Zura
DiscosOlaia Inziarte

Zura

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 30-01-2026
Empresa — Autoekoizpena
Género — Pop

Espero gabeko hiru kantu etorri ziren urte bukaeran Olaia Inziarteren eskutik, ‘Zura’ deituriko EP batean. ‘Zerrautsa’ izeneko diskoa kaleratu zuen urte hasieran eta nolabait ere haren lehengai edota haren jatorri moduan uler zitekeen diskoaren izenburua.

Hizki txikiz idatzia eta soinu erabat organikoan datorren lana. Zerrautsa zuretik sortzen denez eta zura menditik, basoen bueltan sortu daitekeen folk doinuetan datoz hirutik bi kantu. Interpretazio hori ere egiten dugu. Gitarra akustiko, mandolina, biolina eta koroak nagusitzen dira eta, esanda bezala, elementu digitalik ez dugu topatu lehen kolpean.

‘egiegia’ kantua da diskoa zabaltzen duena eta «Garai makurrak gazteendako, zer dugu kantatuko?» galdera eginaz abiatzen dira hitzak, gainera. Zerrauts bihurtzeko lehen pausua hori ere izan daiteke, hau da, ingurua nolakoa den bat txikitu aurretik. Koral moduan entzuten da esaldi hori eta segidan datoz gitarra akustikoa eta Olaiaren ahotsa. Ez da gehiegi aldentzen azken hilabeteetan jorratu duen bidetik abestia eta, bi minutu eta erdi pasatzen direnean jabetzen gara auto-tunea ere sartu duela ahotsean. Ez da harritzeko lehen kolpean ez entzun izana, koroak atentzioa bereganatzen duelako eta tartean elementu berriak ere agertzen direlako sinte eta gitarra artean. Sotilki handitzen doan abestia.

Bigarren tokian dator ‘bildotsa’ abestia. Gitarra arpegio folk bat eta sinte koltxoi txiki bat ditu abiapuntu, tentsio txiki bat sortuz bigarren honek. Izan ere gitarra polit eta goxoa dela esan dezakegu, baina geroko progresioa aurrekoaren bidetik doa, Ruper Ordorikaren mundura gerturatzen gaituela ere esan dezakegu aldaketa horretatik aurrera, zergatik ez. Ez da kasualitatea, beraz, «aditu dut ‘Haizea garizumakoa’ akaso berrogeita bostgarren aldiz» esatea berak ere. Sokak agertzen dira kantuak aurrera egiten duen heinean eta baita korala ere. Hau guztia antzokietan eman zituen kontzertuen kontestuan erabat ulertzen da, jakina.

Ixteko, ‘rita’ kantua. Bossanova klasiko batean bukatzen da kantua eta Inziarte ahotsarekin bikain egokitzen dela ohartzen gara lehen unetik. Pianoaren eta gitarra solistaren arteko kantu-kontrakantu jolasa dotore dago eginda, mimoz, oinarri erritmikoak bere lana bikain egiten duen denboran. Maiorretik minorrera ere pasatzen da egituran hirugarren partea litzatekeen horretan, bira dotorea emanaz kantuari. Beste emakumeren baten ahotsa entzuten da eta gizonezkoren batena ere bai, beraz, taldekideak abesten jarri dituela ulertzen dugu, kredituetan ez dugulako beste izenik topatu.

Hiru abesti aurreko hamalauei batuta lan potolo bat osatzeko. Zerrautsa ez baita zurik gabe sortzen.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.