Lehengo lepotikan burua
Discos / Olaia Inziarte

Lehengo lepotikan burua

8 / 10
Iker Gurrutxaga — 26-01-2023
Empresa — Egilea editore
Género — Pop

Zerbaiten esperoan egotea artista baten lehen diskoa denean, akatsa dela uste dut, baina akats hori behin eta berriz egiten dugu, “Lehengo lepotikan burua” guk ere. Olaia Inziarteren debuteko diskoa askok esperotako lana izango zen, batez ere, bazeramalako denbora luze bat kantu solteak aurkeztuz eta Natali, Pleura, Iker Lauroba eta beste urtaroak, Chica Sobresalto edota Joseba Tapiaren proiektuetan ere ikusi dugulako instrumentu eta ahotsekin. Lehengaia bazuela bagenekien, eta, horregatik da akatsa zerbait espero izatea. Hobea delako ezerren zain ez egotea.

Nik, egiari zor, soularen abangoardiako zerbait espero nuela aitortu beharra daukat. Bere kantatzeko moduak eta ikusi izan dizkiodan erreferentziek bide horretan kokatzera eraman nautelako Oronozko artista. Eta, hein batean, hortik ere badu Olaiaren musikak, soulak sustraietara, erroetara, eramaten gaituelako eta hortik ere edaten duelako.

Baina, diskoa eklektikoa da. Badu rocka, badu kantautore musika, sustraietako musika, popa, soula, elektronika eta urbanotik ere edaten du. Konplexurik gabe nahastu ditu instrumentu organiko eta elektronikoak. Belaunaldi desberdinak batu hautatutako kolaborazioekin, bakoitzarekin haien mundura bidaiatuz. Eta naturala da, ez ahaztu, Olaia Inziarteren debuteko diskoa dela “Lehengo lepotikan burua”.

Abestiak egiten dakiela erakutsi du argi eta garbi. Armonia eta melodiarako duen gaitasuna aparta dela eta bere ahotsak toki berezi batetara eramaten duela egiten duen guztia. Horren aurrean beldur gehien zuzenekorako genuen askok, erabiltzen dituen elementu denak uztartzea ez delako erreza eta diskoko ekletikotasunari zentzua ematea oso zaila delako. Bada, lortu du, eta nola gainera.

Bere burua musikari onez inguratzen jakin du, elkarrekin lana egin dutela nabaria da, eta ez du inor epel utziko zuzenan entzuten duen inor. Tira, diskoak inor epel utzi badu. Bejondeiola Inziarteri, lehen pauso garrantzitsua eman duelako eta lehen mugarri dotorea utzi duelako denon gozagarri. Askoren lehenengoa izan dadila.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.