Etxea
DiscosNhil

Etxea

8 / 10
Jaione Dagdrømmer — 17-09-2025
Empresa — Autoekoizpena
Género — Pop

Diskoaren izenak dioen bezala, Nhil taldearen berria babesleku bat da, erritmoz janzten den etxea da, eta bertan partekatzen diren istanteak kantu bilakatu dituzte. Tarragonako La Cara Murada estudioan zuzenean grabatua izan da, eta nabaritzen da sortu duten pop soul sofistikatuari darion egiazkotasun, hurbiltasun eta epeltasunagatik.

"Hemen berriz" kantuak irekiera ederra ematen dio. Etxeko sarrera igarotzearen parekoa da; berehala ohartzen zara leku intimo batera iritsi zarela, non Sara Alonsoren ahotsa bizilagun bilakatzen den. "Argialdia" kantuak dirdira ahularekin argitzen ditu txokoak, goizeko eguzkia errezeletatik sartzen denean bezala, saxoak eta tronboiak airea laztantzen duten bitartean. "Ezer zor nahi" harribitxia da, egunerokotasunaren erritmoan taupaka egiten duen kantu ederra.

Diskoa dotorezia eta sentsualitatearen artean mugitzen da, energia modu neurritsuan askatuz. "Desio bat" da horren adibide. Laztan luze bat bezala sentitzen da. Itxierako abestiak ere merezi du aipamena. Etxe bateko leihoak irekitzearen pare sentitzen da "Galtzen dugun arte", agur bat baino, gero arte bat. Izan ere, disko hau behin eta berriz itzultzen garen leku horietako bat da.

Nhil-en musika berria konplizitatetik, zaurgarritasun partekatutik, artisautzatik… sortu dela begi-bistakoa da, ñabardura bakoitzean igartzen da hori, entzuteko pazientzia baduzu, bederen. Disko honetan ez dago artifiziorik, egia besterik ez; ez dago distantziarik, hurbiltasuna dago. Seikotearen lanak hasiera batean dirudiena baino sakontasun gehiago du; ez da entzuteko atsegina den disko soila, sentitu egin behar da, besarkada baten moduan. Gogorarazten digu arimak ere behar duela bizitzeko etxe bat.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.