Itxaronaldi luzexka izan da guztiontzat Juantxo Arakama a.k.a. Monsieur Lecrêpe rap abeslari eta barra idazleak M.L.C. abestia atera zuenetik ‘Venta Aundi’ debuteko EP-a kaleratu duen artekoa. Baina merezi izan du, ezbairik gabe. Ypsen beatmaker aragoiarrarekin aritu da Huescako Lacasia de la música estudioan eta Iker Pando eta Sergio Lacasia izan ditu ondoan Ypsenek sortuak dotoretzen. Mezuz betetako lana da ‘Venta Aundi’, binilo formatuan datorrena, B aldean M.L.C. sartuta. Lerro hauetan zaila da kontatzeko, baina urteko disko onenetako baten aurrean gaude.
Muxker Jauna entzun dezakegu ‘Intro Mxkr’ kantuan ahotsean, besteak beste, Autobus Magikoa taldetik ezagun izango dena askorentzat. «Munduko adlib onenak» dio Arakamak bere diskoaren aurkezpen orrian, oiartzuarrak diskoan egin duen ekarpenari buruz.
‘Handsome Izzy’ abestiarekin zabaltzen da hip-hoparen unibertsoa zuzen-zuzenean. «He’s got a champion sound» esaten digu lehendabiziko barretan, eta horixe da sentsazioa. Erreakzio kamera bat jarriko bagenio abestia entzuten duen orori, antzerako zerbait ikusiko genukeen. Begiak platerak bailiran zabal-zabal eginda lehen hiru segunduetan eta burua astinduz hortik eta bukaeraraino, gora eta behera. Saxoa, gitarrak, baxuaren eta perkusioaren soinua, teklatuak… dena fin-fin lotuta La Quiacan hil zuten Isidro Larrañaga boxeolariari eskainitako abestian. Historiaren zein aldetan zegoen kontatzen du kantua aurkezterakoan Monsieur Lecrêpek eta ekarpen ederra egin du kantu honetan. Hortik abiatuta Donostian politikariek kapitalismoa besarkatuz sortu dituzten hainbat konturi ere errepasoa ematen die. Aipatu Enarak ere koroetan kolore ederra eman diola abestiari.
Eszenari kritika oso sakona egiten dio barraz-barra ‘Caffe Latte’ kantuan tolosarrak. Keinu bat hasieran Unidad Alavesa taldeari, haien ‘Oh Cryer’ abestia hartu eta sampleatu baitute sarreran. Hori entzun orduko, tiroak nondik joango diren ulertzen du edonork. Hala, bala zorrotzenak batera eta bestera jaurtiz oso kantu dinamikoa osatu dute Ypsen eta biek. Pandoren gitarrak eta aragoiarraren baxuak jostari eta hutsaren gainean barrak botatzeko moduarekin kantua borobiltzen du arakamak. Perkusioan egindako lan fina ere goraipatzekoa, organikotasun handia baitu disko guztian. Scratchak, berriz, Umamiren semeak eginikoak izan dira.
Bi Skit ere topatzen ditugu disko labur honetan. Beno, disko laburra, ‘Venta Aundi’ izatez lau kantu, bi skit eta intro batek osatzen dutelako, nahiz eta B alde bat baduen 12 hazbeteko biniloak. Baina hori aurrerago kontatuko dizuegu. Izan ere Du.Midik egindako bi Skit daude, txopeo asko eta lo-fia protagonista dutenak. Audio sorta itzela eta bakoitzaren atzean istorio desberdinak topa daitezke. ‘Skit Yeste’ deitu dute bata eta ‘Skit Strike’ bestea.
Diskoari izenburua ematen dion ‘Venta Aundi’ kantuan ere badago halako ahots-mezu bat. Toki ikoniko batez ari da Venta Aundi aipatzean, garaian Txabi Etxebarrieta bertan hil baitzuen Guardia Zibilak kontrol batean izan zen tiroketan. Baina ez dio horri erreferentziarik egiten, ez baita horren inguruan ari kantua. Nahikoa kantu autodestruktiboa hitzetan eta musikan badu lo-fitik honek ere. Pianoak duen malenkoniak eta kantuaren oihartzunak Eminem bezalako izen potoloak ekartzen dizkigu askori burura, nahiz eta jakitun izan halakoei begira gehiegi ez zela ibiliko Arakama. Gitarra geruza ugari, kajaren delayak sortzen duen efektua eta aldaketa itzela abestiaren bigarren zatian.
‘L1’ izenburua darama A aldeko azkenak. EPa ixten duen kantuaren tituluan berriz ere hitz-jokoa. Aldiriko trenaren kartelaren eta hizkuntza bati edo elebakarrei ere egiten baitie erreferentzia. «Make Euskadi Great Again» bezalako barrak jaurtiz, klase politikoak gure kulturan eta hizkuntzan duen eraginaz eta sortzen ari diren kalteaz gogoeta saio ederra egiten du. Ukitu arabiarra ematen dieten ahotsak sarreran eta geruzak gehituz eta gehituz doan kantua. Iluntasuna du, grabe indartsuak, baina errepikan sekulako ahots festa eta sinte interesgarriak. Beatean ere Monsieur Lecrêpek hainbeste maite duen reggaeton erritmora ere pasatzen da une batez kantua.
Izatez hemen bukatu beharko genuke errepasoa. Baina ez, B aldean ‘M.L.C.’ abestia sartu duelako. 2024ko urtarrilaren 16an plazaratu zuen abestia eta zeresan ugari eman zuen. Ia zortzi minutu eta alferrik erabili gabeko esaldirik ez duen kantua. Garaian Residente beraren jarioa zuela aipatu genuen batzuk eta besteek eta Dr. Dre handiaren ‘The Next Episode’ ere ekarri zigun burura sarrerako pianoarekin. Aurkezpen eskutitz dotorea, hip-hop klasikotik hasita gitarrei espazioa utziz eta dub unibertsoan sartu-irtena eginaz. Bada, biniloaren B aldea honek eta bere a cappella bertsioak osatzen dute.
Lerro hauetan sentsazioa azaltzea zaila da eta musikari egin diogu batez ere errepasoa. Izan ere hitzen munduan sartuko bagina, ez genukeen berehalakoan bukatuko. Urteko diskoen goiko aldean beharko luke honek ezbairik gabe. Entzun, ez galdu horretarako aukera.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.