Freskotasunez eta barrurako begirada jarrita dator bueltan Odolaren Mintzoa talde usurbildarra “Hauskor” lanarekin. Urte batzuk pasa dira aurreko diskoa kaleratu zutenetik eta pandemiak ere izan du eraginik haiengan, taldearen etorkizuna kolokan jartzeraino. Baina, horren ordez, goranzko bidea hartu dute eta lan interesgarria kaleratu.
Zortzi abestiz osatutako diskoa da “Hauskor”, etxe giroan, Garate estudioan, Kaki Arkarazoren gidaritzapean grabatua. Zortzitik zazpi kantu berriak dira, eta bat, disko eta disko artean kaleratu zuten “Dos pueblos una voz” deiturikoa da, hauskortasunaren kontzeptutik kanpo geratzen dena, horrela esan badaiteke behintzat. izan ere, bertan kontatzen den istorio gordinak Fernando Morroni eta Roberto Facal euskal errefuxiatuen defentsan ari zirenean Uruguaiko poliziak nola hil zituen kontatzen du. Aurten 28 urte beteko dituen gertaera, eta Euskal Herrian askorentzat ezezaguna dena.
Gainerakoan barrura begira idatzitako letrak landu ditu Luken Arkarazok, bera baita kantuen hitzen egilea. Itxurakeriaz, gazteek lan munduan bizi duten prekarietateaz, gizontasun eredu berriez, laguntasunaz, hanka-sartzeen onarpenaz edota iritsiko ez diren baina iristea nahi genukeen azken aukerez hitz egiten du kantuetan.
Abestiek oinarri erritmiko sendoa dute, koral dezente eta gitarra indartsuekin apaintzen dituzte. Rock melodikoa landu dutela esan dezakegu, nahiz eta punk-rockaren edota poparen zantzuak gordetzen dituen diskoak. Kanturen batean Simple Plan edota Good Charlotte bezalako taldeen doinuak etorri daitezke burura, nahiz eta Arkarazok esan berak azkenaldian Izal bezalako taldeak entzun dituela eta arima poperoa duela.
Hainbat kolaboratzaile izan dituzte eta bakoitzak bere ukitu berezia eman dio, ‘Burua tente’ abestian Neona eta La Regadera taldeetan dabilen Ixak Arrutik lagundu die gitarrarekin, “Azkenak’” laguntasunari egindako ereserkian Kaki Arkarazoren gitarra eta Elene Alustiza eta Natali Izagirreren ahotsak entzun daitezke, eta, ‘Azken hondartza’ kantuan, Sergek hartu du parte. Kantu bereziena inondik ere, erritmo aldetik ezohikoa delako eta gitarren ekoizpena mimo handiz egina duelako.
Fresko sartzen den diskoa, entzuteko erraza eta sakonean entzun nahi duenak xehetasun asko topatuko dituena; Odolaren Mintzoaren esentzia haizeberrituta dator ‘Hauskor’ lanarekin.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.