«Naizroxa eta Vice Presidentes taldeen sasikumea hemen dago jada!» esaldiarekin aurkeztu ziguten duela denbora gutxi NaizPresidente talde berria. Matxet ahotsean eta efektuetan, Kanda gitarran eta ahotsean eta Iban baterian musika sortzen ari direnak, guztiak ere Jota soinu-teknikariaren begiradapean lanean. Lezoti estudioan izan ziren grabatzen eta urriaren 12an kaleratu zuten diskoa. Ez da kasualitatea data horretan izatea, memoria historikotik dezente edaten baitu Oarsoaldeko taldeak.
Kantu zuzen eta bortitz batekin abiatzen da diskoa, ‘Presidente izan nahi dut’ abestiarekin. Bizitza errealean Monopolyan jokatzen ibiltzen direnei zuzendutako abestia. Afinazio apalean eta horrek ematen dio pisu abestiaren osotasunari. Stoner azkar moduko ‘Ni naiz Moises’ kantuarekin jarraitzen du diskoak, memoria historikoz betetako abestia. Baxu zikina eta gitarra eta bateria elkarrekin jolasean. Kulturaren beldurra edota beldurraren kultura, zer gailentzen den galdetzera eramaten gaitu, nahiz eta ziur-asko biak elkarri lotuak egon.
Single moduan etorri zen ‘Emaidazu Orfidal’ kantuarekin gizartea lo dagoela salatzen dute. Inmobilismoa postal perfektuen aurrean, errealitate faltsu baten aurrean. Tempo erdian hasten den kantuak gero Euskal Herrian hardcore bezala ezagutu dugun horretara eramaten gaitu, sinteak eta agertzen diren abestian.
‘Gymbro’ edota ‘Crossfighter’ deitzen ditugun horiei zuzendutako kantua da, berriz, ‘Ke bonba bat’. Kritika zuzena matxismo berriari pisu handia duen abesti batean. Berriz ere abiadurak gora egiten du, berriz, ‘Extremeños terror’ abestian. Izenburua bitxia da, «extreme noise terror» baita abiapuntu, baina txantxetan hasitako kontu horri Urduñan Frankismo garaian izandako gertaera historiko bati errepasoa emateko baliatu dute.
Casiotone soinuak entzuten ditugu ‘Lanian, lanian’ abestian. Pepe Mugicaren hitz batzuk txertatu dituzte hor. Mezua argia, norberak egin dezala bere irakurketa. ‘Zenbakiak baino ez’ abesti horrekin lotuta dago, langile klasekoak sistemarentzat edota boteredunentzat zenbaki hutsak garela salatzen baitute. Berezia den 8-bit soinutik gitarrara pasatzen gara eta halako gauza berezi bat egiten dut bi ahotsen efektuarekin eta oihartzunarekin. Stonerretik edaten du kantuak baina erditik aurrera soinua loditu egiten da berriz ere.
‘Ez gaituzte maite’ kantuan berriz ere hardcorera pasatzen gara eta Euskal Herriaren independentzia, agenda 2030a edota enpresen inguruan hainbat gogoeta mahai gainean jarriz. Eta, bukatzeko, ‘Lapurrak’, kanturik bortitzena diskoan, Espainiako ustelkeria kasuen errepaso luze bat egiten duena kasik Erdi Arotik hasi eta gaur arte.
Diskoa CDan eskuratu daiteke, Cosmic Tentacles estudiokoek egindako diseinu potente batekin. Deigarria, gutxienez, bada. Ea zer nolako bidea egiten duen NaizPresidente taldeak.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.