Saran kokatutako boskoteak, Sorotan Babies taldearen errautsetatik sortutako proiektu sendoak, "Nola mozorrotua zara?" EParekin euskal post-rock eszenari kolpe sendoa eman dio. Noise rockaren eta post-hardcorearen bidegurutzean, Noiz-ek gure gizartearen itxurakeria eta barne-itzalak aletzen ditu grabazio analogiko eta gordin baten bidez. Kantu bakoitza ispilu bat da, non gizakiak bere burua deskubritzen duen, gizarteak inposatutako geruzak banan-banan erortzen diren bitartean. Noizek disko bat baino, erradiografia bat egin du. “Nola mozorrotua zara?” ez da entzunaldi bakarreko diskoa; geruzaz geruza, mozorroz mozorro, barneratu beharreko ekaitz bat da.
Ez da ohikoa gaur egungo berehalakotasunean hitzen pisuak eta musikaren garapenak hain eskutik joatea. Noizek, ordea, 2024ko abenduan Atala estudioan grabatutako lan honen bidez, denbora gelditzea lortu du. Grabazioa eta nahasketa erabat analogikoak izan dira, Iñigo Irazoki Martikorenaren eskutik, eta horrek ematen dio lanari duen ehundura organiko, zikin eta aldi berean dotorea. Soinu analogiko horrek, gainera, egiazkotasun-karga bat gehitzen dio proiektuari, gure inguruko mundu digital eta itxurazkoaren aurrean erresistentzia ariketa bat balitz bezala.
Taldeak badu eskarmentua bizkarrean. Lapurdi eta Nafarroako kidez osatua, 2009an sortutako Sorotan Babies taldearen jarraipen naturala da Noiz, baina eboluzio sakon baten ostean. Proiektuaren musika ilun eta zaratatsua ontzen jarraitzeko, aldaketa nabarmena izan dute oinarri erritmikoan: Iñaki Iriarteren lekua Ibai Zubeldiak (Fusible) hartu du baterian, boskotea egonkortuz. Zubeldiaren kolpeak, Iñigo Irazoki Martikorenaren baxu sendoarekin batera, horma erritmiko zeharkatzezina eraikitzen du Liam Barrenetxe eta Xan Urbistondoren gitarrek eta Xabi Bizkairen ahots sakonak beren bidea egin dezaten.
EP-a bidaia bat da atmosferikotik gordinera. “Goiza eta gaua” kantuak ezartzen du bide-orria, non itsasertzeko plastikozko poltsen eta “arrain itoen” iruditeriak gure paisaiaren degradazioa marrazten duen. Hasiera honek garbi uzte du diskoko "mozorroa" ez dela soilik pertsonala, ekologikoa eta kolektiboa ere badela. Noise rockaren zikinak itsaso laño hori blaitzen duela dirudi. Hortik aurrera, fokua barrura mugitzen da: “Inguma” eta “Neoi izpiak” kantuetan, post-hardcorearen oihartzunak agertzen dira ahotsaren intentsitatean eta gitarra disonanteetan, barne-hormak suntsitu nahi dituen delirio kliniko horretan. Hondoa “Leizean” kantuarekin jotzen dugu. Jaitsiera fisiko eta psikologikoa da: hezedura, hotza eta “amari deika” amaitzen den izu existentziala. Biluzte prozesu honen unerik gordinena da, non gizakia bere bertsio zaurgarrieneraino jaisten den, artifiziorik gabe. Infinituaren aurrean gizakia hutsaren pare geratzen deneko sentsazio hori ezin hobeto transmititzen du base erritmiko zaratatsuak.
Lanari amaiera emateko, “Ihauteri” pieza magistrala dator, Jo Olaskoagak azalerako diseinatutako estetikarekin bat egiten duena. Noizek kontraste krudela egiten du haurren inozentziaren eta helduen komedia patetikoaren artean. “Mokordoz mozorrotutako” pertsonaiaren irudiak gure gizarte-harremanen bortizkeria eta itxurakeria islatzen ditu. Hemen ixten da zirkulua: “Ihauteri” ez da jai bat, gure eguneroko antzerkiaren ispilu gupidagabea baizik. Galdera airean geratzen da, oihartzun gisa: “Nola mozorrotua zara?”.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.