arrabioa’ diskoan dauden kantu batzuk ezagunak genituen aurretik, izan ere 2013ko data duten abesti batzuen bertsio gaurkotuak ere entzun daitezke. ‘Ea goiz dan’ kantuarekin irekitzen da diskoa, soinu gordin eta lehor batetik abiatu eta indarra hartzen doan abestia da. Minor-maior jolas horretan alaitasun berezia darion pieza, bossanova mundura ere eramaten gaituena.

‘Eta aurrera goaz’ kantuan Amets Aranguren Arrietak (Ibil Bedi) hartzen du parte, tempo erdira doan rock klasikoago batean. Bateriako burdinazko platerek eta baxuak halako magia berezi bat dute abesti honetan, denborak behartuta ote goazen aurrera galdera burura etortzen zaigun bitartean.

Juan Kruz Igerabideren testu batetik abiatuta dator ‘Lotsak utzi beratzen’ kantu intimista. Gitarra klasikoa edo akustikoa den zalantza egiten dugu momenturen batean edo bestean, baina abestiak duen sakontasunaz gozatzeko aukerari ez diogu ihes egiten uzten. Bakoitzak bere mundura eraman dezakeen abesti horietakoa, bigarren ahots eder batek belarriak gozatzen dizkigun bitartean.

Gitarren nahasketak atentzioa ematen du lehen unetik ‘Madarikatu zure adarrak’ abestian, gitarrak baitira kantu honen protagonista. Bateria eta baxuak abestiari beharrezko oinarri hori ematen diete izatez David Bazanen abestia den honetan. Letrarekin ere halako eztabaidaren bat edo beste izan ostean, moldatuta dator beren jatorrizko coverretik honakoa.

‘Zu gabe III’ abestian isiltasunarekin bete dituzte hainbat pasarte eta gitarraren kolpeak ere entzun ditzakegu. Indar handia duen abestia da, introa ere oso berezia duena. Aurrera segiz, 60etarako bidaia egiten dugu Jone Laspiur Gorosabelek parte hartzen duen ‘Babes estaldura’ kantuarekin. Mandolinak eta saxofoiak kolore berezia ematen die ordea puntu batetik aurrera eta kantuak beste norabait eramaten gaitu une horretatik aurrera. Ez dira saxo pasarte esanguratsu gehiegi disko honetan, baina honek merezi du azpimarra. Kantuak etsipen puntu bat ere erakusten du, edozein sortzaile xumeren buruan sortu daitezkeen kezkak plazaratuz.

Kantu nahikoa jazzeroa dela esan daiteke ‘Etorkizunerako mezuak’ pieza, batez ere bateriako soinu sotilak, plateren kanpaiak edota kutxaren uztaiak jotzean ematen duen koloreagatik. Leherketa bat ere badu bere baitan eta une horretan Lete edota Valverde etortzen zaizkigu burura, haiek ere garatu baitzuten kantautore unibertso propio bat. Eta ez da harritzekoa bide horretara joatea, hitzek ere gizartean ditugun arauei nolabaiteko kritika egiten dielako.

‘Lalala’ urte luzez ondutako istorio bat dela esan dezakegu, alaitasunez kontatua eta Paxkal Irigoyen Etxeberri eta Kattalin Ezkerra Sobrinoren kolaborazioekin. Bukatzeko, ordea, intimitatean bukatu nahi izan dute lana donositarrek, ‘Dena ezin da konpondu’ abestiarekin. Borrokaren nekearen aurrean etsipenik ez dagoenaren mezua luzatzen digute.

Ez da kasualitatea urteko lan onenen artean kokatu izana Beñat Antxustegi Goikoetxeak, Unai Pelayo Perezek, Xalbador Ramirez Cruzek eta Eneko Sierra Latailladek egindako hau. Esanda bezala, itxaronaldiak merezi izan du.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.