Hotzikarak
Discos / Petti

Hotzikarak

8 / 10
Urko Ansa — 27-04-2016
Empresa — Elkar
Género — Rock

Rock elektrikora itzuli da Petti, eta hasieratik txunditzen duen diskoa osatu du, bere ibilbideko lanik onena den honetan. Folka, bluesa, gospela, hard rocka, balada bat… Guztia ondo orekatutako lan baten zerbitzura. “Etxeko uzta” Pettiren hirugarren diskoaren izena izan zen. Lan hartan zeuden bi musikari, Joseba Irazoki handia gitarran eta Iñigo Telletxea (Anje Duhalde, Borrokan… e.a.) baxuan, honetarako berreskuratu ditu eta taldeari izen bera eman dio. Bi hauei Iñigoren anaia, Igor, atabaletan, gehitu zaie laukote klasikoa osatzeko. Konbinazioa zuzenekoetan lehergarria izan daiteke.

“Bi bide”, “Ez barkatzen” hard rock basatia eta “Sekula ez erortzea”, besteak beste, botere berri horren adierazleak dira. “Bi bide” Gu Ta Gutarraken bertsioa da, estiloa guztiz aldatu duten arren, rock bortitzaren lurraldean sartuaz. Rock bortitzarekin jarraituz, “Ez barkatzen” diskoko gogorrena eta mardulena dugu. Ez dakit nola arraio lortu duen Josebak gitarra soinu potolo eta era berean zikin hori, baina kutsakorra da, haize bolada zital baten moduan. Dena utzi eta oholtza gainetik salto egiteko gogoa ematen du. “Sekula ez erortzea” ildo beretik doa, sendotasun eta gihartsua den heinean. Hemen musikari ezberdinak erabili ditu, rock gogorrean adituak gainera. Nortzuk diren? Joseba B.Lenoir berbera gitarran eta Willis Drumondeko Felix Buff atabaletan eta Xan Bidegain baxuan. Pentsa! Uste dut badakizuela zer daukazuen zain. Horretaz gain, oraingoan erritmo frenetikoan pasatzen den urakanaren moduko kanta da. 3 minutu pasatxo eta kito. Harrapazak! Hiru harribitxi hauekin Hard-Rockaren trilogia aparta osatzen dute, nahiz eta hirurak sakabanaturik dauden. Baina askoz ere gehiago dago.

Diskoaren hasieran, “Argiak errepidean” abestian hain zuzen, Joseba Irazokiren riffa itsaskorra eta itzela da.“Ni naiz” intentsuan aldiz, soinu aski interesgarria lortzen du. Joseba berriz ere protagonista dugu, doinu delikatu zein distortsionatuak konbinatzeko gaitasun berezi hori dela eta. Ahotsa, nahita ziurrenik, bigarren planoan nabari geratzen da oraingoan, eta Telletxea anaiek osatutako erritmo basea sinple baina zehatz antzematen da. Denen artean sortutako feelinga azpimarratzekoa da eta zuzenekoetan luzatzeko moduko garapen instrumental zirraragarria dauka. Aparta.

Lanari izena ematen dion “Hotzikarak” kanta banjoaz interpretatutako folk akustikoa da. Berriz ere, gutxienez sorpresa atsegina. Pianoarekin hasten da “Azken aetzaren balada” zirraragarria. Pettiren ahotsa sakoneraino heltzen da bertan, beste behin ere. Blues iluna, sarkorra eta ia zinematografikoa da “Puskatu egin nintzen”. Geldoa eta itzaltsua, deabruak bezala, presarik ez dauka gure arima harrapatzeko. Pettik nota mantentzen du, edozein momentutan lehertuko dela dirudi… gurekin jolasten ari al da? Bai antza, hurrengoa “Beti aitzinera” gospel baziloia baita. Badu zer edo zer engantxatzen duena kanta honek ere.

Azken agurra “Amaiera” aproposaren eskutik dator. Amerikar sustrai musika batetik, atmosfera iluna eta gitarra efektu iradokitzaileak bestetik, jarraian Estitxu Pinatxoren ahotsa eta ondoren Pettirenarekin lehertzeko. Disko oso gomendagarria, hasieratik bukaerara edo kantak bakoitzaren gustura entzuteko modukoa. Soinu benetan boteretsuak (Víctor Sánchez hau fenomeno bat da) eta abesti bilduma ia perfektuak, Beratarraren grabaziorik onenean bihurtzen dute.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.